Zinebiren Ohorezko Mikeldi saria Jeanne Moreau frantziarrarentzat

Bizkaie! 2009-11-17 10:51   Barriak

Zinebi zemendiaren 23an hasiko da René Vautier zinegile frantziarrari eginiko omenaldiagaz eta zemendiaren 28an amaituko da Jeanne Moreau aktoreari, nouvelle vagueko musetako bat eta 60ko eta 70eko hamarkadaetako zinema europarreko arpegi ezagunetako bat izan zanari Ohorezko Mikeldi saria emonaz.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzi ordezkari Ibone Bengoetxeak, Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiaren zuzendari Ernesto del Ríok eta Luis Egiraunek, ZINEBIren programazinoaren arduradunak, zinemaldiaren 51. edizinoaren egitaraua aurkeztu barri dabe. Jaialdia zemendiaren 23an hasiko da René Vautier zinegile frantziarrari eginiko omenaldiagaz eta zemendiaren 28an amaituko da Jeanne Moreau aktoreari, nouvelle vagueko musetako bat eta 60ko eta 70eko hamarkadaetako zinema europarreko arpegi ezagunetako bat izan zanari Ohorezko Mikeldi saria emonaz. Sari horregaz aktorearen ibilbide profesionala eta zinema garaikideari egin deutson ekarpena autortu nahi dira.

Aurten 2.965 film aurkeztu dira Zinebiren sail ofizialera eta horreetatik 84 aukeratu ditue sail ofizialean lehiatzeko. Horien guztien artean sei euskal produkzino dagoz: Oriana Alcalderen eta Alejandra Marquezen '5 recuerdos'; Jota Aronaken 'Areana'; David Gonzalezen 'Los que lloran solos'; Iñigo Kintanaren 'El cheff'; Victor Iriarteren 'Zortzi/Bederatzi Lisabö'; eta Josu Veneroren 'Tener el corazón en el lugar equivocado'.

Nazinoarteko epaimahai batek banatuko ditu sariak. Ondokoak dira epaimahaiko kideak: Peggy Ahswesh zinegile independente estadubatuarra, Antje Ehmann historiagile alemaniarra, Loreta de Stasio semiologoa, Dario Urzay margolari euskalduna eta Carlos Serrano zinegile espainiar gaztea.

Kyle Eastwood jazz musikariak zarratuko dau Zinebi jaialdia Bilbao 700 Fundazinoak antolaturiko kontzertuagaz. Arriaga antzokian izango da emonaldia eta Clint Eastwooden alabeak bere aitaren filmetarako egin dituan soinu banden pieza batzuk joko ditu.

Zinebiren egoitza nagusia Arriaga antzokia izango da beste urte batez. Arriagan ospatuko dira Zinebiren zabaltze eta zarratze ekitaldiak eta Sail Ofizialeko proiekzinoak be bertan esakiniko ditue. Egoitza nagusia Arriaga izango bada be, Guggenheim museoko auditorioan, Arte Ederren museoan, Zabalgune eraikinean edo Barrainkuako udal aretoan be izango dira emonaldiak.


Informazino gehiago:

-
Zinebi, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazinoarteko Zinemaldia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu