XI. Bilbao Arte eta Kultura ikastaroak astelehenean abiatuko dira Espainiako Sari Nazionala dauen María Muñozen jantza eskolakaz
2010-06-18 02:00 jardunaldiakMaría Muñoz, jantzari, koreografo eta pedagogoak emongo deutse hasierea astelehenean, hilak 21, EHUren Bizkaiko Campusak antolatzen dituan Bilbao Arte eta Kultura (BAK) uda ikastaroei. Ikastaro horrek ikusmina handia piztu dau eta eskaera kopurua plaza kopuruaren bikotxa izan da.
María Muñoz, jantzari, koreografo eta pedagogoak emongo deutse hasierea astelehenean, hilak 21, EHUren Bizkaiko Campusak antolatzen dituan Bilbao Arte eta Kultura (BAK) uda ikastaroei. Ikastaro horrek ikusmina handia piztu dau eta eskaera kopurua plaza kopuruaren bikotxa izan da.
Pep Ramisegaz batera, María Muñoz Mal Pelo konpainiako eta L´Animal a l´esquena Koreografia Sorkuntzarako Zentroko alma Mater-a da. 1989ko sortu eben konpainia eta, hasieratik, taldeak hizkuntzen etenbako bilaketan oinarritu dau bere lana. 2009an Espainiako Sari Nazionala jaso eban konpainia honek. Mal Pelok L’animal a l’esquena (2001), Atrás los ojos (2002), AN (El silencio) (2003), Bach (2004), Atlas (2005) eta Testimoni de llops (2006) ikuskizunak aurkeztu ditu azken urteetan. 2010ean ikuskizun barri bat dakarsku: 'He visto caballos', María Muñozen eta Pep Ramisen duoa. Sorkuntza honek taldeko zuzendariek azken sorkuntzetan garatutako hizkuntza artistikoaren bilakaera taula gainean ikusteko aukerea emongo deusku.
XI. Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ikastaroak bagilaren 21tik garagarrilaren 20ra arte bitartean izango dira. Bertan, hogeita hamarren bat ikastaro eskainiko ditue hainbat egoitzatan, besteak beste, Sarrikoko eta Leioako kanpusetan, Rekalde aretoan, Guggenheim Bilbao Museoan, Foru liburutegian eta Bidebarrietakoan, Campos eta Barakaldo antzokietan, edota Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan. Ikastaroen antolaketan EHUk kolaboratzaile izan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila, eta Bilboko Udala.
'Lurraldeak eta mugak. Esperientzia dokumental garaikideak' ikastaroak Estadu espainiarreko hiru zinemagile ausartenetakoak batuko ditu Bilbon bagilaren 28tik 30era: Isaki Lacuesta ('Los condenados' film saritua eta oraindino estreinau ez dan 'Los pasos dobles' egin ditu, besteak beste), Lluis Escartín bideo-sortzailea ('Texas Sunrise', Ivan Istochnikov) eta Elías León Simiani, 'Conceptos clave del mundo moderno' mikrodokumental sortaren zuzendaria. Ikus-entzunezkoen atal berean, 'Batetik bestera aldatzea, zinema, antzerkia eta telebista: eszenatoki partekatua' ikastaroan generoen arteko hartu-emonak aztertuko ditue, betibe sorkuntzearen ikuspegitik begiratuta. Partaide izango dira Stephane Metge eta Pablo Malo zinemagileak, Chema Lobo eta Aitor Mazo aktoreak, Ainhoa Amestoy eta Manuel F. Vieites eszena-zuzendariak eta Sara Bilbatua casting-zuzendaria. Bestalde, Leioako Arte Ederretako Fakultadean partaide aldetik arrakasta handiz egiten dan zinema-tailerrean izango dira aurten Koldo Serra, Kepa Sojo, Borja Crespo, Patxi Urkijo, Jorge Núñez de la Visitación, Víctor Cabaco eta Juan Flan zinemagileak.
Arteak, Museoak eta Teknologiak atalean 'Artea eta sormena' mintegia antolatu dabe Guggenheim Museoagaz batera. Bertan, edertasuna, plazer estetikoa, eta arlo horretako kontzeptuen inguruko hausnarketea egingo dabe partaideek, arlo horretako adituen eta artisten eskutik. Maider Lopez eta Elssie Ansareo artistak eta Telmo Rodríguez enologoak parte hartuko dabe mintegian. Bilbao Metropoli 30 erakundeak koordinauko dauen beste ikastaro batean diseinu teknologikoan arteak dauen originaltasuna izango dabe eztabaidagai. Partaide izango dira, besteak beste, Santiago Cirugeda arkitekto subertsiboa, Marcel-li Antúnez performer-a eta Alfa Arteko kudeatzaile Jose Mari Armentia. Atal berean, ondare historikoari buruzko beste bi ikastaro izango dira, eta sare sozialen eta 2.0 teknologien inguruan museoek egin beharko leukien erabilerea be aztertuko dabe. Azkenik, urban mapping kontzeptuari buruzko mintegia antolatu dabe, eta horren barruan, Najako dorreari buruzko ikus-entzunezkoaren proiekzinoa egingo da garagarrilaren 1eko gauean.
Kultureak eta literatureak be izango dabe tokia ikastarootan. Aurten poesia zabaltzeko moduak aztertuko ditue Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleakaz. Esangura horretan Galizian abiarazotako esperientziak be berbagai izango ditue hainbat kritikarik, irakaslek eta adituk. Beste mintegi batean arteen eta matematiken arteko hartu-emonak azalduko ditue.
Musika ikastaroei jagokenez, aurten be primerako partaideak datoz gurera. Holan, eskola magistralak eskainiko ditue Maria Bayo soprano nafarrak, Josep Colom piano-joleak, Alexei Ogrintchouk oboe-joleak, Jose Luis Estelles klarinete-joleak, Emmanuel Séjourné perkusio-joleak eta Keiko Wataya biolin-jole japoniarrak. Jantza tradizionalaz Jon Maya arduratuko da.
Kultur esparruko ikastaroez gan, Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ekimenak gizarte-gaiei buruzkoak be eskaintzen ditu. Esangura horretan, Hezkuntza eta Komunikazinoa atalean lau ikastaro eskainiko ditue: lehenengoan, teknologian eta komunikabideetan aldaketak etenbakoak diran garaiotan komunikatzaile ona izateko gakoak azalduko ditu Joxerra Garziak; bigarrenean, barriz, hizkuntzearen, kulturearen eta nortasunaren arteko loturea aztertuko dabe; hirugarrenak Garapenerako Hezkuntzea izango dau ardatz; eta laugarrenean, musika-kazetaritza izango dau berbagai Joseba Martin irrati-kazetariak. Ganerako ikastaroetan hainbat gai jorratuko ditue, besteak beste, ekonomia solidarioaren merkatu alternatiboak, Urdaibaiko erreserbearen etorkizuna, herritarren konfidantzea kultura anitzeko gizarteetan, superwoman rola edota kirol-jardueren kudeaketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!