Juan Larrea poeteari buruzko berbaldia Bilbon, bere heriotzearen 30. urteurrenean
2010-05-05 11:31 jardunaldiakBidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak, 'Juan Larrea. Poesía y Exilio' izeneko hitzaldia-solasaldia jasoko dau gaur, maiatzak 5, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Ekitaldi horren bitartez, orain 30 urte erbestean hil zan eta Espainiako abangoardiako poesiaren ordezkari garrantzitsuena izan dan Juan Larrea poeta eta pentsalari bilbotarraren pertsona eta lana hurreratuko jaku.
Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak, 'Juan Larrea. Poesía y Exilio' izeneko hitzaldia-solasaldia jasoko dau gaur, maiatzak 5, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Ekitaldi horren bitartez, orain 30 urte erbestean hil zan eta Espainiako abangoardiako poesiaren ordezkari garrantzitsuena izan dan Juan Larrea poeta eta pentsalari bilbotarraren pertsona eta lana hurreratuko jaku. Bertan parte hartuko dabe José Fernández de la Sota poetak, Julio Flor kazetariak eta Carmen Bereciartua rapsodak. Sarrerea librea eta dobakoa izango da.
1895ean, Bilbon jaio zen Juan Larrea, oso gaztetan hasi zan kreazionismoaren poesia mobimentuan, Gerardo Diegoren poesiak inspirauta. Ondoren abangoardismora hurreratu zan, César Vallejo eta Vicente Huidobro lako poeta hispanoamerikar garrantzitsuakaz izan eban adiskidetasunaren bidez. Liburuzaina izan zan lanbidez, denpora luzez Parisen bizi izan zan eta, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz Mexikon, AEBetan eta Argentinan egon zan erbesteraturik. Bertan, Argentinan, hil zan 1980an.
Poeta legez emon zituan lehen pausuek etorkizun handia erakusten baeben be, erbestearen ondorioz Espainian ia erabat ezezaguna izan zan. Halan da be, 60ko hamarkadearen amaieran, surrealismoaren eta abangoardiakanako interes barriaren ondorioz, Larrearen lan poetiko osoa argitaratu zan (gehiena frantsesetik itzulita), lehenengo Italian, eta ondoren Espainian, Versión celeste izenburuagaz.
Larrearen lan poetikoaren ezaugarri nagusia diskurtsoan erakusten dauen irrazionalismo erradikala bada be, beti be sintaxi argia eta gardena erakusten dau, abangoardiako beste poeta batzuek idazketa automatikorako egin dituen saiakera leialetatik edo ez hain leialetatik eta kontzientzia fluxutik oso urruti. Sarri askotan, bere bertsoak benetako maximak dira, logika berezi baina bikainetik distilatuak.
1990ean, Seix Barral argitaletxeak, Larreak 1926 eta 1934 artean idatzi eban Orbe izeneko poesiazko egunkaritik aukeratutako zenbait lan argitaratu zituan. Egunkariaren izenburua, Ebro berbeari bueltea emonez jarri eban egileak. Aukeraketearen arduraduna Pere Gimferrer izan zan. Liburua, poeta batek, gerra arteko garai gogorrean, bere lana burutzeko bizi dauen barruko bizi pultsuaren oso lekukotasun interesgarria da. 2007an, Renacimiento argitaletxeak 'Ilegible, hijo de flauta' lana argitaratu eban, Larreak eta Luis Buñuelek, alkarren artean, lehenaren jatorrizko kontakizun batean oinarrituta egin eben zine gidoia. Azkenean, bi egileen arteko tirabirak zirala eta, ez zan pantailetara eroan.
Egitaraua
Solasaldian José Fernández de la Sotak, poetearen ezagutzaile handiak eta 'Juan Larrea, versión terrestre' biografiaren egileak, hartuko dau parte. 1960an, Bilbon jaiotako idazle hori egungo Espainiako literaturearen ahotsik azpimarragarrienetakoa da. Kazetari eta idazlea, bederatzi poesia liburu idatzi ditu eta, horrezaz gan, narrazino eta saiakera liburuak be argitaratu ditu, literatur kritikea landu dau prentsan eta irratian eta zutabeak idatzi ditu El Mundo, El Correo eta El País egunkarietan. Blas de Otero Fundazinoaren Ancia aldizkariaren Zuzendaria, 'Poetas por su pueblo' taldeko kide eta Boletín de Ficciones izenekoaren sortzaileetako bat, beste sari askoren artean honako honeek jaso ditu: Antonio Machado Saria (1997) 'Todos los santos' lanagaz eta gaztelaniazko Alfonso el Magnánimo 2005 poesia Saria 'Cumbre del mar' poesia lanari esker. Narratzaile lez argitaratu dituan liburuen artean honakoak azpimarra daitekez: 'Informe Goliat' (1989), 'Elefantes blancos' (1997), 'Negrita con diamantes' (Max Aub Saria, 1998), eta 'Suerte de perro' (2004).
Idazleagaz batera Julio Flor kazetaria eta Carmen Bereciartua rapsoda egongo dira. Carmen Bereciartuak, egileak Parisen egon zan denporan eta Amerikan egin eban bere bizitzako azken garaian idatzitako zenbait poema errezitauko ditu.
Julio Flor prentsa idatzian, irratian eta telebistan dabil lanean 1982tik, eta, beste batzuen artean honako liburu honeek idatzi ditu: 'Padre nuestro que estás en Euskadi', 'El amigo invisible', inmigrazioak Euskadin dauen arpegi pertsonalena erakusten dauen liburua, eta 'El sueño sigue vivo'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!