'Umorea basakeriaren kontra' ardatz hartuta, III. Bilboko Barrea Astea Bilbon urriaren 2tik 7ra
2012-09-10 17:39 jardunaldiakIII. Bilboko Barrea Astean, umoreak basakeriaren kontrako burrukan izan dauen garrantzia azpimarratu nahi da, eta horretarako, basakeriaren esanahirik zabalenari erreparau jako, kulturarik eza, zakartasuna eta era guztietako giza-eskubideen urraketak (gerrak, terrorismoa, indarkeria matxista, arrazismoa, etab.). Jaialdia urriaren 2tik 7ra bitartean egingo da.
Bizitzan zein literaturan umorearen garrantzia aldarrikatuz dator aurten be Bilboko Barrea, Umoredun Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko III. Astea eta urriaren 2tik 7ra kalidadezko jarduera-programa zabal eta anitza antolatu dabe, izan be, topaketak idazleakaz, maha-imhuruak, erakusketak, antzerkia, musika eta bestelako emonaldiak be ez dira faltako.
Aurreko bi edizinoetan lortutako arrakastearen ondoren, Bilboko Barreak beste aurrerapausu bat emon eta gai orokor bat jorratuko dau aurtengo jaialdian: umorea basakeriaren kontra. Honen bidez, umoreak basakeriaren kontrako burrukan izan dauen garrantzia azpimarratu nahi da, eta horretarako, basakeriaren esanahirik zabalenari erreparau jako, kulturarik eza, zakartasuna eta era guztietako giza-eskubideen urraketak (gerrak, terrorismoa, indarkeria matxista, arrazismoa, etab.). Jaialdia urriaren 2tik 7ra bitartean egingo da, orain arte izan dituan ohiko bi eremuetan, BBK Aretoan eta Bilboko Arenalean.
La Risa de Bilbao/Bilboko Barrearen hirugarren edizinoak atzerriko eta estadu barruko konbidau ugari batuko ditu. Holan, aurtengo jaialdiak Tibor Fischer, Paul Preston, Andrés Trapiello, Jon Juaristi, Fernando Savater, Bernardo Atxaga, Carmen Posadas, Carlos Giménez, Forges, David Safier edota Manuel Vilas-en parte-hartzeak buztartuko ditu.
III. Bilboko Barrea Saria
Hirugarren BBK-La Risa de Bilbao/Bilboko Barrea saria Ismail Kadare nobelagile albaniarrarentzat izango da. Hauxe dogu azken hamarkadetako europar intelektualik handienetakoa. Askok Albaniako idazle nazionaltzat joten daben egile honen lanek totalismoaren kontrako salaketa sendoa osotzen dabe. Distira handiz erabilten ditu fartsari, ironiari etra sarkasmoari jagokozan erregistroak, eta bere liburuetan, inoiz tiraniak salatzeko idatzi diran orrialderik zorrotzenetako batzuk idoro daitekez. Nobel Sarirako hautagaia izan da hainbat aldiz, eta 2005ean, Kadarek Booker International saria jaso eban. Berlingo Arteen Akademiako eta Frantziako Ohorezko Legioko kidea da. 2009an, Letren Asturiasko Printzea saria irabazi eban.
Erakusketak
Arenalean, gerra zibila, gerraostea eta diktadura frankisteari buruzko erakusketa bat antolatuko da Carlos Gímenez, Paracuellos komikiaren egilearen eskutik, eta Asier y Javier marrazkilari bikoteak Umorea krisiaren aurka izenburuko erakusketea jarriko dau ikusgai. Horrezaz gan, aurtengo edizinoak Hermano Lobo aldizkari mitikoari buruzko atzerabegirakoa eskainiko dau, eta AlhóndigaBilbaon estreinako aldiz, Umore grafikoa ETAren aurka ikusi ahal izango da. Umorista grafikoek terrorismoaren kontra egindako lanak batzen dituan erakusketa honetan, Mingote, El Roto, Forges, Peridis, Gallego&Rey eta beste hainbat marrazkilariren binetak izango dira ikusgai.
Barrikuntzak
Gazteenak erakarteko ahalegina da aurtengo edizinoaren beste barrikuntza nagusietako bat, Literatura eta Umore Grafikoaren I. Eskola-Lehiaketearen bitartez. Basakeriaren aurkako Umorea gai nagusia oinarritzat hartuta, lehiaketeak bi modalidade izango ditu. Lehen kategorian, ipuin-lehiaketea antolatuko da Lehen Hezkuntzako ziklo ertaineko eta goi-zikloko ikasleentzat (8-12 urte), eta bigarren kategorian, Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko ikasleei zuzenduta (12-16 urte), umore grafikoko bineta edo tira komikoen lehiaketea eratuko da, betibe basakeriaren kontrako umorea gai nagusitzat hartuta.
Aurten, La Risa de Bilbao/Bilboko Barrea-Eroski Bidaiak mikroipuin lehiaketearen hirugarren edizinoa be antolatuko da. Oraingo honetan, ipuinek jaialdiaren gai nagusia izango dabe ardatz. El Correoren Dama-Joko Madarikatuaren edizino barri bat be izango da.
Era berean, hirugarren edizino honetan, ordutegia luzatu eta gauekoagoa izango da, Arenalean gai jostagarri bati buruz antolatuko dan aire zabaleko mahai-inguruaren bidez. Gaueko ordu txikiak arte, Boris Izagirrek eta Valérie Tassok, beste zenbait egileren artean, Umorea sexuan gaia jorratuko dabe.
Jendearen parte-hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da aurten, izan be, komiki eta karikatura tailerrei, mikroipuin tailerrei eta FNACek umeentzat antolatzen dituanei, publiko guztientzako komikotasun masterclass-ak gaineratuko jakez. Tailer horreek Mugarik Bako Pailazoak erakundeak jaialdian izango dauen presentziaren osogarri lez antolatuko dira, eta horreetan parte hartzen dabenek nork bere umore-sena garatu eta norberaren barruan dagoan pailazoa ezagutzeko aukerea izango dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!