'Mystikal', euskerazko lehenengo animazino filma laster pantailan
2010-10-26 11:55 BarriakFilma Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemaren XXII. Astean aurkeztuko dabe, urriaren 30ean Victoria Eugenia Antzokian, baina erabateko estreinaldia abenduaren 3an izango da zinema-aretoetan.
Dibulitoon produkzino-etxe gipuzkoarrak abenduaren 3an estreinauko dau Mystikal filma. Genero honetan euskeraz eginiko lehenengo animazinozko filma da, eta croma sistemeagaz osorik eginikoa. Avatar pelikulan erabilitako teknologiagaz egin da Mystikal, baina aurrekontu txikiagoagaz. Benetako aktoreak, ordenagailu bidez eginiko pertsonaia eta eszenatokiakaz eta efektu bereziakaz buztartzen dira.
Filmaren arduradunek adierazo dabenez, Mystikal guraso zein umeei dago zuzenduta, hau da, edade guztietako ikusleei. Erdi Aroko fantasia giro batean sartzen dau ikuslea, eta aztiak, sorginak eta fantasiazko hainbat izaki agertzen dira.
Mystikal Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemaren XXII. Astean aurkeztuko dabe, urriaren 30ean Victoria Eugenia Antzokian, baina erabateko estreinaldia abenduaren 3an izango da zinema-aretoetan. Jatorrizko bertsinoa euskeraz grabautakoa izan arren, Mystikal Euskal Herri, Estadu eta nazinoarte mailan banatuko da; izan be, Turkia, Alemania edo Errusian kontratuak sinatu dira. Horregaitik, filma euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin da.
Angel Alonsok zuzendu dau abenturazko Erdi Aroko istorio magiko hau. Bere bigarren film luzea da; lehenengoagaz (El ladrón de sueños) Goya sarietarako izentau eben.
Iban Garate da 'Eldyn', protagonista gaztea. Garate 15 urtegaz hasi zan Goenkale telesailean eta hau, Aupa Etxebeste eta gero, bere bigarren filma da. Beste hainbat arpegi ezagun agertzen dira pelikulan: Savitri Ceballos, Ramon Agirre, Kandido Agirre edo Maite Agirre. Filmaren abesti nagusia Joseba Beristainek sortu dau eta Donostiako Orfeoiagaz grabau dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!