Bermeon izango da bosgarren 'Kameratoia'
2009-11-04 16:37 BarriakLehiaketearen helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea da. Argazki-rallyen mekanikea ikus-entzunezkoen mundura ekarrita, hamar orduko epea emoten jake parte hartzaileei irudiak hartu eta editetako. Aurten, abenduaren 12an izango da zitea.
Azken lau urteotan legez, aurten be Euskal Herriko Ikusentzunezkoen Rallya antolatu dabe Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak eta, oraingoan, Bermeoko Udalak. Kameratoiaren bosgarren edizinoa Bermeon izango da, abenduaren 12an. Topagunearen Gazte Saileko Arduradun Sonia Perez Anguerak eta Bermeoko Gazte Informazino Zerbitzuko Iñaki Lopez Elorduik egin dabe lehiaketearen aurkezpena.
Lehiaketearen helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea da. Argazki-rallyen mekanikea ikus-entzunezkoen mundura ekarrita, hamar orduko epea emoten jake parte hartzaileei, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte, egunean bertan ezagutuko daben gaia eta euren lanetan derrigorrez agertu behar diran Bermeoko zenbait ezaugarri emonda, hiru minutuko bideo baten istorioa asmau, irudiak grabau, editau eta jentaurrean aurkezteko. Eibarren, Laudion, Elgetan eta Donostian parte hartu eben gazteek argi itxi eben moduan, gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago egiteko irudimena eta gaitasuna. Hori erakusten dabe urterik urte teknika zein eduki aldetik hobetuz doazen lanek. Azken lau urteotan 478 lagunek parte hartu dabe Kameratoian, eta danetara euskerazko 73 ikus-entzunezko sortu ditue.
Parte hartzeko baldintzak ez dira gehiegi: gazte euskalduna izatea (lanak euskeraz aurkeztu behar diralako), bideoa grabetako kamarea, ordenagailua eta beharrezko tresneria izatea, eta izena emotea, zemendiaren 30a baino lehenago.
Gazteon sormen eta gaitasun horreek saritzeko, urtero legez, nabarmentzeko moduko hiru sari banatuko dira Kameratoian aurkeztutako lanik onenen artean: 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak, hain zuzen be. Ganera, igaz hasitako bideari jarraitzeko, egunean sortutako pieza guztiak CreativeCommons Aitortu – Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabilteko lizentzia horrek, copyright ezagunaren kontrara, sormen-lanen zabalkundea errazten dau, baimena emoten dauelako gura dauen edozeinek edukiok zabaldu, berrerabili eta horreetan oinarrituta lan barriak sortzeko, beti be jatorrizko egileak aitatzeko eta eratorritako lanak baldintza berberetan partekatzeko betebeharragaz. Topaguneak berak aukera hori aprobetxau dau azken urteetan, Kameratoian sortutako hainbat bideo herriz herri doban Film Laburren Zirkuituan sartzeko. Igaz, berbarako, Zirkuituak 51 aretotan erakutsi zituan euskerazko ikus-entzunezko lanak, tartean Paris, Roma edota Shangaiko euskal etxeetan.
Aurrekoetan legez, Kameratoiak webgune propioa dauka aurten be. Bertan, lehiaketearen oinarriak, aurreko edizinoetako lanak, izena emoteko aukerea eta beste hainbat jakingarri topau daitekez. Helbidea ondoko hau da: http://www.kameratoia.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!