Udako ikastaroen balantze positiboa egin dau UEUk

Bizkaie! 2010-07-26 10:57   jardunaldiak

Eibarko Markeskoa Jauregia, Baionako IUT unibersidadea eta Iruñeko Hizkuntza Eskolea izan dira aurten ikastaroen topagune eta, danetara, 400 partaide inguru batu dira.

Udako Euskal Unibersidadearen 38. udako ikastaroen balorazino positiboa egin dau Irati Iciar arduradunak. Aurten 38 ikastaro eskaini dira eta horreetatik 26 emon, igaz baino bi gitxiago. Halan da be, Iciar pozik agertu da, eskaintzaren % 70ak aurrera egin dauelako.

Ikastaroetan gehienezko partaide kopurua egoten da (15-20 lagunez osotua), eta Iciarrek azpimarratu dauenez, 'zenbait ikastaro bete egin dira, gehienezko ikasle kopurua lortu dabe eta itxaron zerrendea egin behar izan da'. Era berean, UEUko arduradunak nabarmendu dauenez, orokorrean, 'aurten talde txikiak osotu badira be, horrek ikastaroen kalidadea bermatu dau'.

Partaide kopuruaren aldetik arrakasta gehien lortu daben ikastaroen artean dagoz 'Sarea eta komunitate birtualen kudeaketa praktikoa: Community Managerra'; 'Arazoetan oinarritutako ikaskuntza (AOI) metodologia eta IKT unibersidadeko irakaskuntzan'; 'HTML5: estandarra egungo web-etara egokitzen'; 'Guraso/hezitzaile eta umeen alkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik bako hartu-emonak'; eta 'Itzulpengintzako teknologia laguntzaileak: joera barriak', guztiak Eibarko Markeskoa Jauregian antolatutakoak.

Barrikuntzen artean, bi nabarmendu ditu Irati Iciarrek. Batetik, on line egin diran bi ikastaroak, teknologia barriakaz zerikusia daben ikastaroak biak, 'Ingurumena ezagutu. GPS eta GIS baliabideak' eta 'Arazoetan oinarritutako ikaskuntza (AOI) metodologia eta IKT unibersidadeko irakaskuntzan', hain zuzen. Ikastaro biek taldea osotu eta aurrera egin dabe.

Bestetik, lehenengo aldiz udako ikastaroen barruan lan-mintegi bat antolatu da. Mintegia Mondragon Unibersidadeko Lanki ikertegiagaz alkarlanean antolatu zan, 'Iraunkortasunerako euskal transizinoaz: herri-ekimenaren desafioak' izenburupean. Hizlarien artean, Joseba Azkarraga eta Jon Sarasua, Lanki-ko ikertzaileak eta MUko irakasleak, Iñaki Antiguedad EHUko katedraduna eta Arantza Arrien EHNE-Bizkaiko Zuzendaritzako kidea izan ziran, besteak beste. Iciar pozik agertu da mintegiak izan dauen arrakasteagaz. 'Formatu intreresgarria da, eta aurrerantzean errepetidu egingo dogu', adierazo dau.

Ikastaroetan oro har maila altuko unibertsitario eta profesionalak izan dira irakasle lanetan. 'Udako ikastaroak gertu biziteko aukerea emoten jake irakasleei be, bai euren ikastaroan zein albokoan ikasle moduan parte hartzen dabelarik'.

Eibarko Markeskoa Jauregia, Baionako IUT unibersidadea eta Iruñeko Hizkuntza Eskolea izan dira aurten ikastaroen topagune eta, danetara, 400 partaide inguru batu dira. Ikasleen balorazinoak eskuan, Irati Iciarrek nabarmendu dauenez, 'ikasleen asetasun maila oso altua da'.

'Gertu' goiburua izan dabe aurten ikastaroek eta 'gertutasunaren' ideia eta asmoari jarraituz, udako ikastaroetan partaideek esperientzia eta bizipen ahaztezinak izaten ditue. 'Hau da UEUren Udako Ikastaroen balio erantsietako bat', nabarmendu dau Iciarrek.

Gari kantari legazpiarraren kontzertuak emon eutson amaierea aurtengo udako ikastaldiar; jentetza handia hurreratu zan joandako barikuan Iruñeko Zaldi Zuria tabernara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu