Wieland Speck-ek gaur jasoko dau Zinegoak 2010eko Ohorezko Saria
2010-01-29 09:42 BarriakSaria Wieland Speck-ei eskaintzea erabagi dau Zinegoak-eko antolakuntzeak: alde batetik, Berlinaleko Panorama atalean eginiko lanagaitik (GLBT zinemagintzako programatzaile eta zinemagileen topalekua azken 20 urteetan) eta bestetik, 1985ko 'Westler' pelikularen bitartez, gay-lesbo-trans errealidadearen normalizazinorako egindako ekarpenagaitik.
Zinegoak, Bilboko Gay-lesbo-trans VII. Nazinoarteko Zinemaldia gaur, hilak 29 hasi eta zezeilaren 6an amaituko. Ikusgai izango diran film luzeak 14 izango dira, lehiaketan 13; dokumentalak 8, danak lehiaketan; film laburrak 30, danak lehiaketan; 8 lan OFF Zinegoak-en (lehiaketaz kanpo); eta '20 urte Harresirik gabe' sesio berezian film luze bat. Danetara, 6 Mundu mailako estreinaldi, estreinaldi bat Europa mailan, 20 estreinaldi Estadu mailan eta ganerako gehienak estreinaldiak izango dira Euskadi mailan. Konbidatuak, barriz, 20 baino gehiago (gehienak zuzendariak izango dira baina baita zenbait antzezlari be).
Kontuak kontu, Inaugurazino Gala gaur, urtarrilak 29, izango da. Aurten Manex Rekarte eta Leire Ucha antzezle ezagunek aurkeztuko dabe Arriaga Antzokian egingo dan Zinegoak 2010 zinemaldiaren Hasiera Ekitaldia, horretarako barregarria eta eskertzekoa gertatzen dan Eduardo Gaviña eta Hegoak Alkarteko antzerki taldearen laguntzinoa izango dabelarik. Galan zehar Zinegoak 2010 Ohorezko Saria banatuko da. Aurten, sari hori Wieland Speck-ei eskaintzea erabagi dau zinemaldiko antolakuntzeak: alde batetik, Berlinaleko Panorama atalean eginiko lanagaitik (GLBT zinemagintzako programatzaile eta zinemagileen topalekua azken 20 urteetan) eta bestetik, 1985ko 'Westler' pelikularen bitartez, gay-lesbo-trans errealidadearen normalizazinorako egindako ekarpenagaitik. Azkenik, Daniel Cortázar-en 'Los fuegos' film labur euskaldunaren munduko estreinaldiagaz eta Marco Berger-en, 'Plan B' argentinar film luze sarituaren espainiar estreinaldiagaz amaituko da gala.
Zinegoak 2010: Ohorezko Saria
Wieland Speck (Friburgo, 1951). Berlingo Freie Unibersidadean alemaniar literaturea, antzerkia eta etnologia ikasi eta gero bideo eta zinema proiektuetan hasi zan lanean eta idazle eta editore be ibili izan da. Bere sormen lanak identidade homosexuala dau oinarri.
Bestalde, David Hemmings, Robert Van Ackeren, Ulrike Ottinger edota Ian Pringue lako zine zuzendari ezagunentzako antzezlari lanak be egin ditu. Urte askotan zehar, Berlingo Kreuzberg izeneko zonaldean kokatutako Tali izeneko egile-zinema aretoaren zuzendari izan zan. Zinema zuzendari lanari hainbat dokumental bideo formatuan eginez ekin eutson. Hainbat zinema eta telebista produkzinoen egilea da eta zenbait zinema erakunde eta jarduera zinematografientzako lanean jardun da: Berlingo Filmhaus, Filmbüro Baden-Württemberg eta Berlin European Short Film Festival, besteak beste. Era berean, hainbat unibersidade eta zinema eskoletan irakasle be izan da. 1985.ean 'Westler' zuzendu eban, fikzinoko bere lehen film luzea, askorentzat alemaniar gay pelikularik onena. 'Westler'-en, Speck-ek Berlingo harresia metafora moduan erabilten dau, sexu bardineko personen arteko hartu-emonak eragozten zituan muga politiko-soziala azaltzeko.
- Inaugurazino Jaia: galaren ostean jai giroak Conjunto Vacío aretoan izango dau jarraipena gauerditik aurrera.
- Zuzendarien Jaia: film zuzendariek publikoagazko hartu-emonak izango ditue urtarrilaren 30ean, 23:00etatik aurrera, Sildavian (Lamana kalea, 1).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!