Badatoz Getxoko zinema zikloak

Bizkaie! 2009-10-22 11:56   Barriak

Zinea urtebete egon da Getxoko kultura egitarautik kanpo, Getxo Antzoki barria eregiteko lanakaitik, eta aurten proiekzinoak bueltan dira, oraingo honetan Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. 2009-2010 zinema denporaldia barikuan, urriaren 23an, hasiko da Clint Eastwooden 'Gran Torino' filmagaz.

Urriaren 23tik zemendiaren 27ra, zinemazale getxotarrek barriro be gozau ahal izango dabe Zine-Kluba, Cinema Paradiso eta Domekako Haur Zinema zikloez. Zinea urtebete egon da Getxoko kultura egitarautik kanpo, Getxo Antzoki barria eregiteko lanakaitik, eta aurten proiekzinoak bueltan dira, oraingo honetan Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan.

Hilero, urritik maiatzera, Cinema Paradiso zikloaren filmak eskainiko dira lehenengo hamabostaldian, ohi danez jatorrizko azpitituludun bertsinoan. Bigarren hamabostaldian, barriz, lekukoa Zine-Kluba ziklora pasauko da. Ziklo horretako proiekzinoak barikuetan izango dira, 22:00etan. Domekako Haur Zinemari jagokonez, gaztetxoek domekan gozau ahal izango dabe euren film gustukoenakaz domekara, bi saiotan: 12:00etan eta 17:00etan.

Aurten Getxoko zinema zikloek eskaintza anitza izango dabe. Zirkuitu komertzialeko kalidade eta balio artistiko gehieneko filmak eskainiko dira; produkzino independenteak eta ohiko zirkuituetatik kanpoko film luzeak, barriz, Cinema Paradison eskainiko dira. Azkenik, haur eta gazteentzako filmak Domekako Haur Zinema zikloan proiektauko dira, umeek zinema onenaz astegoienean gozau daien.

Cinema Paradiso eta Zine-Kluba zikloetan ez dira proiekzinoak bakarrik eskainiko. Ohi bezela, zinemari buruzko foruma egongo da filma amaitu ondoren eta horretan, nahi daben ikusle guztiek parte ahal izango dabe. Era berean, azken urteotan egin dan legez, Getxoko zinema programazinoak talentu barriak bultzatuko ditu eta, esangura horretan, hileroko lehenengo saioan zuzendari gazteen film laburrak eskainiko dira.

Esandakoak esanda, 2009-2010 zinema denporaldia barikuan, urriaren 23an, hasiko da 'Gran Torino' filmagaz, Clint Eastwoodek orain arte zuzendu dauen azken lanagaz, hain zuzen be. Hurrengo astean, urriaren 30ean, 'Bienvenidos al Norte' filmaren txandea izango da, egun arte Frantziako komediarik arrakastatsuena. Azkenik, gaztetxoek Disney-Pixarren 'Up' animazino film dibertigarriaz gozau ahal izango dabe domekan, urriaren 25ean.

Egitaraua

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu