VI. Kameratoia Ermuan izango da eta berrikuntza nabarmenak izango ditu
2010-09-10 15:56 BarriakKameratoiaren helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea da.
Azken bost urteotan legez, aurten be Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu dabe Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak eta Ermuko Udalak, Ermuko Euskal Birusa Euskara Alkartearen eta EiTBren laguntzaz, eta Eusko Jaurlaritzaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzen babesaz. Kameratoiaren seigarren edizinoa Ermuan bertan izango da, urriaren 30ean eta zemendiaren 6an.
Lehiaketearen helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea da. Horretarako, argazki-rallyen mekanikan oinarrituta, orain arte hamar orduko epea emoten jaken parte-hartzaileei egunean bertan ezagutarazoten zan gaia eta zenbait ezaugarri emonda, hiru minutuko bideoak jentaurrean aurkezteko. Mekanika horrek oso emoitza onak emon baditu be, parte-hartzaileek beti eskatu izan dabe denpora gehiago, lanak oraindino kalidade hobeaz aurkeztu ahal izateko.
Eskari horreei erantzunda, Topaguneak aldaketa nabarmena egin dau aurten Kameratoiaren iraupenari dagokionean: lehiaketea urriaren 30ean hasiko da Ermuan, eta egun horretan bertan jakingo dabe lehiakideek zeintzuk diran bideoetan erabili beharreko gaia eta ezaugarriak. Hortik aurrera, taldeek bost egun izango ditue, zemendiaren 3ra arte, euren lanak aurkezteko. Aldaketa horren arrazoi nagusiak bi dira: batetik, lehiakideei denpora gehiago emotea produziduten dituen lanen kalidadea are hobea izan daiten. Bestetik, epaileei be denpora gehiago emotea lanak lasaitasunez aztertzeko, eta lehiakide kopurua mugatu beharrik ez izatea. Orain arteko formulak (lanak sortu, proiektau eta aukeratzea egun berean egiteak) derrigorrez
eskatzen eban lehiakide kopurua murriztea, kudeaketa bideragarri egiteko. Orain barriz, tarte gehiago dago nahi duaen beste taldek parte hartu ahal izateko. Kameratoilariek bigarren hitzordu bat izango dabe, zemendiaren 6an, orduan egingo baita sari banaketea. Aurreko edizioetan legez, hiru sari izango dira lanik onenentzat, 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak.
Eibarren, Laudion, Elgetan, Donostian eta Bermeon parte hartu eben gazteek argi itxi daben moduan, gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago be egiteko irudimena eta gaitasuna. Holan erakusten dabe urtez urte teknika zein eduki aldetik etenbarik hobetuz doazen lanak. Azken bost urteotan 518 lagunek hartu dabe parte Kameratoian, eta danetara euskerazko 93 ikus-entzunezko sortu ditue.
Parte hartzeko baldintzak ez dira gehiegi: gazte euskalduna izatea (lanak euskeraz aurkeztu behar dira eta), bideoa egiteko kamera, ordenagailua eta beharrezko tresneria izatea, eta izena emotea, urriaren 7a baino lehen.
Azken buruan, egunean sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu –Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabilteko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezela, sormen lanen zabalkundea errazten dau, baimena emoten dauelako nahi dauen edozeinek edukiok zabaldu, berrerabili eta horreetan oinarrituta lan barriak sortzeko, beti be jatorrizko egileak aitatzeko eta eratorritako lanak baldintza bardinetan partekatzeko betebeharragaz. Topaguneak berak aukera hori aprobetxau dau azken urteetan, Kameratoian sortutako hainbat bideo herriz herri doan Film Laburren Zirkuituan txertatzeko.
Aurrekoetan bezala, Kameratoiak webgune propioa dauka aurten be. Bertan, lehiaketearen oinarriak, aurreko edizinoetako lanak, izena emoteko aukerea eta beste hainbat jakingarri topau zeinkiez.
Informazino gehiago:
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!