Hemen da 'CineGourland', Getxoko IV. Zinema eta Gastronomiaren Ikus-Entzunezko Jaialdia

Bizkaie! 2010-09-22 18:52   Barriak

Cinegourland jaialdi bakarra da, zinema, gaikako dokumentalak, sekuentziatan eta erakusketatan oinarritutako eztabaidak zein lehiaketa gastronomikoak buztartzen dituana.

Getxoko Alkateak, Imanol Landak, eta Cinegourlandeko zuzendari artistikoak, Pepe Barrenak, udalerrian irailaren 30tik urriaren 2ra arte egingo dan laugarren Zinema eta Gastronomiaren Ikus-Entzunezko Jaialdiaren egitaraua aurkeztu dabe gaur, prentsaurrekoan. 'Beren txokoen sekretua' izeneko lehiaketea umeentzat, bi pelikulen proiekzinoak eta nutrizinoari buruzko aurkezpen-berbaldia dira aurtengo edizinoaren nobedade nagusiak baina horreez gan, nagusientzako proiekzinoak, hitzaldiak, lehiaketak eta dastatzeak be egongo dira.

Cinegourland Getxoko Alkate Imanol Landaren ustez, oso garrantzi handiko ekimena da 'gure udalerria turismoaren alorrean sustatzeko eta hain ona dan bere zerbitzu-sektorea, batez be ostalaritzea, ezagutzera emoteko. Izan be, Udala eta sektorea azken urteotan lantzen dagozan Dinamizazino Planaren helburua da Getxo erosketarako, aisialdirako, eta gizarte hartu-emonetarako ereduzko udalerri bihurtzea, eta hori guztia bere dinamismo kulturala, kiroletakoa edo turistikoa aprobetxatuz'.


Egitaraua

Cinegourland jaialdi bakarra da, zinema, gaikako dokumentalak, sekuentziatan eta erakusketatan oinarritutako eztabaidak zein lehiaketa gastronomikoak buztartzen dituana. Pepe Barrenak, jaialdiaren zuzendari artistikoak, gogoratu dau, alde batetik, 'Zinemako pintxoak' lehiaketea bigarren urtez egingo dala Getxoko tabernen partaidetza handiagoagaz eta, bestetik, 'Beren txokoen sekretua' izeneko lehiaketearen lehenengo edizinoa iragarri dau, bertako txokoen artean oso erantzun ona izan dauen proposamena; 15 soziedadek baieztatu dabe euren partaidetzea, hau da, udalerrian dagozan txokoen % 90ek.

Kontuak kontu, Cinegourland motorrak berotzen hasiko da irailaren 30ean eta urriaren 1ean, Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako ikasleentzat preparautako proiekzinoakaz, Fernando Canales sukaldariak eta Iñigo Sainz Arregi mediku nutrizionistak aurkeztuta, hurranez hurran.

Eguenean, hilaren 30ean, 18:30ean, 'Creaciones' proiektauko da, abangoardiako sukaldaritzearen sortze-prozesuari buruzko dokumentala. Gasteizko 'Sagartoki'-ko sukaldariak, Senén Gonzálezek, horri buruz berbaldia emongo dau. 20:30ean, 'Guerra de vinos', Randall Miller zuzendariaren pelikuela emongo dabe. Proiekzino guztiak Areetako 'Andres Isasi' Musika Eskolan izango dira, eta sarrerea dobanekoa izango da, aretoa bete arte. 21:30ean, barriz, Algortako Portu Zaharrean herriko sardina jana egongo da.

Barikuan, urriaren 1ean, 20:30ean, Fatih Akin zuzendariaren 'Soul kitchen' filma proiektauko da. Gauean, San Joseren jauregian egingo dan gala batean, 'Cinéfilos & Gourmets' sariak jasoko ditue Caco Senante abeslari eta gastronomo kanariarrak; Iñaki Nuñez, Roman Polanskiren produktore eta upeltegi-jabeak; Jorge Fernándezek, jantoki batzuen jaubeak; Alberto Chicote, chef eta aktore madrildarrak; 'Robin Food' David de Jorge sukaldariaren telebistako programak eta 'Soul kitchen' filmak, urteko gastronomiako film onenetarikoak.

Zapatuan, urriaren 2an, goizeko jarduerak Areetako Eskoletako plazan izango dira. Bertan, 11:00etan, 'Zinemako kafeak' dobako kafe-dastatzea hasiko da eta udalerriko txokoen artean makailu pil-pil erara preparetako 'Bere txokoen sekretua' lehiaketea be bai. 13:00ak aldera, lehiaketa horren eta 'Zinemako Pintxoak' II. Lehiaketearen sariak banatuko dira. 20:30ean, barriz, 'Julie eta Julia' filma, Nora Ephronek zuzendu eta Meryl Streepek eta Amy Adamsen antzeztutakoa emongo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu