Euskal Kulturearen XI. Jardunaldiak Getxon zemendiaren 20tik abenduaren 3ra
2009-11-18 13:33 jardunaldiakEuskal kulturearen inguruan egiten ari dana Getxon erakustea eta getxotarrei hurreratzea da Getxoko Udalak antolatuta egingo diran Euskal Kulturearen XI. Jardunaldien helburua.
Euskal kulturearen inguruan egiten ari dana Getxon erakustea eta getxotarrei hurreratzea da Getxoko Udalak antolatuta egingo diran Euskal Kulturearen XI. Jardunaldien helburua; holan adierazo dau du gaur ekimenaren aurkezpenean Imanol Landa Getxoko alkateak, eta horretarako, 'ekintza erakargarriak' antolatu dituela, 'euskerea eta euskal kulturea getxotarrei hurreratzeko eta aldi berean udalerrian euskerea eta euskal kulturea bizirik dagozala adierazoteko, euskerazko kontsumoa sustatzeko eta euskerearen erabilerea sustatzeko'.
Urtero legez, abenduaren 3an ospatuko dan Euskerearen Nazinoarteko Egunaren inguruan antolatuta, 'Getxon euskeraz bizi nahi daben bizilagunei aukerea ahalbidetzea baita asmoa'. Landak gogoratu dauenez, 'une honetan, Getxon euskerearen jakite-mailari jagokonez lehen baino hobeto gagoz, hamar biztanletatik hiru euskaldunak dira eta beste bi ia euskaldunak. Beraz badaukagu masa kritiko nahikoa lan egiteko'.
Jardunaldien beste ezaugarri bat udalaren ekimenaren eta herri alkarteen ekimenaren arteko osogarritasuna da, 'urte osoan euskerearen erabilerea sustatzeko lan egiten daben alkarteek jardunaldiak antolatzeko kolaboretan dabelako eta horregatik Udala harro sentiduten da', adierazo dau Koldo Iturbe Euskera zinegotziak.
Antolaketan kolaborau daben alkarteen artean dagoz Getxoko Udal Euskaltegia, Lauaxeta-AEK Euskaltegia, J. A. Agirre Euskaltegia, Bizkaiko Trikitixa Alkartea, Algortako azokako dendariak, The Piper's taberna, GLASS kafetegia eta Satistegi taberna.
Egitaraua
Ekitaldien artean, bariku honetan, Nazinoarteko VIII. Trikitixa Jaialdian, Italiako Ricardo Tesi, Quebeceko Raynald Ouellet, Okzitaniako Joan Frances Tisner eta Marc Castanet, eta Euskal Herriko Laja eta Poxpi, Bunpada Sound, Esne zopak eta Herrikojak entzun ahal izango dira 20:00etan. Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolan. 'Topaketa honen bidez, munduan zehar dagozan trikitixea joteko estilo eta era desbardinak erakutsi eta ezagutzera emotea da helburua', Joseba Urrutia Bizkaiko Trikitixa alkarteko ordezkariak aurkezpenean adierazo dauenez. Sarreraren prezioa sei eurokoa da eta aurretik ohiko tokietan eros daitekez.
Gainera, Kerobia taldeak kontzertua emongo dau zemendiaren 28an, eta Unai Elorriagak 'Londres kartoizkoa da' nobela barria aurkeztuko dau. Unai Elorriagak Getxoko Udalak euskerearen erabilerea sustatzeko egiten dauen ahalegina eskertu dau jardunaldien aurkezpenean, eta 'udalerrian euskal kulturan dagoan oparotasuna' nabarmendu dau. Bere liburuaren aurkezpenean nobela bat egiteko prozesua azaltzen saiatuko dala gehitu dau.
'Bestela ondo, ezta?' helduentzako umorezko antzerkia izango da Jon Urrazaren eskutik, eta umeentzako 'Ino, Ino, Ino badator Bonbardino' antzezlan musikala be izango da.
Era berean, urtero legez, abenduaren 3an, Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko Getxoko euskaltegietako ikasleek aldez aurretik landu eta ikasitako abestiak trikitixaz lagunduta kantetako aukerea izango dabe The Piper's tabernan. Hori goizeko 10:00etan eta 17:30etan izango da.
Jardunaldien barruan antolatutako IV. sms & e-mail lehiaketan, danetara, 94 lagunek hartu dabe parte eta hilaren 21ean izango dan Izarren Distira Galarako kastinga ETB-1eko 'Bi errepidean' saioak grabau dau, datorren urtarrilaren 1ean gaueko 21:00etan emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!