III. Animabasque-Business azokea Bilbon
2010-04-27 10:52 BarriakAzokea animazinoko edukiei buruzko nazinoarteko foroa da, eta euskal enpresek sortutako animazino produktuak, gehienbat zinema eta telesailak, beste merkatu batzuetan ezagutzera emotea dau helburu.
Animabasque-Business azokearen hirugarren edizinoa Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da datorren eguenean, hilaren 29an. Azokea animazinoko edukiei buruzko nazinoarteko foroa da, eta euskal enpresek sortutako animazino produktuak, gehienbat zinema eta telesailak, beste merkatu batzuetan ezagutzera emotea dau helburu.
Bertan izango dira, barriro, bertoko nahiz nazinoarteko profesional eta enpresa garrantzitsuak, eta euskal sortzaileen azken sormenak ezagutu ahalko dira. Animabasque-Business azokearen aurreko bi edizinoetan aurkeztutako zenbait proiektuk, besteak beste, 'Black to the Moon' edo 'Pérez Ratón2' proiektuek, eragin handia izan eben ondoren sektorean.
Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak Barton Films enpreseagaz lankidetzan antolatu dauen ekimena, euskal sormena nazinoartean sustatzeko Eikenek berak darabilen estrategiaren barruan dago kokatuta. Holan ba, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak babestutako topaketa honen bidez, Eikenek animazinoko euskal enpresen presentzia finkatu nahi dau munduan gero eta garrantzi handiagoa dauen merkatuan.
Gainera, aurreko edizinoetan legez, UK Trade & Investment britainiar alkarte publikoak, enpresen arteko lankidetzea sustatzen dauenak, eta Bilboko Britainiar Kontsulatuaren Merkataritza Sailak, Animabasque-Business azokan parte hartuko dabe, bi herrialdeetako enpresen arteko hartu-emonak indartzeko asmoz.
Goizeko saioa 9:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da. Tarte horretan, III. Nazinoarteko Animazino Merkatuko parte-hartzaileek hamar proiektu barri ezagutu ahalko ditue, eta horreetatik bost ondoko euskal enpresenak dira: Somuga, Abra Producciones, Bitart New Media, Basque Films eta Abrakham Studios. Horreez gan, enpresa honeek izango dira bertan: Xperimenta Planet (Madril), Lince Studios (Bartzelona), Extra Extremadura (Badajoz), BRB Internacional (Madril) eta Bryant Whittle (Erresuma Batua).
III. Nazinoarteko Animazino Merkatua AnimaBasauri6-Animabasque animazino zinemaldiagaz batera egingo da. Bilbokoa merkataritza-topaketea da eta aukerea eskainiko deutse nazinoarteko bezero eta koproduktoreei dagoeneko produziduta dagozan edo banatzailerik ez daben produktuak ezagutzeko. Helburu nagusia nazinoarteko akordio, koprodukzino eta banaketei mesede egin eta lanak merkaturatzea da. Antolatzaileen arabera, azokea 'gune egokia' izango da hartu-emon zuzenak izateko, eta arratsaldeko saioko tailerretan profesionalek, produktoreek eta banatzaileek agenda zehatza izango dabe, alkarrizketak eta topaketak egiteko.
Aurreko edizinoen arrakastea aintzat hartuta, Eikeneko arduradunek Animabasque-Business Estaduko animazino azoka nagusi moduan finkatzea espero dabe, baita animazinoko ikus-entzunezkoen industriak ezagutzak, teknologiak eta lan metodologiak alkartrukatzeko ezinbesteko topaketatzat hartzea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!