Irailaren 27an amaituko da ikus-entzunezkoak sortzeko Benito Ansola Bekea eskatzeko epea

Bizkaie! 2010-09-03 10:29   Barriak

Bekak sortzaile gazteei zuzenduta dagoz, eta euskerazko ikus-entzunezkoak sortzea lagundu nahi dabe. Horretarako, 4.000 euroko bi beka emongo dira gehienez, iraupen laburreko ikus-entzunezko lanak produziduteko.

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak garagarrilean aurkeztu zituan aurten sortutako Benito Ansola Ikus-emtzunezko Bekak. Beka horreen helburua euskal kulturea zabaldu eta ikus-entzunezkoen produktore gazteei laguntzinoa emotea da. Bekok sortzeko, Topaguneak Lekeitioko Udalaren eta Euskal Zine eta Bideo Bileraren laguntzinoa eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza zein Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzearen babesa izan ditu.

Bekak sortzaile gazteei zuzenduta dagoz, eta euskerazko ikus-entzunezkoak sortzea lagundu nahi dabe. Horretarako, 4.000 euroko bi beka emongo dira gehienez, iraupen laburreko ikus-entzunezko lanak produziduteko. Bekak jasoteko, hautagaiek ikus-entzunezko lanaren proiektua aurkeztu beharko dabe irailaren 27a baino lehen. Ondoren, epaimahai batek jasotako proposamenak aztertu eta bi onenak aukeratuko ditu bekea emoteko.


Lekeitioko Zine eta Bideo Bilera eta Benito Ansola

Bekadunak zeintzuk izan diran Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran iragarriko da, zemendiaren 27ko zarratze ekitaldian, eta orduan jasoko dabe bekearen lehen erdia. Bigarren zatia, barriz, lana amaitukeran emongo jake. Edozelan be, bekadunek 2011ko maiatzaren 27ra arteko epea dabe lana amaitu eta entregetako. Horreen zabalkundea errazteko, bekea lortzen daben lanak Creative Commons Aitortu-Partekatu lizentziapean zabalduko dira.

Benito Ansola Lekeition jaio zan 1928ko abuztuaren 13an. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi zituan Bergarako seminarioan, eta 1953an abade ordenatu eben Bilbon. Lekeitioko parrokoa izan da 24 urtez, baina gainera, zinemazale amorratua izanik, euskal zinema bete-betean bultzatu dau, eta zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. Markinako zine-kluba eta Euskadiko beste zenbait herritakoak be zuzendu ditu, eta 1978an, Euskal Zine eta Bideo Bilera antolatzen hasi zan Lekeition, ikasle ohi batzuekaz.

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoa 1997an sortu zan, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 95 Euskara alkartek osotzen dabe. Alkarteon zein Federazinoaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen ditue, besteak beste, ume eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, tokiko hedabideak, mintzapraktikea, entidadeak euskalduntzea, sentiberatzea…

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu