FANT zinemaldiaren aurtengo edizinoan, ikusleek 3.000 euroko saria emongo dabe

Bizkaie! 2010-02-10 10:05   Barriak

Maiatzaren 3tik 9ra bitarteko astean zinema fantastikoaren uriburua izango da barriro be Bilbo, FANT jaialdiaren 16. edizinoagaz. Barrikuntza moduan, aurten, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sarien oinarriak aldatu eta 3.000 euroko bi sari barri sartu ditu egitarauan.

Maiatzaren 3tik 9ra bitarteko astean zinema fantastikoaren uriburua izango da barriro be Bilbo, FANT jaialdiaren 16. edizinoagaz. Barrikuntza moduan, aurten, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sarien oinarriak aldatu eta 3.000 euroko bi sari barri sartu ditu egitarauan. Sari horreek film labur onenei emongo jakez, epaimahaiaren eretxiz onena izan danari eta jaialdiko ikusleen ustez onena izan danari, 'egile barriak dira-eta Zinemaldi Fantastikoaren nortasunaren ezaugarrietako bat'.

Zinemaldiaren azken edizinoan, 'FANT laburrean' izeneko atalean, Film Labur Onenarentzako Ikusleen Sari berezia izan zan, baina orain arte sari hori ohorezkoa baino ez da izan. Oraingoan, 3.000 euroko sari ekonomikoa erdibanatuko da filmaren produktorearen eta egilearen artean, edo bati bakarrik, produktorea eta egilea pertsona bera diranean.

Film labur onenaren aukeraketea 'FANT laburrean' saileko saioetara doazen ikusleek egingo dabe. Filmak 0tik 10era balorauko ditue eta, jasotako balorazinoen bataz bestekoa egin eta gero, puntuazino altuena dauen film laburrak jasoko dau saria. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotzigoak Zinemaldiko Zuzendaritzaren proposamenean oinarrituta izentautako adituz osotutako epaimahaiak aukeratuko dau lan sariduna.

Sari bi horreetarako hautagai izango dira 'FANT laburrean' atalean aukeratzen eta emoten diran film labur guztiak. Kopiak bialtzeko azken eguna martiaren 30a izango da.

Aitatutako sari horreez gan, FANTen datorren edizinoak bere erreferentziazko sariakaz jarraituko dau: sail ofizialeko genero fantastikoko Pelikula Onenaren Saria, filmaren egileari emongo jako; ohorezkoa izango da eta oroitzapenezko garaikur bat eroango dau. FANTROBIA Saria, hori be ohorezkoa, azken urteetan zinema fantastikoaren barruan gorantz doan balio legez azaldu dan pertsoneari edo erakundeari emongo jako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu