Laburbira Film Laburren Zirkuituak euskerazko bederatzi ikus-entzunezko eroango ditu herriz herri

Bizkaie! 2010-04-07 15:51   Barriak

Laburbiraren zazpigarren edizinoak 28 emonaldi eskainiko ditu: 26 Euskal Herriko herri eta urietan izango dira, tokian tokiko euskera alkarteen eskutik. Beste biak, igaz hasitako bideari jarraituz, Parisen eta Shanghain egingo dira, hango Euskal Etxeek bultzatuta. Proiekzinoak apirilaren 13an hasi eta maiatzaren 14an amaituko dira.

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak urtero antolatzen dauen Film Laburren Zirkuituaren zazpigarren edizinoa aurkeztu dau gaur Donostian. Euskerazko ikus-entzunezko urteko produkzinoa ezagutarazo eta herrietako kultur eskaintzea aberasteko helburua dauen zirkuituak Laburbira izen propioa hartu dau aurten.

Laburbiraren zazpigarren edizinoak 28 emonaldi eskainiko ditu: 26 Euskal Herriko herri eta urietan izango dira, tokian tokiko euskera alkarteen eskutik. Beste biak, igaz hasitako bideari jarraituz, Parisen eta Shanghain egingo dira, hango Euskal Etxeek bultzatuta. Proiekzinoak apirilaren 13an hasi eta maiatzaren 14an amaituko dira.


Bederatzi ikus-entzunezko ordubete inguruan

Emonaldi bakotxean bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira, danak 2009an produzidutakoak. Aurreko edizinoetan legez, honetan be ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile barriak kontuan hartzeko. Holan, Telmo Esnal, Koldo Almandoz edota Arkaitz Basterra lako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baina baita oraindino hain ezagunak ez diran Estibalitz Ariz, Itziar Faido eta Urko Mauduit zuzendarienak be. Gainera, aurreko edizinoetan bezela, 2009ko abenduan Bermeon egin zan Kameratoian, Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyan, saritutako lanetako bi sartu dira tartean. Gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat hamar ordutan grabau, editau eta aurkezteko erronkea proposatzen jake parte-hartzaileei, eta emoitza gero eta harrigarriagoak izaten dira urtetik urtera, irudimenaren zein kalidade teknikoaren aldetik.

Bestela be, askotariko aukerea egiteko arreta berezia jarri da, eta holan, formatu, estilo eta izaera oso desbardineko piezek osotzen dabe emonaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak, animazinokoak, bideoklip bat be bai...

Egile zein ikus-entzuleentzat, Laburbira parebako aukerea da euskerazko produkzinoa ezagutaraozteko, eskaintzea herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gitxitan izaten dabe zinema bertan eskaintzeko aukerea. Gainera, egileak eta ikusleak alkarrengana hurreratzeko asmoz, saio askotan solasaldia egingo da egileakaz, proiekzinoaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dabe eretxi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria subertatzen da eta.

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoa 1997an sortu zan, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 95 euskera alkartek osotzen dabe. Alkarteon zein Federazinoaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen ditue, besteak beste, ume eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, tokiko hedabideak, mintzapraktikea, entidadeak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Laburbira 2010 Eskuliburua

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu