Japongo musikea, III. Mangamore Kultura Japoniarraren Jaialdiaren ardatza
2009-10-06 15:38 jardunaldiakMangamore eta Kultura Japoniarraren III. Jardunaldiak urriaren 8tik 12ra bitartean egingo dira Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan. Japongo musika mobimentuak eta estiloak izango dira edizino honetako ardatza.
Mangamore eta Kultura Japoniarraren III. Jardunaldiak urriaren 8tik 12ra bitartean egingo dira Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan. Japongo musika mobimentuak eta estiloak izango dira edizino honetako ardatza; erakusketak, berbaldiak, jolasak eta proiekzinoak, jardunaldietara hurreratzen diran guztiei Japongo musika estiloak eta generoak ezagutarazoteko, tradizinotik hasi eta musikarik modernoeneraino, gaur egun mendebaldean dauen eraginaren zenbaterainokoa aintzat hartuta. J-popa, J-rocka, Visual Key-a eta emo estetikea izango dira oinarri baina, halan da be, Japon klasikoak be eukiko dau bere tokia jardunaldiotan.
Orain dala hiru urte sortu zan ekimen hau Ametxen eskutik (Amorebieta-Etxanoko kultura erakundea), holako azpi-kultuakazko, biltzen dituen diziplinakazko eta beste diziplina osogarri batzuekazko gero eta interes handiagoa azaltzen daben gazteen eskaerei erantzuteko asmoagaz. Hiru urteotan haziz joan da jardunaldien oihartzuna eta eragina, sektorearen probintzia mailako erreferente bilakaturik. Mangamore jardunaldiek 6.000 bisitari izan zituen 2007an, eta joan dan urtean 8.000tik gora izan zirn bertaratutakoak. Bestalde, Mangamoreren web orria arakatzen 15.000 bisitaritik gora ibili dira sortu zanetik. Santanderreko, Madrilgo, Bartzelonako eta Zaragozako zaletuen asistentzia baieztaturik dago hirugarren edizino honetarako.
Gazteei eta, oro har, interesa erakusten daben guztiei, mundu honetan zer egosten dan erakustea eta gozarazotea da urriaren 8tik 12ra bitartean egingo diran jardunaldien helburu nagusia.
Jarduerak
Eguenean emongo jake hasierea jardunaldiei Kamikaze Factoryk (mangan espezializautako lehen diseinu eta ilustrazino estudioa) antolatutako manga marrazketearen ikastaroagaz eta ‘Manga Euskadin’ izeneko berbaldiagaz. Inaugurazino ofiziala, barriz, barikuan izango da. Ureshi maskotea ibiliko da jaiaren anfitrioi, eta lehenengoz entzun ahal izango da bertaratzen diranek igaz Jokin Lakalle zornotzarrak sortutako ‘Okaerinasai’ abestiaren bertsino barria, ‘Memoria de Pez’ taldeak eta Iratxe Etxeandiak eskainia.
Domekan, 20:00etatik aurrera, Cosplay edo YAMATO mozorroen lehiaketearen Espainiako finala izango da Zelaieta Zentroan, zapatuan aurre-aukeraketea egin ondoren.
Ondokoek be lekua izango dabe jardunaldietan: ohiko karaoke lehiaketak, koreografienak eta Fast Mangarenak... Zelaieta Zentroaren hallean ‘Japongo Telesailen Musika’ izeneko erakusketea izango da ikusgai. Erritmo-simulatzaileak be ezarriko dira: Dance Dance Revolution, Para Para Paradise, Pop N Music, Taiko No Tatsujin eta Betmania.
Beste behin, manga eta anime munduan adituak diranak etorriko dira Amorebieta-Etxanora berbaldietan parte hartzera. Aurtengoetan honako gaiak aztertuko dira: manga Euskadin, Japongo musikalak eta ekialdeko musikea. Idazketa tailerra emongo da barriro be, eta ikus-estetikan oinarritutako ileapaintze-zerbitzua eskainiko, igazko edizinoan arrakasta handia izan ebelako jarduera honeek. Horreekaz batera, manga-marrazketearen eta koloreztatze digitalaren ikastaroak eskainiko ditu Kamikaze Factoryk.
Kirolari jagokonez, Aikidoa eta ekialdeko bestelako burruka-arte batzuk, Samuraien arteko dueluak arma zuri bigunak erabilita, eta Japongo arte tradizionalen beste diziplina batzuetakoak. Animeen eta irudi errealen proiekzinoak be izango dira, bai eta jolas frikiak be, musika-lehiaketak eta mahai-jokoen eta rol-jokoen esparrua, bertaratzen diranen esku hamarnaka jolas izango dituana.
Japongo musikea
Musikea izango da Mangamore 09'ko ardatza eta oinarria. Estiloen abaniko zabalaz gozauko dabe zaletuek, bertan izango dituelako Japongo estiloen eta generoen eskaintza, J-pop, J-rock eta Visual Keytik hasita, emo estetikara, Japon klasikoa be aintzat hartuta.
J-pop neologismoa I-WAVE irratiak asmau eban 70. hamarkadan kayokyokuari buruz (Japoniako musika modernoa) berba egiteko batetik eta bestetik Japoniako musika tradizionaletik desbardintzeko. Genero honen gairik famatuenak animeko abestietan entzun daitekez, Dragon Ball, Bleach, eta naruto besteak beste.
ParaPara, barriz, J-Pop eta Eurobeatagaz loturiko masa-fenomeno bati esaten jako. Diskoteketan eskuak eta besoak mobiduta egiten diran koreografietan oinarritutako jantzan egiteko modua da. Kontua da ze ParaPara jantza estiloak munduko bideo jokalariak erakarri dituala Konami bideo-jolasen etxe japoniarraren 'ParaParaParadise' izeneko ParaPara jantza simulatzaile baten bidez.
Beste alde batetik, J-Rock rocketik eratorritako musika generoa da eta Japonen garatutakoa. J-Rock izena Rock ingeles Japoniarretik dator, eta gaur egun Japoniako kulturan mobimentu indartsuenetarikoa da. Genero honen barruan dago visul kei bere subdibisio ospetsuenetarikoa. Garai barri honetan J-Rockeko zenbait banda agertu dira rock punk-ek eta mendebaldeko metalak eragindakoak batez be.
Visual Kei estiloko taldeetako kideek, barriz, makillaje bitxia, forma dramatikoak dituen orrazkerak eta landutako jantziak erabilten ditue. Orain gitxi, talde horreetako batzuk hasi koloretsuagoa eta 'fantastikoa' dan estiloa erabilten hasi dira, eta ordenagailuko eta animeko rol jokoetan inspirau dira. Japoniako rockari buruz berba egiten danean, genero hau izango da beharbada esanguratsuena; izan be, gaur egun arte eragin handiena dauena baita, eta bere banda batzuek Europako herrialdeetan ospea lortu dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!