Estreinauko diran nazinoarteko 8 film eta Hitchcock-i egingo jakon omenaldia, besteak beste, Bilboko XVI. Zinemaldi Fantastikoan

Bizkaie! 2010-04-26 15:23   Barriak

Atal ofiziala maiatzaren 3an, zabalduko da, Capitol Zineman, Paul Weitz-en 'El circo de los extraños' filmagaz. Lan hori, fantasia eta komedia makabroa bikain buztartzen dituan Darren Shanen eleberrien luxuzko egokitzapena da. Filmak antzezle talde bikaina batzen dau, eta antzezle horreen artean dagoz, besteak beste, Willem Dafoe banpiroa eta Salma Hayek emakume bizarduna.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen XVI. FANT tarteko dala, maiatzaren 3tik 9ra Bilbo zine fantastikoaren uriburu bihurtuko da. Aurten, lehiaketara aurkeztuko diran nazinoarteko aukeraketa interesgarria eskainiko deusku oraindino estreinau bako lanakaz. Horrezaz gan, leku berezia izango dau maisu handiei omenaldia eskaintzeko, besteak beste, Alfred Hitchcock-i ('Psicosis' lana, estreinau zaneko 50. urteurrena eta maisua hil zaneko 30. urteurrena da aurten), Edgar G. Ulmer-i eta Robert Aldrich-i. Era berean, fil laburrak eta B serieko klasikoak emongo dira, eta txikienentzako lekua be egongo da. Hau da, kalidadezko zine fantastikoa, mota guztietako gustu eta ikusleentzat.

Ohikoa danez, zine saioakaz batera, bestelako ekitaldiak be eskainiko dira, zuzeneko kontzertuak, kaleko animazinoa eta FANT-erako girotutako aisia guneak, besteak beste. Holan, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa datorren barikuan, apirilaren 30ean abiatuko da, The Master Plan eta Teté Delgado y los Ciclones taldeen kontzertuagaz, eta domekan, maiatzaren 2an, eguerdiko 13:00etan, Abandoibarran, Gaitzerdi Teatro taldeak, Zinemaldiaren aurtengo edizinoaren barri emoteko aukeratutako kartela irudikatuko dauen eszenifikazino ikusgarria eskainiko dau. Kartelak, zain dagoan eta era enigmatikoan ehoten ari dan erdi armiarma, erdi emakume dan izaki fantastikoa erakusten dau. Zer dago ehoten? Beharbada genero fantastikoaren zaleak bereganatuko dituan amarauna.

Horrezaz gan, Zinemaldiko zine programazinoaren barruan, umeei zuzendutako Fanteskola atala be jasoten da. Aurten, Jorge Blancok, Javier Abadek eta Marcos Martínezek zuzendu daben Espainia eta AEBetan arteko 'Planet 51' produkzinoari eskainiko jako atal hori. Emonaldia maiatzaren 6an izango da, goizeko 10:00etan.

Zine programazioari jagokonez, atal ofiziala astelehenean, maiatzaren 3an, zabalduko da, Capitol Zineman, Paul Weitz-en 'El circo de los extraños' filmagaz. Lan hori, fantasia eta komedia makabroa bikain buztartzen dituan Darren Shanen eleberrien luxuzko egokitzapena da. Filmak antzezle talde bikaina batzen dau, eta antzezle horreen artean dagoz, besteak beste, Willem Dafoe banpiroa eta Salma Hayek emakume bizarduna.

Atal ofizialeko Film Labur Onenari emoten jakon FANT 2010 Sarira aurkezten diran film guztiak Bilbon estreinau bakoak dira, eta hainbat lehenengo aldiz erakusten dira Estadu osoan. 'El circo de los extraños' filmaz gan, lehiaketara aurkeztutako filmak honakoak dira: 'Cargo' suitzarra, Ivan Engler-en eta Ralph Etter-en artean zuzendua; Hego Koreako 'The Chaser', Hong-jin Na-rena; Danimarka-Norvegia-Suediaren arteko 'Deliver us from evil', Ole Bornedal zuzendariak egina; Philippe Grandrieux-en 'n lac' frantsesa; Peter Van Hees-ek zuzendu dauen 'Left bank' belgiarra; Uros Stojanovic-en 'Tears for sale' frantziar-serbiarra, eta vikingoei buruzko 'Valhalla rising' film luzea, Nicolas Winding Refn zuzendariaren Danimarka eta Britainia Handiaren artean egindako lana. Ohikoa danez, epaimahaiak aukeratzen dauen lana zinemaldiaren azken egunean, maiatzaren 9an, eskainiko da barriro, Capitol Zineman.

Edizino honetan, atal berezirako mundu osotik etorritako 362 film labur aurkeztu dira, eta Zinemaldiko antolakuntzak 12 onenak aukeratu ditu. Lan horreek FANT LABURREAN atalaren barruan emongo dira. Aukeratutako zuzendarien artean zenbait espainiar azpimarratu behar dira, Javier Chillón, Arturo Artal edo antzezle moduan ezaguna dan, Leticia Dolera.

Beste alde batetik, ohiko Nontzeberri Gauan (Maiatzak 8), ikusleek, Nontzeberri kultur atariak antolatu dauen nazinoarteko Nontzefilmak On-line Zine eta Animazinozko Film Laburren Lehiaketan aurkeztutako lanen artean aukeratutako film laburrak ikusi ahal izango ditue. Proposamen bitxia da, eta bere ezaugarri nagusia, lehiaketara aurkeztutako lanak –gehienez be hiru minutu eta erdiko iraupena izango dabenak– erakundearen webgunearen bitartez aurkezten dirala da. Lehiaketa honen aurtengo edizioan, mota guztietako teknikak erabiliz burututako 148 lan aurkeztu dira –69 Euskal Herriko egileek egindakoak–.


Epaimahaia

Atal Ofizialeko epaimahaia Euskadiko hiru egilek osotuko dabe: Pablo Malo zuzendari donostiarrak, Carlos Juárez produktore, zuzendari eta gidoilariak eta Azkoitiko Izibene Oñederra zinegile gazteak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu