'Kantatzen ez duen herria herri hila da' dokumentalak irabazi dau Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilerearen Urrezko Antzarra
2009-11-30 14:22 BarriakAmateur mailan aurkeztutako lan batek irabazi dau Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilerako sari nagusia, Iban Gorriti kazetariak zuzenduriko 'Kantatzen ez duen herria herri hila da', 15 minutu inguruko film laburrak, hain zuzen be.
Amateur mailan aurkeztutako lan batek irabazi dau Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilerako sari nagusia, Iban Gorriti kazetariak zuzenduriko 'Kantatzen ez duen herria herri hila da', 15 minutu inguruko film laburrak, hain zuzen be. Joandako martiaren 31n, Durangoko Andra Maria eleizan aurkeztu eben eta 1937ko martiaren 31ko Durangoren bonbardaketea ume zirala bizi izan eben durangarren testigantzea eta oroimena hari nagusi ditu Iban Gorritiren dokumentalak. Urteetan isilik eta 'lurperatuta' egondako bizipenak irudi eta soinuakaz adierazoten ditu dokumentalak, Alberto Barreña, Jesus Moreno eta Antonio Olearen testigantzetatik abiatuz.
Dokumental eta erreportaje arloko profesionalen mailan, bi irabazle egon dira: Jon Garañoren 'Asamara', eta Karlos Zurutuzaren 'Irakeko kurduak: bizitza bazterbidean'.
Argumentuzko lanen arloan, amateur saria Nahikari Beltzaren Azkena, Segundo film laburrak jaso dau; profesional mailan, barriz, epaimahaiak saririk ez emotea erabagi dau. Azkenik, sormenezkoen arloan, Aitor Zugadiren 'Nola egin beldurrezko peli bat' izan da film amateur onena, eta David Zabala eta Paul Urkijoren Kristal kolpatuak, Governors taldea film profesional onena.
Aurten, 35 film egon dira ikusgai bilerako lau egunetan, eta Begoña Vicario eta Saioa Olmo EHUko Arte Ederretako irakasleek, eta Elena Marrodan eta Koldo Gutierrez errealizadoreek osotu dabe epaimahaia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!