'Zinez jositako ipuinak' ekimena Bilbon, 7 eta 10 urte arteko umeei zuzenduta
2009-12-28 13:40 BarriakZinez jositako ipuinak ekimenaren helburuak ondokoak dira: txikienei irudiek eta zineak historiak transmitiduteko daben indarra azaltzea eta eurekan zaletasuna eta ikusmina sortzea; zineagazko zaletasuna sortzea eta, Segundo de Chomón-en obra hurreratzea.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta FAS Cineclubak Zinez jositako ipuinak egitaraua antolatu dabe eta bihar, hilaK 29, izango da lehenengo saioa. 7 eta 10 urte arteko umeei zuzendutako hezkuntza-saio zinematografikoa da, eta gaztetxo bilbotarrei zinearen ezkutuko kontuak hurreratzea dauka helburutzat, antolatzaileek adierazo dabenez.
Ikasleak Gabonetako oporretan bete-betean dagozanez, bihar eguerdiko 12:00etan, Bilboko El Carmen aretoan (Indautxu), XX. mendearen hasierako zinema mutuko zuzendari ospetsua izandako Segundo de Chomón-en hainbat pelikula emongo dira. Ekimen horren bidez, XX. mendeko hasierako arabiar eta europar literaturako klasikoetan oinarritutako lau herri-ipuinen inguruan zuzendariak egindako moldaketa zinematografikoa eskainiko da: Katu botaduna, Aladino eta lanpara harrigarria, Ali Baba eta 40 lapurrak eta Erpurutxo.
Emonaldiak gehiago zabaldu eta dibertigarriagoak izan daitezan, kontakizunetarako solaskide berezia jarriko da, ipuin kontalari batek kontauko baititu umeek pantaila handian ikusiko dituen kontakizunak. Gainera, atmosfera zinematografikoa musikeagaz osotuko da, eta holan, irudiak, kontaketa eta musikea sartzea lortuko da, saioari argumentu eta esanahi aldetik batasuna emoteko asmoz.
Emonaldia ordu eta erdikoa izango da, zine-forum laburra barne. Sarrerea librea eta dobakoa izango da, aretoa bete arte, 7 eta 10 urte arteko ikasle guztientzat.
Zinez jositako ipuinak ekimenak hiru helburu ditu. Alde batetik, txikienei irudiek eta zineak historiak transmitiduteko daben indarra azaltzea eta eurekan zaletasuna eta ikusmina sortzea, atzean gordeten dan magia tarteko. Bestetik, zineagazko zaletasuna sortzea bilatzen da, ondorengo garapenean aztarna eta erreferente legez balio daian.
Azkenik, Segundo de Chomón-en obra hurreratzea da beste asmoetako bat. Chomón Teruelen (Aragoi) jaio zan 1871n, eta zinema mutuko zuzendari aitzindari ospetsua izan zan. Askotan, Méliès-egaz konparau izan da eta umeentzat garai haretako zineko gizonik handienetarikoa dala esan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!