Euskeraz eginda existiduten diran lehenengo dokumentalak, Gotzon Elortzaren eskutik

Bizkaie! 2010-04-13 18:10   Barriak
'Ereagatik Matxitxakora', 'Helburua Gernika' eta 'Aberria' Gotzon Elortza auzokide getxotarrak egin zituan 60. hamarkadan

Dokumental labur horreek Gotzon Elortza auzokide getxotarrak egin zituan 60. hamarkadan, euskereak bolada gogorra bizi ebanean. Orduan, Gotzon Elortza Parisen bizi zan bere emazteagaz eta euskerearen alde egiteko ikus-entzunezkoetan hizkuntzearen presentzia bermatzea oso garrantzitsua zala jaubetu zan.

Euskeraz eginda existiduten diran lehenengo dokumentalak zaharbarritzeko proiektuan parte hartzen dago Getxoko Udala, Gernikako eta Bermeoko udalakaz, Uribe Kostako Mankomunidadeagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz alkarlanean. Dokumental labur horreek Gotzon Elortza auzokide getxotarrak egin zituan 60. hamarkadan, euskereak bolada gogorra bizi ebanean. Orduan, Gotzon Elortza Parisen bizi zan bere emazteagaz eta euskerearen alde egiteko ikus-entzunezkoetan hizkuntzearen presentzia bermatzea oso garrantzitsua zala jaubetuta, askotan izkutuan mugea zeharkatu eta hainbat ordu filmeteari ekin eutson, euskerea sufriduten egoan atzerapenari aurre egiten laguntzeko.

Dokumentalen izenburuak 'Ereagatik Matxitxakora', 'Helburua Gernika' eta 'Aberria' izan ziran. Momentu horretako paisajeak eta euskal kulturearen hainbat pertsonaia agertzen dira eta balio historiko, etnografiko eta hizkuntzalaritza arlokoa upealakoa da. Egun Donostiako Euskal Filmategian dagozan dokumentalak zaharbarritzen dabilz, lanon biziraupena ziurtatzeko. Bartzelonako laborategi batean egiten dagozan masterizazino prozesuak 50 urteko zinten balioa gordetzea ahalbidetuko dau. Proiektuaren aurrekontua 14.000 eurokoa da eta horreetatik Foru Aldundiak 5.000 ipini ditu eta Getxoko Udalak 2.250 (ganerako erakundeek bezela).

Ekimena 'Ondare Udaberria' ondarearen inguruan Getxoko Udala aurrera daroan zikloaren barruan kokatzen da, urte batzuetako lanaren frutua dana. 'Oso garrantzitsua da ondarea, kasu honetan hizkuntzako ondarea, berreskuratzea, zaharbarritzea eta zabaltzea, alde batetik, gure historia ez ahaztuteko eta etorkizuneko belaunaldien ezagutzea ahalbidetzeko eta bestetik, udalerriko bizilagun bati errekonozimendua emoteko, hizkuntzarako oso gogorra zan momentuan euskerearen alde lan egin ebalako eta horri esker altxor handia itxi deuskulako' adierazo dau Koldo Iturbek, Euskara Zerbitzuko zinegotzi arduradunak.

Dokumentalen aukeraketa bat ikusi ahal izango da apirilaren 23an, barikuan, 19:30ean Andres Isasi Musika Eskolan. Bertan, omen ekitaldi berezian, Imanol Landak, Getxoko Alkateak, Gotzon Elortzari Aixerrotako irudia emongo deutso egindako lana eskertzeko.


Gotzon Elortza

Orain 86 urte Getxon jaio eta bertan bizi da egun 1968an Parisetik bueltau zanetik. Berak kontetan dauenez, 60. hamarkadan 'Le Monde' egunkaria irakurten eban eta hor askotan argitaratzen zan ikus-entzunezko laguntzinorik ez eukan hizkuntzea hilda egoala epe laburrera. Euskereak laguntzarik ez eukanez, grabazinoak egitera etorten hasi zan, bere atzerapenari aurre egiten laguntzeko. Parisetik izkutuan emazteagaz 4x4 batean etorten zan. Irudiak grabau eta Parisa barriro alde egin, hurrengo egunean lanera joateko. 'Dokumentalak oso inozenteak dira, errepresino handia egoalako. Nire lana lan psikologikoa izan zan, konturatu nintzalako pertsona bat, bi edo ehun pantaila eder batean, musikea eta euskerea entzuten irudi polita zala eta horrek distira itzela ebala' azaldu dau Gotzon Elortzak berak. Bere lanetan Portu Zaharra, Ereaga, Arrigunaga, Gorliz, Barrika, Bermeo, Gernika, Enbeitatarrak, Jon Lopategi, Victor Olaeta eta abar agertzen dira. Egun askotako lana izan zan, 'oso gogorra izan zan, ezelako laguntzino barik (behin 25.000 pezeta baino ez euskuezan emon) Parisen emaztea eta biok, gerrikoa estutu eta gure gela bakarreko etxean moldatu (musika eta offean narrazinoa sartu) genduzalako'.

Elortza pozik dago bere lanaren errekonozimenduagaz, baina dino 'orain 50 urteko gauzak dira…, dokumentalak ordurako garrantzitsuak izan ziran baina gitxi batzuek balorau dabe...'.


Balio handiko dokumentalak

Jon Lopez, Euskal Filmotekako teknikariaren arabera, dokumentalak hizkuntza eta etnografia mailan balio eta kalidade handikoak dira, sano garrantzitsuak euskeraz pentsauta eta eginda dagozan lehenengoak diralako.

'Zaharbarritze prozesua artisau-lana da, ordenagailuz egin arren. Ordenagailuak fotogramaz fotograma kentzen ditu marrak eta akatsak eta jatorrizko koloreak berreskuratu be. Oso lan luzea eta nekosoa da baina merezidu dau, etorkizuneko belaunaldiek dokumentalak ikusi ahal daiezan. Gotzon Elortzak errekonozimendua merezidu dau zine arloan lan bikaina egin ebalako eta euskereagazko maitasuna be erakutsi dauelako' nabarmendu dau Jon Lopezek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu