Ea poesiaren bizileku
2010-07-09 14:46 jardunaldiakAurtengoa Eako Poesia Egunen zazpigarren edizinoa izango da garagarrilaren 17an eta 18an eta Ea, Natxitu eta Bedaroako paraje zoragarriakaz buztartuz, heriotzea ardatz hartu eta Joseba Sarrionaindiaren ondoko ideian oinarrituta: 'Poesia hilda dago baina ez naz ni izan' egitarau potoloa preparau dabe.
Aurtengoa Eako poesia Egunen zazpigarren edizinoa izango da garagarrilaren 17an eta 18an eta Ea, Natxitu eta Bedaroako paraje zoragarriakaz buztartuz, heriotzea ardatz hartuta eta Joseba Sarrionaindiaren ondoko ideian oinarrituta: 'Poesia hilda dago baina ez naz ni izan' egitarau potoloa preparau dabe. Herrijari Emon Arnasa kultur alkarteak antolatzen ditu jardunaldi honeek hainbat idazlegaz alkarlanean. Edozelan be, jardunaldi honeek aurrera atara ahal izateko ezinbestekoa da eatarrek egiten daben lana. Auzolan bidez egindako jardunaldiak dira, beraz.
Gabriel Arestik Ean igaro zituan bere azken urteak, gaixorik, eta zenbait poema eder herrian bertan idatzi zituan. Alde horretatik, Asun Landaren esanetan, 'Arestiren irudia, pertsona eta lana omentzea eta literatur zaletasuna bultzatzea –batez be poesia–dira helburu nagusiak. 'Poesia Egunak' izenagaz gure kultura literarioa aldarrikatu nahi dogu lau haizetara. Herritarren artean Arestiren ondokoek idatzitako olerkiak ezagutarazo eta komentau, Europako eta munduko olerkariakaz konparau'.
Eako Poesia Egunak ez dira jardunaldi akademiko hutsak, izan be, alkartrukerako egunak izan nahi dabe, literatur zaleak, herritarrak eta idazleak alkarren barri izan daien. Kontuak kontu, egitarautik kanpokoak egitarauaren barrukoak bezain interesgarriak dira.
Eako Poesia Egunen aurtengo irudia Erramun Landak sortu dau; ur tintaz egindakoa da eta, danetara, 40 litografia egin ditu irudi horregaz parte-hartzaile guztiei banatzeko asmoagaz.
Aurtengo barrikuntzen artean, 'Harrikadie', poesia egunetako barripapera nabarmendu dabe antolatzaileek, azalpen gehiago eta poesiari garrantzia emonaz egindako argitalpena.
Horrezaz gan, webgune barria: www.eakopoesiaegunak.com eta Facbook-eko 'Eako poesia egunak' profila aitatu ditu Josu Bergarak, biak be Eako Poesia Egunen filosofiari eutsiz, jentearen parte-hartzea suspertzeko.
Eako VII. Poesia Egunak. Egitaraua
Garagarrilaren 17an, zapatuz ekingo jako Eako Poesia Egunak egitarauari. Goizeko 10:30etan, Xabier Mendigurenek aurkeztua '(Euskal) Literatura amaitzera doa (and I feel fine) izenburupean, Iban Zalduaren berbaldia izango da Beletxe alkartean.
13:00ean, Eako talan, 'Irlaren zuloa', Anari eta Iñigo Aranbarriren arteko irakurketa musikatua, behin bakarrik emongo daben irakurketea izango da.
Herri bazkariaren ondoren, arratsaldeko 16:30ean, Bedaroan, 'Hiltzailea da kritikaria? Kritikaria hiltzailea da?' izenburupeko barriketaldia egongo da. Parte-hartzaileak: Anjel Erro, Igor Estankona eta Aritz Galarraga izango dira. Gidaria: Iñigo Aranbarri.
19:00etan, Apikalen, 'Horrela mintzatu zen Zappatrusta' antzezpena izango da Ander Lipusegaz.
22:00etan, Eako frontoi-atzean, 'Poemen bizi-harian'. Poetak: Leire Bilbao, Maria Josep Escriva, Igor Estankona, Oier Guillan eta Karmele Igartua. Musikariak: Beñat Plaza eta Uritze Laka.
23:00etan, Eako frontoi-atzean, Mursego, Maite Arroitajauregiren proiektua.
00:30ean, Eako frontoi-atzean, 'Haragizkoa', Omar Nabarro eta Rafa Rueda. Parte-hartzaileak: Edorta Jimenez, Rafa Rueda, Jaime Nieto eta Joseba Barrenetxea.
Garagarrilaren 18an, domekan, goizeko 11:00etan, Beletxe alkartean, 'Literatura DJen garaian' berbaldia Harkaitz Canoren eskutik.
Ondoren, 'Poesiaren azken hatsaz' Maria Josep Escriva eta Miren Agur Meaberen arteko barriketaldia.
13:30ean, Natxituko kanposantuan, 'Bustilehorreko poemak'. Hitzak: Jose Luis Otamendi. Soinua: Juan Azpillaga.
14:30ean, herri-bazkaria Natxituko bolatokian.
17:00etan, Ermintxo hotelean, 'Poesiaren tolesdurak'. Hitzak: Amaia Lasa eta Itxaro Borda. Musikea: Garazi Izagirre eta xanet Arozena.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!