Familia osoari zuzendutako egitarauagaz dator VI. AnimaBasauri-AnimaBasque
2010-04-13 15:50 BarriakEmonaldi gehienak Basauriko Social Antzokian izan arren, Pozokoetxe Kultur Etxean eta Bilboko Multicines aretoan zein EiTBko Multibox gelan eta FNACen be 'Planet 51', 'Pastel Magikoa', 'The Watercolor' eta 'In the Attic' lako animazino-lanez disfrutetako aukerea egongo da apirilaren 23tik 30era bitartean.
AnimaBasauri-AnimaBasque jaialdiaren seigarren edizinoa apirilaren 23an hasi eta 30ean amaituko da. Ekimenaren aurkezpena gaur egin dabe Bilbon eta bertan izan dira Basauriko alkate Loli de Juan; Kultura zinegotzi Soraya Morlan; Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko aholkularitza taldeko buru Pello Gutierrez; eta programaren zuzendari Maria Jesus Díez, BBKren ordezkari bategaz batera.
'Basauri izan arren jaialdiako ekitaldi nagusien egoitza, gure amesa ahalik eta gehien zabaltzea da eta hortik dator ekimenaren izen bikoitza', azaldu dau Diez andreak. Horregaitik, Basauriz gan, beste hainbat lekutan erakutsiko dira animazino filmak, besteak beste EiTBko Multibox aretoan eta FNAC dendan. 'Planet 51', 'Pastel Magikoa', 'The Watercolor' eta 'In the Attic' izango dira, besteak beste, proiektauko diran animazino-lanak. Baina, emonaldiakaz batera, egitarau paralelo zabala antolatu dabe, besteak beste, honako ekimenakaz: Goya sariak, tailerrak, erakusketa bana Ariz Torrean eta FNACen eta umeei zuzendutako zine-tailerrak. Azken ekimen horreetan, berbarako, Madrileko Ars Animación enresako ordezkari Oscar Santillanak animazino munduaren nondik norakoak azalduko ditu.
Aitatutako atalez gan, atzera begiratzeko astia be izango da aurtengo AnimaBasauri jaialdian eta, besteak beste, 'David Gnomoa' animazino-pertsonajea sortu eban Claudio Biern Boyd izango dabe gogoan. Horrezaz ganera, aurten, Britainia Handia izango da konbidautako herrialdea eta, bertako ordezkaritza bati esker, mundu mailako animazino-lanak ezagutzeko aukerea be egongo da.
Basauriko alkatea pozik agertu da jaialdiagaz, 'Basauri kulturearen mapan eta animazino-jaialdien mapan kokatzen dauelako eta hori pozgarria dalako guretzat'. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak be antolatzaileen lana goraipatu dau, baita jaialdiaren adierazpen ahalmena: 'urterik urte interesgarriagoa da programearen eskaintzea'.
Emonaldi gehienak Basauriko Social Antzokian izan arren, Pozokoetxe Kultur Etxean eta Bilboko Multicines aretoan zein EiTBko Multibox gelan eta FNACen be, animazino-lanez disfrutetako aukerea egongo da, teknologia barriek eskaintzen dueskuezan tresnei esker, egun, ia edonork egin leikez-eta horrelako lantxuak eta, beraz, disfrutetako bai, baina ikasteko aukera parebakoa be bada AnimaBasauri.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!