John Sayles, Naomi Kawase, Bent Hamer, Raul Ruiz eta Peter Mullan Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
2010-07-28 16:32 BarriakNaomi Kawase, Ben Hamer, Peter Mullan eta Victoria Galardi zuzendariak lehenengo aldiz lehiatuko dira Donostiako 58. Nazinoarteko Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko, eta John Sayles, Raul Ruiz eta Daoud Aoulad-Syad barriro be lehian izango dira.
Naomi Kawase, Ben Hamer, Peter Mullan eta Victoria Galardi zuzendariak lehenengo aldiz lehiatuko dira Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko, eta John Sayles, Raul Ruiz eta Daoud Aoulad-Syad barriro be lehian izango dira, Donostiako 58. Nazinoarteko Zinemaldiko arduradunek iragarri dabenez.
Naomi Kawase japoniarrak 'Genpin' aurkeztuko dau. Kawasek Canneseko Urrezko Kamera irabazi eban 'Moe no Suzako' (1997) lanari esker eta 2007an, Cannesen, Epaimahaiaren Sari Berezia jasoten lehenengo emakumea izan zan 'Mogari no More' filmarengaitik.
Peter Mullan zuzendari, gidoigile eta aktore britainiarra 'Neds' zuzendari moduan egin dauen hirugarren filmagaz izango da lehian Donostian. 'Orphans', zuzendari legez egin eban lehenengo filma, Venezia, Paris edo Gijoneko zinemaldietan saritua izan zan. 'The Magdalene Sisters' bere bigarren filmak 2002ko Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia irabazi eban.
Bestalde, Raul Ruiz zinemagile beterano eta ospetsua Donostiara itzuliko da 'Misterios de Lisboa' lana aurkeztera. Raul Ruizek nazinoarteko zinemaldi garrantzitsu eta entzutetsuenetan parte hartu dau: Donostian, 1994an, 'Fado maior e menor' filmagaz, lau aldiz Cannesen, eta 2007an Berlineko Zinemaldian karrera osoari Urrezko Hartza emon eutsen.
Bent Hamer norvegiarrak be lehiaketan parte hartuko dau. 1995ean Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian bere lehen lana izan zan 'Eggs' aurkeztu eban. Geroago, 'Salmer Fra Kjokkset / Kitchen Stories' filmagaz, nazinoartean arrakasta handia eta 2003ko Seminciko Urrezko Galburua lortu ondoren, Cannesko Un Certain Regard sailean parte hartu eban 2007an. Bent Hamerrek 'Factotum' aurkeztu eban Zabaltegi Bereziak sailean 2006an eta 'Sukar izoztua' atzera begirakoan egon ziraneko zuzendarietako bat izan zan. 'Home for Christmas' lanagaz parte hartuko dau aurten Donostian.
John Saylesi atzera begirakoa eskaini eutson Donostiako Zinemaldiak 1994an eta orain urira itzuliko da 'Amigo' aurkeztera. Laugarren aldiz lehiatuko da John Sayles Donostian, 'Men of War', 'Silver City' eta 'Honeydripper' aurkeztu ditu-eta lehenago. Azken horregaz 2007ko gidoi onenaren saria jaso eban ('Siete mesas de billar francés' filmagaz batera).
Daoud Aoulad-Syad marokoarra, 2004an 'Tarfaya' filmarekin Donostian izan eta gero, 'La Mosquée' bere bosgarren filmagaz lehiatuko da. Filmaren produktorea Abderrahmane Sissako zinemagilea da, besteak beste, 'Waiting for Happiness' (2002) Canneseko Un Certain Regard sailean parte hartu eta Fipresci saria irabazi ebana eta 'Bamako' (2006) Donostia Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean parte hartu eban filmaren produktorea, hain zuzen be.
Argentinaren ordezkari moduan Victoria Galardiren bigarren lana izango da aurten Donostian, 'Cerro Bayo', Kutxa-Zuzendari Barriak sarirako hautagaia be izanik. 'Amorosa Soledad', Martin Carranzagaz batera zuzendutako lanak, Zinema Eraikitzen 13 ekimenean parte hartu eban eta 2008an Zabaltegi-Zuzendari Barriak sailean lehiatu zan; bertan Gazteriaren saria irabazi eban.
Film horreei gehitu behar jakez joan dan astean jakitera emondako Espainiako lau filmak. Datozen egunetan jakinarazoko dira Zinemaldiaren Sail Ofiziala osotuko daben ganerako filmak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!