Bost estreinaldi eta Alex Angulori saria aurtengo Zinemiran
2010-09-02 11:38 BarriakHilaren 22an, Victoria Eugenia antzokian egingo dan Euskal Zinemaren Galan jasoko dau saria Alex Angulok (Erandio, 1953). Bizkaitarrak 1971n hasi eban bere ibilbidea antzezle moduan Ramon Bareak zuzentzen eban Bilboko Comics de la Legua antzerki talde independenteagaz.
Donostiako 58. Zinemaldia irailaren 17an hasiko da eta honezkero badakigu Zinemiran, igaz jaiotako sailean, aurten zortzi film egongo dirala ikusgai eta horreetatik bost erabateko estreinaldiak izango dirala. Horrezaz gan, Alex Angulo bilbotarrak Zinemira Saria jasoko dau aurten hilaren 22an egingo dan Euskal Zinemaren galan.
Estreinaldiei jagokenez, Txaber Larreategik eta Josu Martinezek Zinemiran aurkeztuko ditue, batetik, 'Debekatuta dago oroitzea', 36ko Gerran Saturraranen izandako emakumeen kartzelari buruzko dokumentala eta, bestetik, 'Sagarren denbora', Kristiane Etxaluz zuberotarraren eta Alfonso Etxegarai Afrikako irla txiki batean erbesteratuta dagoan bizkaitarraren arteko hartu-emonei buruzko dokumentala. Bi estreinaldi horreez gan, oraindino inon erakutsi ez diran 'Amerikanuak' (Nacho Reig), Nevadako (AEB) Elko herrira joandako zenbait immigrante euskaldunen historiari buruzko dokumentala; 'Musika Plaza' (Juan Miguel Gutierrez), amiantoaren kontuaren inguruko lana; eta 'Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka' (Eneko Dorronsoro), Zumaiako hamahiru arraunlariren bizipenak batzen dituana.
Horrezaz gan, Zinemiran '80 egunean', Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagaren lehenengo lan luzea, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok zuzendutako 'Mugaldekoak' filma eta 'Simplemente', Jon Anduezak Down sindromea daben gazteen inguruan egindako dokumentala ikusi ahal iznago dira.
Alex Angulo 2010eko Zinemira Saria
Hilaren 22an, Victoria Eugenia antzokian egingo dan Euskal Zinemaren Galan jasoko dau saria Alex Angulok (Erandio, 1953). Bizkaitarrak 1971n hasi eban bere ibilbidea antzezle moduan Ramon Bareak zuzentzen eban Bilboko Comics de la Legua antzerki talde independenteagaz. 1980an, Karraka taldean sartu zan. Zineman egin eban lehenengo lana 'La Fuga de Segovia' (1981) izan zan, 2009ko Zinemira saridun Imanol Uribek zuzendutakoa. Alex de la Iglesia bilbotarragaz 'El dia de la bestia' egin eban 1995ean eta, lan horri esker, aktore onenaren Goya sarirako izendapena jaso eban. Edozelan be, Alex de la Iglesiaren debuta zuzendari moduan, Mirindas asesinas' film laburra izan zan eta hor Alex Angulo ikusi genduan beharrean. Hortik aurrera, makinatxu bat filmetan ikusi dogu, besteak beste, Alex de La Iglesiaren 'Acción mutante' (1993), 'El día de la bestia' (1995) eta 'Muertos de risa' (1999) eta Enrique Urbizuren 'Todo por la pasta' (1991) lanetan. Era berean, ezin ahaztu 'Los peores años de nuestra vida' (1994) Emilio Martínez Lázarorena, 'Hola, está sola' Iciar Bollainena, 'Matías, juez de línea' (1996) Santiago Aguilar eta Luis Guridirena, 'Isi/Disi, amor a lo bestia' (2004) Chema de la Peñarena, 'Casual Day' Max Lemckerena eta 'El laberinto del fauno' (2006) Guillermo del Tororena. .Antzerkian eta zineman ez eze, 'Periodistas' telesailean be ezagutu dogu upealako arrakasteagaz. Aurten, Sail Ofizialean Oscar Aibar zuzendariaren 'El Gran Vazquez' filma aurkeztuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!