Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Asteak leku garrantzitsua emongo deutse euskerazko emonaldiei

Bizkaie! 2009-10-29 09:49   Barriak

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, aurten urriaren 31tik zemendiaren 6ra, euskeraz eskainiko dau programazinoaren zati bat bere 20. edizinoan, bai bertsino bikoiztuetan (haur-zinema), bai eta jatorrizko bertsinoetan azpitituluak euskeraz jarriz be, jaialdiaren antolatzaileek azaldu dabenez.

Urtero legez, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, aurten urriaren 31tik zemendiaren 6ra, euskeraz eskainiko dau programazinoaren zati bat bere 20. edizinoan, Donostiako Udaleko Euskara Patronatuaren eta Kutxaren laguntzaz, bai bertsino bikoiztuetan (haur-zinema), bai eta jatorrizko bertsinoetan azpitituluak euskeraz jarriz be, jaialdiaren antolatzaileek azaldu dabenez. Holan, Victoria Eugenia Antzokia izango da emonaldi horreen guztien egoitza, eta antzoki horretako programazino guztia, 'Beldur gutxi' izenagaz, aurten, euskeraz baino ez da izango.

Alde batetik, urriaren 31n, eta ohiko bihurtzen ari dan moduan, txikienentzat bi film eskainiko dira: 'Niko eta izarretarako bidea' (2008) eta 'Pluk eta bere garabia' (2004).

Gainera, Astean zehar, beste bederatzi saio egongo dira jatorrizko bertsinoan euskerazko azpitituluakaz. Horreetako lau, Astearen Lehiaketa Sailekoak dira: Abel Ferryren 'Zorabioa' ('Vertige', Frantzia, 2009), Paul Soleten 'Grace' (AEB, 2009), Tommy Wirkolaren 'Elur hil hilgarria' ('Dead Snow', Norvegia, 2009) eta Masayuki eta Kazuya Tsurumakiren 'Evangelion 2.0 - You Can't (Not) Advance' (Japonia, 2009).

Beste lau emonaldi 'Metal Hurlant' eta fantasiazko zinemaren sailekoak dira: 'Heavy Metal' (Gerald Potterton, Kanada, 1981), 'Denboraren nagusiak' ('Les maîtres du temps', Rene Laloux, Frantzia-Suitza-AEB-Erresuma Batua-Hungaria, 1982), 'Gotorlekua' ('The Keep', Michael Mann, Erresuma Batua, 1983) eta 'Taxandria' (Raoul Servais, Belgika-Holanda-Frantzia-Alemania, 1994). Azkenik, lehiaketan parte hartuko daben 17 film laburren ohiko saioa be izango da Victoria Eugenian.

Bestalde, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen laguntzinoari esker, aurten, azpitituluak euskeraz izango dituen Astearen hiru programaren kopia digitalak produziduko dira, euskal geografiako herri desbardinetan ikusi ahal izateko. Horretarako, Astearen programazinoko bi pelikula eta sei film laburrez osoturiko programak aukeratuko dira eta programa bakotxeko DigiBeta eta DVDan egingo dira kopiak. Era berean, jatorrizko bertsinoan azpitituluak euskeraz dituela kultur emonaldi ez komertzialetan emoteko eskubideak erosiko dira.

Kontuak kontu, Abel Ferry zuzendari frantsesaren 'Vertige' filmak zabalduko dau Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 20. edizinoa. Urriaren 31n emongo jako hasierea, eta aste osoan zehar hemeretzi film ikusi ahal izango dira Film Luzeen Sail Ofizialean. Horreez gan, beste hamaika film be lehiatuko dira Film Laburren Sailean eta Espainiako film laburrak batzen dituan sailean.

Aurtengo atzera begirakoa Métal Hurlant eta fantasiazko zinemari eskainiko jako. Komikigileei, besteak beste, Juan Giménez argentinar klasikoari edo Manu Ortega eta Álex Orbe euskaldun gazteei, eskainitako erakusketek, Sam valentziar animatzailearen lanaren laginak eta 20 urte honeen historia islatuko daben irudiek, hainbat jarduera paralelogaz batera, osotzen dabe Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Astearen egitaraua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu