Miguel Hernandez poetea omenduko dauen XI. Bilbaopoesia, urriaren 14tik 24ra izango da
2010-10-05 14:34 jardunaldiakGabriel Aresti poeta bilbotarra izango da Bilbaopoesiaren zabaltze jardunaldiaren protagonista, urriaren 14an (egun horretan, bere jaiotegunagaz bat etorriz, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak gure uriko idazle handi honen eguna ospatzen dau urtero) Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan.
Bidebarrieta Kulturguneak, literaturearen sustapenera zuzendutako Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan guneak, XI. Bilbaopoesia antolatu dau urriaren 14tik 24ra. Bertan hartuko dabe parte, besteak beste, Juan Carlos Mestrek, 2009ko Poesia Sari Nazionalak, eta Kirmen Uribek, 2009ko Narratiba Sari Nazionalak. Astearen barruan ospatuko dira, baita be, Umeen Poesia Lehiaketearen VIII. edizinoa eta Miguel Hernández poetari, eta 27ko belaunaldi osoari, poetearen jaiotzaren mendeurrena dala eta, eskainiko jakon omenaldia.
Gabriel Aresti poeta bilbotarra izango da Bilbaopoesiaren zabaltze jardunaldiaren protagonista, urriaren 14an (egun horretan, bere jaiotegunagaz bat etorriz, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak gure uriko idazle handi honen eguna ospatzen dau urtero) Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan. Areto hori izango da ziklo osoaren erdigune nagusia.
EHUko literatura katedradun dan Jon Kortazar idazleak Arestiren poesiari buruz berba egingo dau, eta eta Juan Kruz Gurrutxagak Arestiren poesia batzuk irakurriko ditu. Ekitaldia euskeraz izango da, arratsaldeko 19:30etan.
Poesia errezitaldiak barikuan, urriaren 15ean, hasiko dira, arratsaldeko 19:30etan. Lehenengoaren protagonista Juan Carlos Mestre poeta leondarra izango da. Mestrek, Kultura Ministerioak emoten dauen Poesia Sari Nazionala irabazi eban 2009an, La Casa Roja poema liburuari esker. Beragaz batera Jorge Riechman poeta madrildarra, bere lagun-mina, egongo da. Jorge Riechmannek Gabriel Celaya Nazinoarteko Saria irabazi eban 2000. urtean.
Bidebarrieta Kulturguneak, eszenatoki berean Rafa Rueda eta Jaime Nieto musikariak eta Edorta Jimenez idazlea alkartuko dituan Haragizkoa ikuskizuna jasoko dau urriaren 16an. Joseba Barrenetxeak sortutako irudiak proiektauko dira, bi munduren arteko alkartzeari ikus-arnasa emoteko: musikearen eta poesiaren munduei.
Astelehenean, urriaren 18a, Blas de Oteroren poesia maite dabenei zuzendutako eguna izango da. José Fernández de la Sota poeta bilbotarraren eta Blas de Otero Fundazinoko presidente Sabina de la Cruzen eskutik, Hojas de Madrid con La galerna lana aurkeztuko da, Pido la Paz y la Palabra liburuaren egileak argitaratuta ikusi ezin izan eban poema liburua. Jardunaldi horren barruan, Udane Goikoetxeak errezitaldia emango dau, Tiziana Taglianik arpeagaz lagunduta.
Omenaldia Miguel Hernendezi eta 27ko Belaunaldiari
Miguel Hernández izango da, Bizkaiko Arte Alkartearen eskutik, urriaren 19ko, poesia saioaren protagonista nagusia. Hiru zaurirekin heldu zen izenburupean, poesiak María Ángeles Pérezek eta Roberto Zalbideak errezitauko ditue, Beatriz Gómez Fernandinik (gitarra) eta Txemi del Olmok eta Mikel Lloretek (off ahotsak) lagunduta.
Bilbaopoesiaren XI. edizinoak beste omenaldi bat eskainiko deutso Orihuelako poeteari, bere jaiotzearen mendeurrenean, Campos Elíseos antzokian, urriaren 30ean, arratsaldeko 20:00etan, eskainiko dan Versos Presos-Para la Libertad poesia ikuskizunagaz.
Miguel Hernándezeri eskainitako oroimena eta omenaldia 27ko Belaunaldiko poeta guztiakana zabalduko da ekitaldi horreetan, Bilbogaz loturea izan ebenei batez be, Viva Bilbao idatzita itxi eban Dámaso Alonsori edo gure uria itsasoko zigala basati moduan deskribidu eban Rafael Albertiri, besteak beste. Poeta horreek ondorengo belaunaldiak markau zituan, Blas de Otero beraren belaunaldia, adibidez.
Poesia latinoamerikarrak bere lekua izango dau Bilbaopoesian urriaren 20an. Mercedes Roffé argentinarraren eta Valerie Mejer mexikarraren poemak entzun ahal izango dira arratsaldeko 19:30etan Bidebarrietako Ekitaldi Aretoan. Eurekaz egongo da Miren Agur Meabe lekeitiarra.
Programeak urriaren 21ean jarraituko dau, arratsaldeko 19:30etan, Odolaren distirak saioagaz. Saio horretan José Fernández de la Sota poeteak eta Pablo González de Langarika poeta eta Zurgai aldizkariaren zuzendariak, hartuko dabe parte. Ganera, Marina Pérez eta Carmen Bereciartu rapsodek emanaldia eskainiko dabe.
Beste begirada batzuk da urriaren 22ko jardunaldirako aukeratu dan izenburua (19:30etan). Jardunaldi hori bost poeta gazteri eskainita egongo da: Izaskun Gracia Kintana bilbotarra, 2006an Ernestina de Champourcin XVII. Poesia Sariketearen irabazlea, Isabel Cadenas Cañón basauritarra, Elena Medel kordobarra, 2001eko Andalucía Joven Saria, Hasier Larretxea, Idazle Gazteentzako Letren Francisco Ynduráin sariaren irabazlea 2008an eta Ángel Erro, 2004ko Poesia Sari Nazionaleko finalista, azken biak nafarrak. Talentu handiko bost poeta gazte dira, eta euren bertsoak errezitauko ditue, euskeraz eta gaztelaniaz, Remake Taldearen musikak lagunduta.
Topaketak izeneko jardunaldiak Andrés Neuman poeta eta idazle argentinarra eta Kirmen Uribe ekarriko ditu Bidebarrietara urriaren 23an (arratsaldeko 19:00etan). Andrés Neumanek Kritikaren Saria irabazi eban 2009an, eta Kirmen Uribek Narratiba Sari Nazionala urte berean, Bilbao-New York-Bilbao lanari esker.
Egun horretan bertan, urriaren 23an, Debut poetikoa errezitaldia eskainiko dabe Lucía Camónek eta Fran Rubio piano jotzaile ezagunak. Inprobisazinorako uneak izango dituan eta inor hotz itxiko ez dauen poesia-musika ikuskizun freskoa eta dotorea eskainiko dabe.
Domekan, urriaren 24an, Umeen VIII. Poesia Lehiaketako Sariak banatuko dira, Teleipuiñak txotxongilo taldeak aurkeztu eta zuzenduko dauen ekitaldian. Ikus-entzule guztientzat zabalik egongo dan ekitaldi horrek ipuinen mundua izango dau ardatz.
Arratsaldeko 19:30etan, Bilborock aretoak Versos de Fuga y Fuego. Poemas Enajenados izeneko poesia-musika ikuskizuna jasoko dau, Galatea talde beteranoaren eskutik. Poesiaren Asteko ekitaldietarako sarrerea librea eta dobakoa izango da, urriaren 30ean Campos Elíseos antzokian egingo dan poesia ikuskizunerako izan ezik.
Informazino gehiago: www.bilbao.net webgunean edo 010 telefono zenbakian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!