Galeusca'09 Arantzazun 'Literatura txikiak, erronka handiak' izenburupean
2009-10-08 18:37 jardunaldiakEuskal Idazleen Alkarteari jagoko aurten Galeusca antolatzea. Arantzazun izango da, urriaren 9, 10, 11 eta 12an, 'Literatura txikiak, erronka handiak' izenburupean.
Euskal Idazleen Alkarteari jagoko aurten Galeusca antolatzea. Arantzazun izango da, urriaren 9, 10, 11 eta 12an, 'Literatura txikiak, erronka handiak' izenburupean. Bilereak, helburuetan, orain arte egindako bide beretik jarraituko dau. Antolaketa-ereduan, barriz, aldaketa batzuk egin dira, eragingarritasun handiagoa lortu guran. Izan be, aurten, bilerako parte-hartzaileak lau lan-taldetan banatuko dira, eta lan-talde bakotxak gai jakin bat jorratuko dau, zehatz-mehatz, egituraketea, egiletzea, sozializazinoa eta zabalkundea. Jorraketa-lan horren abiapuntua lau adituk preparau dituen txostenak izango dira. Galeusca 2009 blogean ikusgai dagoanez, txostenak laburrak eta, sarri, oso eskematikoak dira, eztabaidari bide emotea beste helbururik ez dabelako. Blog honen bidez, idazle katalan, galego eta euskaldunen parte hartzea sustatu eta txosten honeen eta, oro har, txostenek jorratzen dituen gaien inguruan ahal dan ekarpen kopururik handiena batu nahi da. Beraz, 'parte hartzera konbidatu nahi zaituegu, zuen ekarpenek Arantzazuko bertako eztabaidak aberatsago egingo dituelako eta, ondorioz, erabaki zuzenagoak hartzen lagunduko deuskuelako'.
Egiletzeari buruzko txostena Elena Laka EIEko aholkulari juridikoak atondu dau, 'Idazleen egileen eskubideen babesa' izenburupean, eta zabalkundeari jagokona, barriz, Itziar Zubizarretak, 'Bihotzaren taupadez' izenburupean. Zeresan gehien emongo dabenak, ostera, egituratzeari eta gizarteratzeari buruzko txostenak dira.
'Alkarteak eta federazinoak' izenburupean, Guillem-Jordi Graells idazle katalanen alkarteko lehendakariak, esaterako, alkarteen helburuak barriro definidu beharra eta beste bi alkarteakazko dagoan aldea lako gaiak jorratzen ditu; 'Kataluniako idazleen alkarteak, eskubide profesionalen defentsaren inguruko ekinbidea gero eta gehiago garatzen dauen bitartean, galiziar eta euskal alkarteek jarraitzen dabe pentsetan aldarrikapen linguistiko eta politikoetatik eratorritako faktoreak oinarrizkoak dirala'. Harentzako, barriz, epe labur edo erdiko helburua aldarrikapen-funtzinoak garatzea da, 'ez bakarrik maila linguistiko eta nazionalean, kanpoko arerioen aurrean, baita maila profesionalean, editore eta industria kulturalen interes kontrajarrien inguruan be'.
'Sorkuntza krisian' izenburupean, Igor Elortzak eta Gotzon Barandiaranek euskerazko sorkuntzearen oinarria aztertu dabe. Eta objektuetan atentzinoa jarri barik, subjektuei, hau da, artistei, zaleei eta antolatzaileei zentralidadea autortzea eta jagotea ezinbestekoa dala ondorioztatu dabe. Hortik abiatuta, euskerazko kulturgintzearen ardatza herri kulturearen ikuspegiak izan behar dauela aldarrikatu dabe, hau da, kulturearen ikuspegi antropologikoa.
Idazle katalan, galego eta euskaldunak batzen dituen alkarteak (AELC, AELG eta EIE, hurranez hurran) aspaldi hasi ziran urtean behin, txandaka, Galeusca antolatzen. Bilera horreek -orain arte 25 egin dira- esperientziak trukatzeko, literatureari buruz eztabaidatzeko eta danon arazoetan estrategiak adosteko balio izan dabe.
Galeusca 2009: 'Literatura txikiak, erronka handiak'. Egitaraua
- Barikua, urriak 9
20:00-21:00: Galeuscaren aurkezpena.
- Zapatua, urriak 10
09:00-11:30: Lan saioak, Gandiaga zentroan.
11:30-12:00: Atsedenaldia.
12:00-14:00: Lan saioak.
14:30: Bazkaria.
16:30-21:00: Lan saioak.
21:30: Afaria.
22:30: Kontzertu akustikoa: Ruper Ordorika eta Arkaitz Miner.
- Domekea, urriak 11
09:30-13:00: Bisita gidatuak, Arantzazun eta Oñatin.
17:30-19:15: Bisita gidatuak, Arrikrutzera eta Araotzera.
- Astelehena, urriak 12
12:00: Ekitaldia Gandiaga Zentroan: Galeuscako ondorioak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!