Bidasoako IX. Nazinoarteko Zinemaldi Arkeologikoa hilaren 17tik 21era

Bizkaie! 2009-11-16 17:52   Barriak

Zinemaldiaren helburua jenteari arkeologia ezagutzera emotea da, arkeologoek egindako lanen ondorioz preparautako ikus-entzunezko lanen bidez eta lan horreen sustapena eta zabalkundea ziurtatuz.

Irungo Oiasso Erromatar Museoak Bidasoako IX. Nazinoarteko Zinermaldi Arkeologikoa antolatu dau datozen egunetarako. Zemendiaren 17, 18, 19, 20 eta 21ean izango da eta bere helburua jenteari arkeologia ezagutzera emotea da, arkeologoek egindako lanen ondorioz preparautako ikus-entzunezko lanen bidez eta lan horreen sustapena eta zabalkundea ziurtatuz.

Espazioan eta denporan zeharreko bidaia bat proposatzen deusku aurten be Bidasoako Zinemaldiak, Neandertaletatik hasi eta garai modernora hurreratu arte, bidean egiptoarrak, babilonioak, feniziarrak, etruskoak, iberiarrak, traziarrak, erromatarrak eta mocheak topauko doguz, eta euren kulturearen gauzarik liluragarrienak transmitiduko deuskuez. Bidaia geografikoa be luzea izango da: Ordizia edo Kuartango bezain hur dagozan tokietatik, Sahara, Bulgaria, Estonia, Filipinak, Israel, Jordania edo Peru bezain urrutikoak diran tokietara eroango gaitue edizino honetako produkzinoek.

Oraingo honetan amaierako jardunaldiak protagonista berezi bat izango dau. Goizean Oiasso Museoan egingo dan sari banaketearen ondoren, 'Agora', Alejandro Amenábarren azken filma ikusteko aukerea egongo da. Lehiaketatik kanpo proiektauko da IV. mendeko Alexandriaren gorabeherak dakarzan filma.

2009ko edizinoak 'Ikus-entzunezko komunikazinoa Historia eta Arkeologia museoetan' jarduera paraleloa gehitu dau. Museoetako eta ikus-entzunezko produkzinoen profesionalentzako topaketa bat da. Helburua museoen erakusketa-diskurtsoetan topaketarako plataforma bat eskaintzea da, teknologia barrien erabilpenaz eta ikus-entzunezko baliabideez eztabaidatzeko.

Sarrerea dobanekoa izango da eta pelikula guztiak jatorrizko bertsinoan proiektauko dira, gaztelaniazko azpitituluakaz.

Egitaraua eta informazino gehiago: www.oiasso.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu