PreZinebi zemendiaren 9an jarriko da martxan

Bizkaie! 2010-11-03 11:09   Barriak

Ibone Bengoetxeak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak eta Ernesto del Ríok, Zinebiko zuzendariak Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazinoarteko Zinemaldiaren 52. edizinoaren aperitiboa aurkeztu dabe, zemendiaren 9tik 20ra bitartean, PreZinebin batzen diran jarduerez osotutako programazinoagaz.

Ibone Bengoetxeak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak eta Ernesto del Ríok, Zinebiko zuzendariak Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazinoarteko Zinemaldiaren 52. edizinoaren aperitiboa aurkeztu dabe, zemendiaren 9tik 20ra bitartean, PreZinebin batzen diran jarduerez osotutako programazinoagaz. Hirugarren urtez jarraian, Euskadiko Ikus-entzunezkoen sektorean lan egiten daben erakundeek, taldeek, profesionalen alkarteek eta prestakuntza zentroek hartuko dabe parte ekimen horretan, Ikus-entzunezko produkzinoa Euskadiren kultura eta ekonomia bultzatuko dauen motorra bilakatzeko lanagaz konpromisoa daben persona guztien sormena eta lana erakusteko.

Zemendiaren 9an jarriko da martxan, Eikenek — Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustaturiko EikenBANKen laugarren edizinoaren aurkezpenagaz. Itziar Menak, Eikeneko zuzendariak adierazo dau helburu nagusia sortzaile gazteen talentu ez profesionala Euskadiko Ikus-entzunezkoen alorreko enpresakaz zuzenean hartu-emonetan jartea dala, alkarlan horretatik produktu lehiakor barriak sor daitezan. Era berean, EikenBANKek talentua topetea eta Euskadin dagoan sormenerako talentua bertan geratzea nahi dau. Ekimena errealizadore gazteei eta ikus-entzunezko eskolei eta zentroei dago bideratuta.

Edozelan be, PreZinebi 52ko hitzordu nagusietakoa Euskal Herriko Gidoigileen Alkarteak Thomas Bidegain gidoigile euskaldun-frantsesagaz antolatu dauen topaketea izango da. Gidoigile honek, Jacques Audiardek zuzendutako Un prophéte film luzearen gidoia idatzi eban. Lan horrek Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi eban eta Hollywoodeko Akademiak emoten dituan Oscar sarien azken edizinoko Atzerriko Filmik onenaren saria jasoteko hautagai izan zan.

Thomas Bidegainek bere lanaren inguruko zehetasunak eta fikzino zinematografikoa eregiteko dauen moduaren ikuspuntua azalduko ditu. Ondoren Un prophéte filma eskainiko da, zine baltz frantsesaren adibide bikaina, zehetasunez betetako lan ikusgarria. Lan horretan ezer ez dago faltan, ezta sobran be, teknika aldetik ezin hobeto eginda dago, eta muntaia be bikaina da. Topaketea zemendiaren 10ean izango da, arratsaldeko 19:45ean.

EHU-ko Arte Ederren Fakultadeak eta Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeak, Erandioko Tartanga Institutuak eta Bilboko Claro de Luna, IMVA Keta KINEMA zine-eskolek, 2010ean ikasleek egindako lanak erakutsiko ditue, eguen (zemendiaren 11n) eta bariku (zemendiaren 12an) arratsaldetan. Horrek, zinegile gazteek erabilten dituen sorkuntza eta adierazpen moduakaz loturea izateko aukerea eskainiko dau.

Zinea 48 ordutan

Mundu osoko zuzendariei eta teknika eta arte taldeei zabalik dagoan Zinebiexpress lehiaketak, bere hirugarren edizinoa ospatuko dau aurten. Izen-emotea zemendiaren 13an izango da, Zabalgune Eraikinean, goizeko 9:00etatik 10:30era, eta momentu horretan jakinarazoko da film laburren gaia. Antolakuntzak DV zinta bat emongo deutso parte-hartzaile bakotxari, eta 48 ordu izango ditue euren proiektuak burutzeko. Proiektuak leku berean entregau beharko dira, astelehenean,zemendiaren 15ean, arratsaldeko 18:00etatik 19:30era.

Film laburrek 3 eta 10 minutu arteko iraupena izango dabe, kredituak barne, eta kanpoan grabetan dan guztia Bilboko udalerrian grabau beharko da. Lehiaketearen oinarriak www.zinebiexpress.com webgunean kontsultau ahal izango dira.

Irabazleak 700 euroko saria jasoko dau, eta bigarrenak 400 eurokoa. Izenak zemendiaren 19an ezagutarazoko dira, lehiaketan aurkeztutako film labur onenak emongo diran galan. Igazko edizinoan 35 lan aurkeztu ziran, eta guztien artean 93,47 minutu bete zituen.


Zinegoak

Bilboko Gay-Lesbo-Bi-Trans Nazinoarteko Zine Jaialdiak, El show del txistu lanaren aurkezpena eskainiko dau zemendiaren 13an. Azken edizinoko atalik arrakastatsuenetakoa izan zan eta txistua joz epaile izateko aukera eskainiko die ikus-entzuleei. Ekitaldia gidatuko daben Sol Maguna, Maribel Salas eta Gemma Martínez antzezleek, nork, nola eta noiz parte hartu azalduko dabe. Horrez gan, Zinegoak 10eko film labur irabazleak eskainiko dira.


Salaketa Zinea

Beste urte batez, UNICEF-Euskadik, Zinebiko sari ez ofizialetako bat babestuko dau. Astelehenean izango da, zemendiaren 15ean, eta orain dala denpora gitxi egin diran eta umeek Afrikako herrialdeetan bizi daben egoera gogorra erakusten daben nazinoarteko film laburren aukeraketea eskainiko da. Agertzen diran herrialdeen artean dagoz Benin, Malawi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Hego-afrika, Burkina Faso, Mozambike, Ghana eta Zimbabwe. Saioaren barruan honako film honeek eskainiko dira: Africa’s Child (Jonathan Allen eta Alex Gabbay, 2008. Dok. 25 min.); …and the letter the children sent to God said (Khalo Matabane, 2008. Dok. 16 min.); Roofless (Licinio Azevedo, 2008. Dok-Fik.16 min.) eta The Sharing Day (Tsitsi Dangarembga, 2008. Fik. 17 min.).


Euskal Zinea

FAS Zine Klubak 80 Egunean euskal film laburra aurkeztuko dau PreZinebi barruan. Bertan egongo dira Jon Garaño eta José Mª Goenaga zuzendariak eta baita antzezle protagonistak be, Itziar Aizpuru, Mª Asun Pagoaga eta José Ramón Argoitia. Ondoren, Morlans pop bikote donostiarrak musikea jarriko dau, zuzeneko emonldiagaz bere azken lanak aurkeztuz. Hori guztia be Zabalgune Eraikinean burutuko da, arratsaldeko 19:45etik aurrera, eguaztenean, zemendiaren 16an.

Zemendiaren 17an eta 18an, Delphine Seyrig antzezle, zinegile eta militante feminista hil zanetik hogei urte bete diranez, Simone de Beavoir Taldeak, Bilboko Emakumeek Egindako Zine Erakustaldiaren antolatzaileak, omenaldia egingo deutso. Frantziako zine modernoaren musa izateaz gan, aurreko mendeko Europako zinean oso ezaguna izan zan hirurogeiko eta hirurogeta hamarreko hamarkadatan. Nicole Fernandezek (Parisko Simone de Beauvoir Zentroaren Koordinatzailea eta Proiektuen Ordezkari Nagusia) aurkeztuko ditu bi emonaldiak. Bi jardunaldi horreetan honako film honeek emongo dira: Scum Manifiesto (Delphine Seyrig / Carole Roussopoulos. Frantzia, 1976. Dok. 25 min.); Maso et Miso vont un bateau (Delphine Seyrig / Carole Roussopoulos / Iona Vreder / Nadja Ringart, 1976. Frantzia, 1976. Dok. 55 min.) eta Sois belle et tais- toi (Delphine Seyrig. Frantzia, 1981. Dok. 115 min.).


Amaiera ekitaldi alienigena

PreZinebin ohikoa danez, Bilbon izen bereko film laburren zinemaldia antolatzen dauen CAÓSTICA alkartea izango da barriro be 52. edizino honen amaiera ekitaldiaren arduraduna. UFO-PORNOari eskainitako jai bat antolatuko dau. Ekitaldiaren helburua, gaur egun ahaztuta dagoan estralurtarren (B mailako estralurtarrak bereziki) inguruko zinearen historiari errepasoa emotea da, jolas eta umore ikutuagaz.

Zapatuan, zemendiaren 20an, El Ensanche gunea espazioko argiz, abdukzio-gelez, gailu eta tresna kosmikoz, autopsia-gelez, martitzarren interpretazino-gelaz, eta DJ-entzako dezibelio jaurtigailuz beteko da. Horrezaz gan, estralurtarren bizitzeagaz erlazionautako performanceak, musika zuzenean, argazki erreportajeak eta mozorro lehiaketak be egongo dira.

Informazino gehiago: www.zinebi.com / www.zinebiexpress.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu