Bilbotarrak nagusi bidaiak eta jantzea bateratzen dituan 'Bidairi Dubi Dubi' I. Bideo Labur Lehiaketan
2010-10-29 12:32 BarriakBidaiari Dubi-Dubi I. Bideo Labur Lehiaketako epaimahaiak honako bideo honeek saritu ditu: Victor Aristondoren Txina 2010, Patxo Landaren Dantzan eta José Luis Márquezek aurkeztutako Italian Bidaidantzan. Hiru sarituak bilbotarrak dira.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bidaiariaren Txokoa programearen barruan, bidaietako posta-txartelen lehiaketea ordezkatu dauen I. Bidaiari Dubi Dubi lehiaketako sariak ezagutarazo ditu. Orain zazpi urtetik hona, programeak, protagonisten bitartez, bidaia eta abentura handiakaz lotutako tailerrak, hitzaldiak, mundu osoko musika kontzertuak, proiekzinoak eta erakusketak eroaten ditu Begoñako barrutira.
Bidaiari Dubi-Dubi I. Bideo Labur Lehiaketa barriaren epaimahaiaren buru Ibone Bengoetxea, Kultura eta Hezkuntza Saileko Zinegotzia izan da, eta beragaz batera epaimahaiko kide izan dira Álvaro Pérez, Tular ikus-entzunezko alkarteko kidea; Juanra Madariaga, mendizalea, bidaiaria eta Nontzeflash proiektuko kidea eta Beatriz Álvarez eta Norberto Albóniga Fas Zine Klubeko kideak. Epaimahaiak honako bideo honeek saritu ditu: Victor Aristondoren Txina 2010, Patxo Landaren Dantzan eta José Luis Márquezek aurkeztutako Italian Bidaidantzan. Hiru sarituak bilbotarrak dira.
Lehen sailkatuak, diplomaz gan, 600 euroko saria jasoko dau; bigarrenak, 300 eurokoa; eta hirugarrenak, 3 eguneko (2 gau) egonaldia, Landa Hotel batean sei personarentzat (gehienez be).
Lehiaketea 18 urtetik gorako personei zuzenduta egon da. Bideoen gehieneko iraupena hiru minutukoa izan behar zan, eta bertan, bidaia bateko zenbait lekutako eta bidaia hori egin daben personearen edo personen irudiak jaso behar ziran, leku horreetan jantzan. Horrezaz gin, norberak sortutako edo egile eskubiderik ez dauen musikea be izan behar eben bideoek.
Lehen edizino honetako epaimahaiak sariak emoteko orduan balorau dituan alderdien artean, lehiaketearen arauak zorrotz bete izatea, konposizino bikaina, originaltasuna eta bideoen aurkezpena izan dira. Jaso diran irudi dibertigarriak, beste leku askoren artean, Italian, Kuban eta baita Shangaiko Erakusketa Unibersalean, Euskadiko Astea ospatu zan bitartean, ataratakoak dira. Horrezaz gan, epaimahaiak aitamen berezia emon deutse euren sormena dala eta azpimarragarriak diran beste bi bideori: Carlos Gonzálezen Cuba en bici. De Santiago a la Habana eta Imanol Dehesaren Obrigado Oporto.
Hiru bideo irabazleak sarien banaketa ekitaldian ikusi ahal izango dira, izan be, ekitaldia jente guztiarentzat zabalik egongo baita. Ekitaldia zemendiaren 3an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Begoñako udaltegian. Bideoak Bilboko Udaleko webgunean be ikusi ahal izango dira bihartik aurrera.
Bideo sarituak ikusteko: www.bilbao.net
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!