Pozalaguako kobak barriro zabalduko ditue publikoarentzat

Bizkaie! 2010-03-18 14:44

Karrantzan (Bizkaia) dagozan Pozalaguako kobak publikoari zabalduko jakoz bihar, martiak 19, barriro be, baldintza ekologikoetara egokitutako argiztapen barriagaz. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak argiztapen-sistemea aldatu dau eta orain ez ei dau barrualdea kaltetzen.

Karrantzan (Bizkaia) dagozan Pozalaguako kobak publikoari zabalduko jakoz bihar, martiak 19, barriro be, baldintza ekologikoetara egokitutako argiztapen barriagaz. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak argiztapen-sistemea aldatu dau eta orain ez ei dau barrualdea kaltetzen. Argiztapen barria jarteko 137.000 euroko inbertsinoa egin da, eta proportzino berean finantzau dabe La Caixa Gizarte Ekintzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak.

Ekimen horri esker, ez da kobaren barruko baldintza ekologikoen aldaketarik gertatuko. Holan, halogenoen ordez 'leds'-ak jartea, eta argiztapenaren uhin, denpora, intentsidade eta sekuentzia kontroletea, 'aukerarik egokiena dira kobaren barrualdeko baldintza ekologikoei eusteko eta erabilera publikoa bateragarri egiteko', Enkarterrialde Landa-Garapenerako Alkarteko arduradunek jakinarazo dabenez.

Pozalaguako kobak Karrantza Haranaren mendebalde-mendebaldean dagoz, Peña Raneron, eta Armañongo parke naturalaren barruan. Hatx-zulo itzelak eta, batez be, estalaktika eszentrikoak -lore itxurakoak- ditualako dira ezagunak. Prozesu bitxi baten ondorioz sortutakoak dira estalaktitak; izan be, dolomiari eragin deutso prozesuak [CaMg(CO3)2], eta, hori dala eta, bisitariek ikusi leikien moduan, liluragarri bihurtu dira.

Hain ezaguna dan galeria nagusian estalaktita eszentriko eta estalagmita ugari dagoz. 'Versalles' izena jarri jako, barruan dituan aberastasunakaitik; horreei esker, munduan ez dago holako beste kobarik.

Koben neguko ordutegia honako hau da: martitzenetik domekara eta jaiegunetan, 11:00etatik 17:00etara. Haitzuloak Ranerotik bi kilometrora dagoz.


Kobenkoba

Bestalde, Kobenkoba Karrantza Harana eta Lanestosa artean (Sangrices auzoan) dagoan beste leku interesgarri bat da, bisiteari amaierea emoteko aproposa. Europako labar-arte paleolitikoaren lehenengo interpretazino zentroa da. Proiektu horretara 1,5 miloe euro bideratu zituan Bizkaiko Foru Aldundiak.

Zentro horrek lurpeko ibilbidea dauka, eta bertara sar daiteke. Kobak paleolitikoko mundurako bidaia parebakoa eskaintzen deutso bisitariari. Era berean, jolas moduan, gizateriaren lehenengo artea ezagutzeko aukerea eskaintzen dau; kontinente guztiko leizeetako hormetan eta hatx-azaleramenduetan islatzen da arte hori, orain dala 35.000 eta 10.000 urtetik hona.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu