Uri mutantea izango da Bilbo astebetez FANT jaialdiari esker

Bizkaie! 2010-04-20 15:22   Barriak

Aurtengo Zinemaldi Fantastikoaren XVI. edizinoak fantasiazko izaki bat berpiztuko dau astebetez: Guggenheim Museoaren alboan dagoan aramua. Izaki hori da maiatzaren 3tik 9ra bitartean egingo dan FANT jaialdia iragarten dauen kartelaren ardatz nagusia.

Azken urteetan, FANT zinema jaialdiari esker, Bilbo zientzia fikzinoaren uri bulakatu da. Uri mutantea da, uri fantastikoa. Fantasia horren barruan, izaki fantastikoak dagoz eta aurtengo Zinemaldi Fantastikoaren XVI. edizinoak fantasiazko izaki bat berpiztuko dau astebetez: Guggenheim Museoaren alboan dagoan aramua. Izaki hori da maiatzaren 3tik 9ra bitartean egingo dan FANT jaialdia iragarten dauen kartelaren ardatz nagusia eta, baita, hasiera-ekitaldia baino egun bat lehenago, maiatzaren 2an, Gaitzerdi Teatro taldeak eguerdiko ordubatean Abandoibarran eskainiko dauen ikuskizunarena be.

Bilboko Udaleko kultura arloko zuzendari Iñaki Lopez de Aguileta; Radiation kontzertu-promotorearen ordezkari Unai Fresnedo eta Nontzeberri webguneko ordezkari Julen Azpitarte izan dira gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan jaialdiaren eta bestelako ekimenen ganean berba egiten.

FANTen edizino honetarako, Kultura eta Hezkuntza Sailak sarien oinarriak aldatu zituan, eta 3.000 euroko sari barri bi gehitu dira aurten, zinemaldiko epaimahaiak eta ikusleek emongo dituenak. Sari barriek bultzatuta edo, aurten mundu osotik —Kanadatik, Alemaniatik, Ingalaterratik, Holandatik, Frantziatik…— etorritako 362 film labur aurkeztu dira, igaz baino ia laur bider gehiago. Zinemaldiko antolakuntzak 12 aukeratu ditu, eta horreek izango dira maiatzaren 7an egingo dan ekitaldian saridun subertau daitekezanak.


Kontzertua

Film bikainez beteriko astearen aurrerapen legez, FANTek zuzeneko musika-emonaldiak eskainiko ditu. Horren barri emon dau Fresnedok: 'Bilboko Kafe Antzokian, 'The Master Plan' taldearen kontzertua izango da apirilaren 30ean gaueko bederatzietatik aurrera'. Taldea New Yorkekoa da eta, aurretik, Teté y los Ciclones taldeak obra berezia eskainiko dau. Ikusle gehienek telebistan eta antzerkian egin dauen lanagaitik ezagutzen dabe Teté Delgado. Baina 45 urteko artista galiziar horren arte ibilbidea ez da horretara mugatzen. Urte asko daroaz musikearen munduan, eta orain, Los Ciclones taldeagaz, benetako rock and roll bandeagaz, jatorku.

Kontzerturako sarrerak salgai dagoz, 6 euroan, BBK kutxazainetan, Ticketmasterren, Power Recordsen eta Kafe Antzokian.


Nontzefilmak

Lehiaketara aurkeztutako filmak www.nontzeberri.com kultur atariak antolatu dauen nazinoarteko Nontzefilmak On-line Zine eta Animazinozko Film Laburren Lehiaketan aurkeztutako lanen artean aukeratutako filmak dira. Proposamen bitxia da, eta bere ezaugarri nagusia, lehiaketara aurkezten diran lanak —gehienez be hiru minutu eta erdiko iraupena izango dabenak— erakundearen webgunearen bitartez aurkezten dirala da.

Lehiaketa honen aurtengo edizinoan 148 lan aurkeztu dira —69 animazinozkoak—, mueta guztietako teknikak erabilita egindakoak, eta antolakuntzeak lan horreen kalidadea azpimarratu dau. Euskal egile askok parte hartu dabela azpimarratu dau Azpitartek (berrogeik, hain zuzen be), eta lan horreetako asko euskeraz egindakoak dirala.

Proiektu onenak maiatzaren 7an aurkeztuko dira eta hiru sari egongo dira: bata zine arloan, bestea animazinoan eta, hirugarrena, euskeraz egindako film labur onenari.


Fantrobia Saria

Oraingo honetan, saridunak Alex eta David Pastor katalanak izango dira. 'La ruta natural' lanagaz, Sundanceko jaialdiko Nazinoarteko Film Labur Onenaren saria lortu eben eta, ondoren, Estadu Batuetan, kritika bikainak jaso dituan 'Infectados' film laburra egin eben.


Fant Food

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak indarrak barriztetako eta proiekzinoen erritmo biziari aurre egiteko aukerea be eskainiko dau. DeLuxe lounge (Buenos Aires kalea, 1) taberna-jatetxeak FANT menu berezia eskainiko dau aste osoan, genero fantastikora egokitutako proposamenakaz: zonbi zopea, lurralde elfiko madarikatuetako entsalada iluna edo milurteko banpiroaren odola, besteak beste.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu