8.200 lagunetik gora hurreratu dira III. Mangamor Jaialdira
2009-10-23 15:51 jardunaldiakAurreko urteetan baino espezializatuagoak izan dira aurten bertaratutako ikusleak. Ostatu-zerbitzuak lagunduta, kanpotik etorritako bisitarien kopuruan izandako gorakadea aitagarria da. Beste probintzia batzuetatik etorritakoak, guztira, 500 baino gehiago izan dira, eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Zaragoza, Bartzelona, Valentzia, Madril, Kantabria eta Galizia, barriz, presentzia handiena izan daben lurraldeak.
Igazkoa baino jentetsuagoa izan da Mangamoreren hirugarren edizinoa. Danetara, 8.200 lagunetik gora hurreratu dira eta balorazio positiboa egin dabe antolatzaileek.
Aurreko urteetan baino espezializatuagoak izan dira aurtengo edizinoan bertaratutako ikusleak. Ostatu-zerbitzuak lagunduta, kanpotik etorritako bisitarien kopuruan izandako gorakadea aitagarria da. Beste probintzia batzuetatik etorritakoak, guztira, 500 baino gehiago izan dira, eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Zaragoza, Bartzelona, Valentzia, Madril, Kantabria eta Galizia, barriz, presentzia handiena izan daben lurraldeak. Bisitari horreetatik ia 100ek erabili dabe Mangamorek antolatutako ostatu-zerbitzua. Beste batzuek herriko hoteletara jo dabe eta gehienek egun bateko bisitaldia egin dabe, probintzia mugakideetatik etozenek batez be.
Domekea izan zan jente gehien batu eban eguna, Karaoke eta Cosplay Yamato, lehiaketak ospatu baitziran Zornotzan, eta horrek pilotalekua betetea ekarri eban.
Tailerren arrakastea be ezin itxi aitatu barik, eta danetan izan da partaidetza handia, bai idazkera japoniarrarenean, eta bai koloreztatze eta ule-apainketarenetan. Mahai-jokoen eta bideojokoen esparruek aurreko urteetako partaidetzeari eutsi deutsie eta proiekzinoek eta manga-liburutegiak, barriz, indarra galdu dabela esan daiteke, Interneten eraginez eta komertzioetan anime-produktuak izan daben zabalkundearen ondorioz.
Bestalde, Hiroshimako Bakearen Museoan jaso ditue honezkero Mangamoreren antolatzaileek bialdutako 1.000 kurriloak. Sadako Sasaki (1943-1955) neskatoa izan zan 'Hiroshimako Kurriloak' izeneko ekimenaren sortzailea. Urte bi baino ez zituan 1945eko abuztuaren 6an, estadubatuarrek Hiroshiman bonba atomikoa jaurti ebenean hain zuzen. Urte batzuk geroago heldu jakon diagnostikoa, Sasakik 11 urte zituala: leuzemia, 'A bonbearen gaixotasuna'.
Neskatoaren adiskide batek antxinako tradizino bat gogoratu eban. Istorioak inoanez, bateren batek mila kurrilo egin zituan paperez (origami) eta jainkoek berak eskatutako desioa bete eben. Kurriloak egiten hasita egoala, halan da be, bera osatzeko eskatzeari bidezko eretxi ez eta esfortzua areagotzea erabagi eban: munduko biktima guztientzako bakea eta osatzea eskatu eban.
Ez eban, halan da be, desioa beteta ikusteko aukerarik izan. 1955eko urriaren 25ean hil zan, 14 hilebetez ospitalean egon ondoren. Hiroshimako Bakearen Parkean eregi zan Sadakori eskainitako estatua 1958an. Oinarrian, lelo hau: 'Hauxe da gure oihua, hauxe gure otoitza: Bakea munduan'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!