Bilboko Udalak Errekalde auzoaren azken urteetako historiari buruzko bideoa argitaratu dau
2010-04-19 15:39 BarriakHogeita hamar pertsona inguruk eta auzoko zenbait alkartek, horreen artean Indarra musika taldeak, Arraizpe abesbatzak, Gazte leku alkarteak, Kukutza Gaztetxeak edo Errekaldeko Familien alkarteak hartu dabe parte ekimenean. Helburua Errekalderen historia ezagutzera emotea da, bertan bizi diranen esperientzian eta ezagutzan oinarrituz.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, auzoko biztanleen testigantzen bitartez Errekalde auzoaren azken urteetako historiaren barri emoten dauen 'Lekuak eta Lekukoak - Rostros y rastros' dokumentala aurkeztu dau. Hogeita hamar pertsona inguruk eta auzoko zenbait alkartek hartu dabe parte, bertako biztanleen begiradan oinarrituta, Bilboko auzo garrantzitsuenetako baten azken urteetako historia aztertzen dauen ekimenean. DVD-aren argitalpena Bilbao Izan udal programearen barruan sartzen da. Programa horren helburu nagusietakoa Bilboren eta bere auzoen historian sakontzea eta historia hori ezagutarazotea da.
Filmak 30 minutuko iraupena dauka, eta Errekaldeberriko Gabriel Aresti Herri Ikastetxeko Kultur Aretoan aurkeztuko da asteon, eguaztenean eta eguenean (apirilaren 21ean eta 22an), lau saiotan, arratsaldeko 17:45etan, 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan. Sarrerea librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte. Apirilaren 22tik aurrera www.bilbao.net udal webgunean ikusi eta bertatik 'hartu' ahal izango da.
Bideoak, 'Errekalde: lizarraren leku, herritarren esku / Rekalde: un espacio, unas gentes' argazki erakusketearen komisarioak izan ziran Joseba Eguiraunen eta Javier del Vigoren laguntza berezia izan dau. Erakusketa hori joan dan urtearen amaieran egon zan ikusgai Ametzolako tren geltokian. Javier del Vigok zein Joseba Eguiraunek, -irakaskuntza ertaineko irakaslea eta psikologo emeritua, hurranez hurran-, Bilbao Izan barruko 'Bilbao Auzoz auzo' programan be hartu eben parte, Errekalderi buruzko azterlana aurkeztuz.
Beste begirada bat
Orain aurkezten dan dokumentala Bilboko auzo batean oinarritutako lehenengoa da, Bilboko Udalak, 1983ko uholdeen 25. urteurrena zala eta egindakoaren ondoren. Errekalderi buruzko bideoak auzoaren gizarte eta urigintza bilakaerea markau daben alderdiak lantzen ditu, lehenaldiko eta gaur egungo inmigrazinoa, gaur egun be oraindino indarrean dagoan auzo giro nabarmena, zenbait zerbitzu lortzeko izandako burrukea (autobusa, eskolak, anbulatorioa…), kirol jarduera edo topalekuak, pilotalekua, auzoko zineak eta tabernak, besteak beste.
Horrezaz gan, bideoak, biztanleen begiradatik, auzoaren orografiagaz beragaz zerikusia daben eta auzoaren bilakaeran oso garrantzitsuak izan diran zenbait azpiegitura eta alderdi aztertzen ditu.
Hogeita hamar pertsona inguruk eta auzoko zenbait alkartek, horreen artean Indarra musika taldeak, Arraizpe abesbatzak, Gazte leku alkarteak, Kukutza Gaztetxeak edo Errekaldeko Familien alkarteak (Estadu osoko lehenengoak), hartu dabe parte ekimen honetan. Ekimenaren helburua Errekalderen historia ezagutzera emotea da, bertan bizi diranen esperientzian eta ezagutzan oinarrituz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!