Bilboko Udalak laguntzinoa emon deutso Bilbon errodau eta zine aretoetara zemendiaren 12an helduko dan 'Bon appetit' filmari

Bizkaie! 2010-11-04 12:07   Barriak

Bon appetit filmaren aurre-estreinaldia datorren zapatuan, zemendiak 6, izango da Bilbon, eta bertan egongo da protagonista nagusia, Unax Ugalde antzezle euskalduna.

Bilboko Udalak, Bilbao Film Comisión (Bific) eta Bilbao Next izenekoen bitartez, laguntzinoa emon deutso David Pinillos zuzendariaren lehenengo lana dan Bon Appetit film luzeari. Filma gure uriko hainbat lekutan errodau da, eta datorren zemendiaren 12an helduko da Estadu osoko zine aretoetara. Dana dala, aurre-estreinaldia datorren zapatuan, zemendiak 6, izango da Bilbon, eta bertan egongo da protagonista nagusia, Unax Ugalde antzezle euskalduna.

Bilboko Udalak proiektu honi emon deutson laguntzinoa, zine alorreko eta ikus-entzunezko sorkuntza lanei emoten jaken laguntzino ildoaren barruan dago, gure uriko ekonomia eta kultur jarduerea bultzatu leikien alorrak baitira. Horrezaz gan, azpimarratzekoa da uriaren sustapenari jagokonez dauen garrantzia, turismoaren ikuspuntutik, izan be, Bilboren irudia nabarmena baita dagoeneko nazinoarteko hainbat forotan aurkeztu dan film luzean.

Bon Appetit filma, Espainiaren, Suitzaren, Italiaren eta Alemaniaren artean egin dan Europa mailako koproduzinoa da, eta zenbait jaialditan hartu dau parte, Zúrich-eko zine jaialdian (Suitza) Tolosakoan (Frantzia) eta, baita Malagako Zine espainiarreko Jaialdian. Azken horretan hainbat sari jaso zituan: Epaimahaiaren Sari Berezia, Epaimahai Gaztearen saria, Andaluziako Zine Idazleen Alkartearen saria, Gidoi onenaren saria, Antzezle onenaren saria (Unax Ugalde), eta aitamen berezia Nora Tschirner antzezlearentzat.

David Pinillosen zuzendaritzapean, Juan Carlos Rubio, Paco Cabezas eta David Pinillos berak idatzi dabe gidoia.

Unax Ugalde antzezle euskalduna eta Nora Tschirner protagonista dituan lana, gure uriko hainbat lekutan errodau da, David Pinillosen (Segovia, 1974) aginduetara. Zinegile gazte horrek 2001ean hasi eban bere ibilbide profesionala, muntaketa laguntzaile legez, eta ondoren muntatzaile izan da izen handiko zuzendarien lanetan, Miguel Martíren, Álex de la Iglesiaren edo Daniel Sánchez Arévaloren lanetan, hain zuzen be.

Pinillosen lana Muntaketa Onenaren Goya Sarien azken edizinoetako finalista izan zan, Gordos filmarengaitik. 2006an, Dolly film laburra zuzendu eban, eta lan horrek Medina del Campoko film labur jaialdiko Proiekturik Onenaren saria jaso eban. Bon Appetit da bere lehenengo film luzea.

Aurretik be, Bilboko Udalak gure urian errodautako beste bi film luze lagundu zituan, eta horreek be Bific-en eta Bilbao Next-en laguntzinoa jaso dabe. Borja Cobeagaren Pagafantas eta Patxo Telleriaren eta Aitor Mazoren La máquina de pintar nubes lanak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu