TF1 kate publiko frantsesak 3Koma euskal produkzino-etxearen 'Urteko Egutegia' saioa erosi dau
2010-04-14 17:33 BarriakKate publiko frantsesak erosi dauen saioa dagoeneko ETBk eskaini dauen 'Urteko Egutegia' lehiaketea da. Bertan, hainbat taldek ahalik eta argazki erakargarrienakaz egutegi bat osotzeko lehian jarduten dabe, Eiken Ikus-entzunezkoen Euskal Klusterreko arduradunek adierazo dabenez.
TF1 kate publiko frantsesak 3Koma euskal konpainiak produzidutako 'Urteko Egutegia' reality-lehiaketea erosi dau, Frantzian eskaintzeko asmoz. Hain zuzen, Cannesko MIPTV Ikus-entzunezkoen Azokan erosi ditu eskubideak kate frantsesak. Azoka hori da munduko garrantzitsuenetako bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 11 enpresa dagoz bertan parte hartzen, Basque Audiovisual markearen bitartez.
Kate publiko frantsesak erosi dauen saioa dagoeneko ETBk eskaini dauen 'Urteko Egutegia' lehiaketea da. Bertan, hainbat taldek ahalik eta argazki erakargarrienakaz egutegi bat osotzeko lehian jarduten dabe, Eiken Ikus-entzunezkoen Euskal Klusterreko arduradunek adierazo dabenez.
Aitatu iturrien arabera, saio hau erosi izanak agirian itxi dau 'zelako interesa piztu dauen euskal produktuen katalogoak Cannesen dagozan produktora eta banatzaileen artean'. Beraz, formatuak (Pausokaren 'Iruzurtia-El Impostor', esaterako) eta dokumental historikoak izan dira, orain arte, Basque Audiovisual-en erakusmahaian izandako mundu osoko profesionalek bilatu dituen produktuak. Erakusmahai horretan, bestalde, nabarmentzekoa da Idem-ek aurkeztutako 'Rolanden Kanta' ('La Chanson de Roland') lan historikoa.
Danetara, 11 enpresak hartu dabe parte Cannesko Azokan: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Expressive Media projects, Idem 4, JSB Multimedia, Mediabask, Pausoka, Retelsat, Silverspace Animation Studios eta Sonora Estudios. Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren ekimenari eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari esker, enpresa horreek guztiek aukerea izango dabe euren produktuak sektoreko eragile nagusiei eskaintzeko, hain zuzen, barikura arte, egun horretan amaitzen baita Azokea.
Termometro ezin hobea
'Azoka hau termometro ezin hobea da eduki digital eta ikus-entzunezkoen arloan oraintxe dagozan joerak neurtzeko. Oraindino be igarten dira krisialdiaren eraginak baina hemen egotea ezinbestekoa da euskal enpresen produktuak aurkeztu ahal izateko', azaldu dau Itziar Mena Eikeneko zuzendariak. Horrenbestez, aurtengo eskarmentuak, aurreko urteetakoagaz batera, argi erakusten dau Eikenek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Cannesera eroan daben helburua, euskal ikus-entzunezkoen enpresak nazinoartekotzekoa eta merkaturatzekoa, hain zuzen, benetan arrakastatsua izaten ari dala.
Dokumental historikoez eta formatuez gan, Baleukoren 'Animatik' lanak be interes handia piztu dau Basque Audiovisualen erakusmahaian. Animazino software bat da, denpora errealean, eta honi esker, pertsonaia birtualak bere solaskideagaz berehalako alkarreraginean jarduteko aukerea izango dau.
MIPTV Azokea urtero egiten da sasoi honetan, Frantziako Cannes herrian. Aurten, 100 herrialdetik gora batu dira bertan, eta aurreko urteetan legez, aurten be Basque Audiovisual-ek babesten dau Cannesera joandako euskal ordezkaritza osoa. Basque Audiovisual, hain zuzen, nazinoartean modu berezian nabarmendu dan Euskal Ikus-entzunezkoen Sektorearen ikur bilakatu da. Gainera, hainbat abantaila gehigarri be eskaintzen ditu, besteak beste, sareko merkataritza katalogo bat (www.basqueaudiovisual.com) eta enpresei laguntzinoa eskaintzeko aholkulari talde bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!