'Bilbotarrak historian barrena: 1310-2010. María Díaz de Haroren garaitik gaur egun arte' sinposioa zezeilaren 17an eta 18an Bilbon
2010-02-11 14:44 jardunaldiakBilbon, Bidebarrietako Liburutegian egingo dan symposiuma aurkeztu dabe gaur, gure uribilduko hainbat pertsonaiaren historian sakontzeko eta ikerketarako eremu barriak zabaltzeko helburuz. Bertara joateko sarrerea dobakoa izango da.
Eusko Ikaskuntzak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, 'Bilbotarrak historian barrena: 1310-2010. María Díaz de Haroren garaitik gaur egun arte' izenburupean Bidebarrietako Liburutegian egingo dan symposiuma aurkeztu dabe gaur, gure Uribilduko hainbat pertsonaiaren historian sakontzeko eta ikerketarako eremu barriak zabaltzeko helburuz. Bertara joateko sarrerea dobakoa izango da.
Jardunaldien buru Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotzia, Ibone Bengoetxea, eta Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko Presidenteordea, Marta Ajuria, izango dira, eta bertan hartuko dau parte, besteak beste, Joseba Zulaika antropologoak eta Nevadako Unibersidadeko irakasleak, sinposioari hasierea emonez, Bilboko emakume izaerari buruzko ‘Bilbo Emea: Uria eta Emakumea’ berbaldiagaz.
'Jatorrizko eta argitaratu bako hainbat ikerketaren bitartez, María Díaz de Harok 1310ean emondako Bilboren fundazino agiritik gaur egunera arteko 700 urteak gogoratuko doguz, eta, horrezaz gan, Bilbo metropolitarreko biztanleak euren dimentsino biografikoan eta proposopografikoan aurkeztuko doguz'. Hainbat pertsonaren eguneroko bizitza publikoko edo pribatuko bizipenez eta esperientziez betetako zazpi mende izango dira.
Kontuak kontu, 24 berbaldi (bakotxa hamabost minutu ingurukoa izango da) eta eztabaiden bitartez, zenbait historialarik eta irakaslek bi egunez aztertuko dabe zenbait pertsonaia ospetsuk gure uribilduaren historian bete eben lekua, besteak beste, Francisco Antonio Gardoqui kardinalak, Oraá anaiek, Ricardo de Zuricalday de Otaola epaileak, Eulalia Abaitua Allende-Salazar argazkilariak, Francisco Ramón Eguía jeneralak, Miguel de Unamunok, Cosme Echevarrietak, Manuel Losada margolariak edo Gabriel Arestik, baina berbaldi gehienak, Bilbori buruzko azterketa historikoetan oso ezagunak ez diran pertsonei buruzkoak izango dira.
Topaketan hainbat hizlari batuko dira, eta horreen artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, Víctor Luis Gaminde Mazarredoren bitartez bilbotar liberalek XIX. mendean euskal nazinotasunari buruz egiten zituen gogoetak aurkeztuko deuskuzan Joseba Agirreazkuenaga, Euskal Herriko Unibersidadeko Historia Garaikideko katedraduna; Miguel Unamunoren bizitzako momentu ez oso ezagunak (Zeberioko 'esperientzia', adibidez) aurkeztuko deuskuzan José Antonio Ereño, Deustuko Unibersidadeko irakasle eta Letras de Deusto aldizkariaren zuzendaria; Bilbok eta bilbotarrek antzerkiagaz izan daben eta daben lotureari buruz berba egingo deuskun Pedro Barea, Ikus-entzunezko Komunikazino eta Publizidade katedraduna; eta Gabriel Arestiri buruzko berbaldia eskainiko deuskun Ángel Zelaieta, Filosofia eta Teologia irakaslea.
Topaketa honetan irakurriko diran berbaldi guztiak ‘Bidebarrieta’ aldizkarian argitaratuko dira.
Eusko Ikaskuntza Sinposioa urtero burutzen da 1996tik Bidebarrieta Kulturgunea kultura espazioan, Eusko Ikaskuntzak berak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta, Bilboren eta Euskal Herriaren historiari buruzko zenbait atal era monografikoan lantzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!