María Bayo, María Muñoz, Isaki Lacuesta, Josep Colom eta Borja Cobeaga, Bilbao Arte eta Kultura ikastaroetako irakasleen artean

Karolina Almagia 2010-04-16 14:43   jardunaldiak

Euskal Herriko Unibersidadeak antolatzen dituan Bilbao Arte eta Kultura (BAK) udako ikastaroen XI. edizinoa bagilaren 21etik garagarrilaren 20ra arte izango da. Arte eta kulturan oinarrituta egon arren, inoiz baino edegiago egongo da beste hainbat gizarte gai eta eztabaidetara.

Josep Colom eta María Bayo musikariak, Maria Muñoz eta Jon Maya jantzariak, Chus Gutiérrez, Isaki Lacuesta eta Borja Cobeaga zinegileak, Marcel. Li Antúnez artistea, Santiago Cirugeda arkitektoa eta Harkaitz Cano, Itxaro Borda eta Kirmen Uribe idazleak dira, besteak beste, Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ikastaroetan eskolak emongo dituen batzuk.

Euskal Herriko Unibersidadeak antolatzen dituan Bilbao Arte eta Kultura (BAK) udako ikastaroen XI. edizinoa bagilaren 21etik garagarrilaren 20ra arte izango da. Arte eta kulturan oinarrituta egon arren, inoiz baino edegiago egongo da beste hainbat gizarte gai eta eztabaidetara. Danetara, 700 bat ikasle eta 150 irakaslek parte hartuko dabe.

Bilbon, Leioan eta eta Barakaldon egingo dira 30 ikastaroak, hamar egoitzatan banatuta, tartean Campos Antzokia, Rekalde aretoa, Foru Liburutegia edo EiTBko egoitzea.

Arte eta museoetara eskainitako ikastaroetan, barrikuntzeak eta teknologiak leku berezia izango dabe aurten, izan be, web 2.0 eta sare sozialen erabilerea museoetan, 'urban mapping' dalakoa eta artea eta diseinu teknologikoaren arteko loturea izango dira ardatzak. Irakasleen artean, korrente kontrakoa dan Santiago Cirugeda arkitekto andaluztarra eta La Fura dels Baus taldearen fundatzailetako bat dan Marcel.li Antunez artistea izango dira.

Bestalde, Guggenheim Museoagaz batera antolatzen dan 'Artea eta Sormena' ikastaroan 'sentitzea eta gozamena esperientzia artistikoan' izango da gai nagusia. Horrezaz aparte, ondarea eta memoriaren gaiaren inguruetan beste bi ikastaro egingo dira.


Zinema eta literaturea

Ikus-entzunezkoen arloan, hiru ikastaro antolatu dira. Arte Ederretako Fakultadean egiten dan Zine Lantegian, barriro be gaur egungo euskal zinemagintzako errealizadore ezagunenak izango dira, eskola praktikoak zein teorikoak emoten. Enrique Urbizu, Borja Cobeaga, Koldo Serra, Borja Crespo eta Kepa Sojo dagoz partaideen artean.

Zinemagintza, antzerkia eta telebistaren arteko hartu-emonen inguruko ikastaroak Aitor Mazo eta Chus Gutiérrez, besteak beste, izango ditu irakasle. Gainera, Isaki Lacuesta, Elías León Siminiani eta Lluis Escartin gaur egungo hiru dokumentalgile barritzaileren lanak aztertuko dira beste ikastaro batean.

'Poesia agertokietan' da Literatur arloan jorratuko dan gai bat eta bertan Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Itxaro Borda izango dira, besteak beste. Arlo honetako bigarren ikastaroak kulturearen eta matematiken arteko loturak aztertuko ditu.

Jantza eta musikako ikastaroen barruan, Maria Bayo eta Maria Muñozen izenak dira batez be aitagarri. Biak Espainiako Sari Nazionala irabazitakoak dira. Eurekaz batera maila handiko irakasleak izango dira aurten be Bilbon: Josep Colom pianista, Alexei Ogrintchouk oboe-jotzailea, Jose Luis Estelles klarinete-jotzailea, Keiko Wataya biolinistea, Emmanuel Sejourne perkusionistea eta Ana Luisa Chova kantu irakaslea. Jantza tradizionalaren gunean, Jon Maya eta Pantxika Telleria koreografoek erakutsiko dabe 'Soka' proiektua, lengoaia tradizionala eta garaikidea batzen dituana.

Hezkuntza eta komunikazinoa be landuko dira. Aitatzekoa da garapenerako hezkuntza eta irakaskuntzearen gizarte ardureari eskainiko jakon ikastaroa edo hizkuntza eta kulturen arteko alkarrizketeari buruzkoa.

Beste gizarte gai batzuk be jorratuko dira: ekonomia solidarioa, merkatu alternatiboak, emakumezkoen osasuna, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba eta bertan Guggenheim bat kokatzeko egitasmoa eta beste batzuk.

Patxi Ezkiagak zuzentzen dituan BAK ikastaroak antolatzeko, EHUk honako erakundeen bases ekonomikoa jaso dau: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila eta Bilboko Udala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu