63.000tik gora sarrera salduta, 'Chicogrande' filmagaz hasiko da gaur Donostiako Zinemaldia
2010-09-17 12:58 BarriakDonostiako 58. Zinemaldia gaur, hilak 17, gaueko 21:00etan Kursaal Jauregian egingo dan gala bereziagaz hasiko da; hilaren 25era arte, 18 zinta izango dira lehian Sail Ofizialean, horreetatik 11 Europakoak dira eta danetara, 119 film emongo ditue, horreetako 28 erabateko estreinaldiak.
Donostiako 58. Zinemaldia gaur gaueko 21:00etan Kursaal Jauregian egingo dan gala bereziagaz hasiko da; hilaren 25era arte, 18 zinta izango dira lehian Sail Ofizialean, horreetatik 11 Europakoak dira eta danetara, 119 film emongo ditue, horreetako 28 erabateko estreinaldiak. Bart Donostiara heldu zan Felipe Cazals zinemagile mexikarraren 'Chicogrande' filmak zabalduko dau jaialdia, film berezia, izan be, holako hitzorduetan ez da ohikoa izaten western generoko film bategaz abiatzea. Abentura film eta kritika soziopolitiko ukutuak dituan film historikoa da.
Felipe Cazalsek hainbat nazinoarteko zinema jaialditan parte hartu dau eta sari garrantzitsu ugari irabazi ditu bere ibilbide luzean zehar. 1976an Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban 'Canoa' filmagaz. Urte horretan bertan, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zan 'El apando' lanagaz eta 1987an, 'Lo del César' filmagaz. 1985ean, barriz, Zilarrezko Maskorra irabazi eban 'Los motivos de Luz' filmagaz. Horrezaz gan, 1989an, Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kide izan zan.
Urrezko Mazkorra irabazteko, besteak beste, John Saylesen 'Amigo', Raul Ruizen 'Misterios de Lisboa', Naomi Kawaseren 'Genpin', Peter Mullanen 'Neds', Agusti Villarongaren 'Pa negre' eta Jose Maria Orbe donostiarraren (Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia) 'Aita' lehiatuko dira.
Goran Paskaljevic izango da aurten Epaimahaiko zuzendaria, eta taldean egongo dira, besteak beste, Jose Coronado aktorea, Claudia Llosa, Raya Martin, Pablo Trapero eta Lucy Walter zuzendariak.
Aurtengo protagonisten artean, Julia Roberts domeka arratsaldean helduko da Donostiara eta datorren asteleheneko galan jasoko dau Donostia Saria. Roberts and.ak Ryan Murphyk zuzendutako 'Eat, Pray, Love' lana aurkeztuko dau Sail Ofizialean. Javier Bardem be protagonista da film horretan.
Zinemira saria, barriz, Alex Angulo aktorearentzat izango da, eta irailaren 22an jasoko dau, Euskal Zinemaren Galan, Victoria Eugenia Antzokian.
FIPRESCI saria Roman Polanskiri emotea erabagi dabe, baina zuzendariak ezin dau Donostiara etorri eta horren ordez Olivia Williams etorriko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!