'Artea eta sormena IV: hautematea, pentsatzea, sentitzea' uda ikastaroa Guggenheim Bilbao Museoan

Bizkaie! 2010-06-21 15:42   jardunaldiak

'Artea eta sormena IV: hautematea, pentsatzea, sentitzea' dau izenburu Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeak aurten antolatu daben uda ikastaroak. Museoan bagilaren 23an eta 24an izango diran saioetan, artistek eta nazinoartean Artearen Hezkuntzan adituak diranek Edertasunaren eta Plazer Estetikoaren inguruan hausnartuko dabe.

'Artea eta sormena IV: hautematea, pentsatzea, sentitzea' dau izenburu Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeak aurten antolatu daben uda ikastaroak. Museoan bagilaren 23an eta 24an izango diran saioetan, artistek eta nazinoartean Artearen Hezkuntzan adituak diranek Edertasunaren eta Plazer Estetikoaren inguruan hausnartuko dabe. Berbaldiak, solasaldiak eta eztabaidak Arte Ederretako eta Artearen Historiako ikasleei, eta arte hezkuntzako profesionalei zuzentzen jakez, baita gai horreek interesetan jakezanei be.

Museoaren Entzungelan izango dira aurten be UPV/EHUk antolatzen dauen Bilbao Arte eta Kultura 2010 uda ikastaroa osotzen daben jarduerak. Josu Rekalde, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Dekanoa, eta Marta Arzak, Guggenheim Bilbao Museoaren Hezkuntza eta Interpretazioko
Zuzendariordea, dira koordinatzaileak.

Ikastaroaren helburuak honako honeek dira: Edertasunaren eta Plazer Estetikoaren ideia ahaztuei edo baztertuei buruz hausnartzea, iraganeko gomuta legez etenbarik azaleratzen baitira adierazpen artistiko bakotxagaz; eta gai horreekaz lotutako zenbait praktika artistiko eta sortzaile, eta egungo hezkuntza jokerak aztertzea.

Bagilaren 23an, eguaztena, goizez Roser Juanola ikertzaileak 'Estética y educación: una cartografía social y temporal de nuestros museos' berbaldia emongo dau. Bertan artearen, hezkuntzearen eta demokraziaren inguruko ikuspegi bitxia eskainiko dau eta erakundeek eta gizarteak alkarlanean ibilteko modu barriak azalduko ditu. Ondoren, Bernadett Settele ikerketa proiektuen koordinatzailea jardungo da 'Art Education in Transformation' hitzaldian. Horretan, Zuricheko Unibersidadeko Arte Goi Eskolan (artehezkuntzan aitzindari eta sektore horretako profesionalentzako erreferentea) garatzen ari dan ikerketa proiektuaren emoitzak azalduko ditu. Arratsaldez, barriz, 'Belleza, Placer y Dolor: Análisis desde tres fragmentos fílmicos' izenburupeko eztabaida-saioa izango da. Bertan parte-hartzaileak ondorengoakaz ibiliko dira barriketan: Gabriel Villota artista eta irakaslea, Iñaki Martínez de Albéniz, Soziologian doktorea eta ikertzailea, eta Josu Rekalde, artista eta Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultateko dekanoa.

Bagilaren 24an, eguena, Telmo Rodríguez mahastizainak 'Artesanía y creatividad' hitzaldia emongo dau. Geroago, Elssie Ansareok, Bilbon bizi dan jatorri mexikarreko artisteak ikuspegi kritikoa eskainiko dau egungo arte-jardunean edertasunaren estetika bat aukeratzeari buruz 'Hermosa y Maldita' hitzaldian. Ondoren, Ixiar García 'aktibista futuristak' edertasuna eta sormen parebakoa sustatzearen inguruan hausnartuko dau 'Belleza singular y plural. We are Pink Gorillas' hitzaldian. Artearen historialari Jorge Luis Marzok emongo deutso amaierea topaketeari 'Sentimientos patrios/sentimientos estéticos: unos apuntes sobre la ventriloquía española' berbaldiagaz. Arratsalde horretan bertan, Maider López artistearen eskutik Zero Espazioa, Guggenheim Bilbao Museoan bisitariak orientetako gela barria, bisitetako aukerea izango da artista bera izan baita laguntzaile gelaren sorreran. Azkenik, jardunaldiei amaierea emongo jake ondorioak azalduko dituan solasaldi batean.

Azken buruan, aitatu ikastaroan matrikuletako epea bagilaren 22an amaituko da. Prezioa: 110€ publiko orokorrarentzat eta 55€ ikasleentzat, lanbakoentzat eta Museoaren Lagunentzat. Argibideak eta matrikulea: www.ehu.es helbidean eta 946 01 71 43/11 telefono zenbakian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu