'Amerikanuak' dokumentala zine-aretoetara helduko da astegoienean
2010-11-15 14:49 BarriakDatorren barikuan, hilaren 19an, Amerikanuak dokumentala estreinauko da. Bilboko Multi eta Donostiako Trueba zine-aretoetan jarriko da, eta baita Madril eta Bartzekonako zine batzuetan be.
Datorren barikuan, hilaren 19an, Amerikanuak dokumentala estreinauko da. Bilboko Multi eta Donostiako Trueba zine-aretoetan jarriko da, eta baita Madril eta Bartzekonako zine batzuetan be. Baliabide urriakaz eginda, ez jake izan bape erraza kartelerara heltzea, egileek esan daben legez.
Zailatasunak zailtasun, azkenean estreinaldia dator eta merezidu dau lehen bait lehen film hori ikustera joatea, produkzino handiagoek lekua kendu baino lehen.
Nacho Reigek eta Gorka Bilbaok sortua, euskerazko pelikula hau Nevadako Elko herrian filmau eben igaz, baina egitasmoa askoz lehenago jarri eben martxan. Estadu Batuetako aitatutako hango eremu galduan euskal komunidade txiki bat geratzen da. Gizon gehienak artzain izandakoak dira. Eta egunero herriko taberna batean batzen dira, euskeraz berba egin eta musean jokatzen dabe. Mundu txiki hori islatzen dau Amerikanuak dokumentalak, desagertzear dagoan mundu berezi bat. 'Hara heldu eta berehala konturatu ginan mikromundu hori amaitzear dagoala. Elko ez da Boise. Ez dago euskaldunen belaunaldi barririk. Edadeko jentea da, eta batzuk hiltzen doaz. Horregaitik, euren bizitza eta sentimenduak islatu behar genduzala erabagi genduan; lekulotza jasoteko', azaldu dau Nacho Reigek.
Elkoko errealidadea ezagutu eta berehala, Teruelen jaiotako zinegile horrek historia ha kontau nahi ebala erabagi eban. Berehala sartu eban proiektuan bere laguna dan Gorka Bilbao argazki-zuzendari gernikarra. Bilbaoren aitite Ameriketara lan bila joan ziran gizonen artean egon zan eta horri buruz hainbat istorio entzunda eukazan etxean. 'Ameriketara joan ziran euskal artzainen gaia jorratzen eben dokumentalak baegozan. Beste ikuspuntu bat bilatu behar genduan, zeozer desbardina egin nahi gendualako. Hasi ginan, baina pentsauezina begitantzen jakun zelako bide luze eta gogorra geunkan oraindino aurretik', kontau deusku Nacho Reigek. Bestelako dokumentala izateko, besteak beste, off ahotsa ebitau eta protagonistek eguneroko bizitza tonu intimoan kontetea izan eben helburu.
Joan etorri eta lan asko egin ostean, eta Berde Produkzinoak-en babesa lortu eta gero, joan dan urtarrilean abiatu ziran Nevadara. Bost aste emon zituan bertan taldeak. Lehenengo asteak Elkoko jentea ezagutzen eta euren konfiantzea lortzen pasau eben, pasajeak filmeteagaz batera. Behin barrukotasuna lortuta, kamara aurrean ipini zituen protagonista izango ziran euskal-amerikarrak. Horregaz lortu eben dokumentalean nabariak diran sinisgarritasuna eta naturaltasuna. 'Harrigarria izan zan zelan, berehala, bat egin genduan eurekaz. Hasieratik, koadrilakoak bagina legez hartu gintuen', aitatu dau zuzendariak.
Protagonista horreek orain 50 urte Euskal Herria itxi eta Ameriketara joan ziran, etorkizun oparo baten bila. Oso baldintza gogorretan egin eben lan. Mendian bederatzi hilebete edo gehiago emoten zituen, ardien eta txakurraren konpainia besterik ez ebela. Azken artzain euskalduna orain bi urte erretirau zan.
Amerikanuak filmak dauen indarraren parte handi bat Audiencek sortutako soinu-bandari zor jako. Gernikako taldea buru-belarri sartu zan egitasmoan eta blues, country eta rock and roll oinarri daben kanta eder batzuk egin zituan.
Trailerra ikusteko:
http://www.youtube.com/watch?v=K1fvOo4_e9g
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!