Kimuak 2010 katalogoak bederatzi film batuko ditu

Bizkaie! 2010-07-22 11:42   Barriak

Deialdira aurkeztutako 76 film laburretatik bederatzi aukeratu ditue, aurreko katalogoetan baino bat gehiago. Horreen artean, euskerazko bi film dagoz zerrendan.

Kimuak katalogoak bederatzi film labur batuko ditu bere 13. edizinoan. Joan dan astelehenean zinema arloko bost profesionalez osotutako epaimahaiak katalogoko film laburren zerrendea erabagi eban eta, eztabaida gatx baten ondoren, deialdira aurkeztutako 76 film laburretatik bederatzi aukeratu zituen, aurreko katalogoetan baino bat gehiago. Kimuak Eusko Jaurlaritzeak eta Euskadiko Filmategiak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) film laburrak nazinoartean sustatzea eta zabaltzea helburu dauen programea da.

Jose Luis Cienfuegos Gijoneko Nazinoarteko Zinemaldiko zuzendariak, Joxean Fernandez Nanteseko Unibersidadeko irakasle eta uri horretako Festival du Cinéma Espagnol zinemaldiaren zuzendariak, Victoria Fernandez Andrino Andaluziako Juntako Ikus-entzunezkoen Arloko proiektu arduradunak, Lucia Olaciregui Donostiako Zinemaldiko Aukeraketa Batzordeko eta Donostia Kulturako Zinema Unitateko kideak eta Edurne Ormazabal EiTB.com-eko zuzendariak osotu dabe epaimahaia.

Programearen arduradunen arabera, aurreko edizinoetan baino film bat gehiago aukeratzea 'EAEn egindako produkzinoen gero eta kalidadea handiagoaren erakusgarri da'. Gainera, epaimahaiak azaldu dauenez, aukeratu ez dituen film laburretako batzuk be Kimuak katalogoko parte izateko nahikoa maila eben.

Katalogoari jagokonez, animazinozko film laburrek tartea izango dabe barriro (2009koak ez eban genero horretako film laburrik jaso), generoko hiru ale batu baititu. Aukeraketearen inguruan, ezohiko hizkuntza eta kontetako moduen aldeko apustua egin da.

Bestalde, lehen aldiz izango da Kimuak katalogoan irudi errealak erabiliz filmautako pelikula erabat esperimentala. Halan da be, aurten ez da dokumentalik sartu aukeratutakoen zerrendan. Gainera, hainbat urtez batez be Gipuzkoan egindako lanak batu ditu Kimuak katalogoak, baina aurten, hiru lurraldeetako film laburrak aukeratu ditue. Aitamen berezia merezidu dau Arabako bi lan jaso ahal izateak, azken edizinoetan ez baita lurralde horretako filmik izan katalogoan.

Era berean, Kimuak 2010 katalogoan euskerea entzungai izango da, bi baitira aukeratutako euskerazko filmak, eta betiko moduan, aurten be aurreko katalogo batzuetan parte hartu daben izenak (Isabel Herguera, Asier Altuna edo Borja Cobeaga) lehen aldiz egiten dabenakaz nahastauko dira (Enrique Garcia, Ruben Salazar, Alaitz Arenzana, Maria Ibarretxe, Kote Camacho, Miguel Angel Jimenez, Angel Aldarondo eta Elias Leon Siminiani). Azkenik, Borja Cobeagak zuzendutako film laburra izan ezik, besteak ez dira oraindino estreinau.

Aukeratutako filmak ondokoak dira: 'Amar' (Isabel Herguera), 'Artalde' (Asier Altuna), 'Daisy Cutter-La cortadora de margaritas' (Enrique Garcia eta Ruben Salazar), 'Exhibition 19' (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe), 'La gran carrera' (Kote Camacho), 'Khorosho (Todo bien)' (Miguel Angel Jimenez), 'Un novio de mierda' (Borja Cobeaga), 'Ondar ahoak' (Angel Aldarondo) eta 'El premio' (Elias Leon).

Urtero legez, film laburrak datorren Donostiako Nazinoarteko Zinemaldian aurkeztuko dira, irailean, eta ondoren, bertoko zein nazinoarteko zinemaldietan egingo dabe ibilbidea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu