Ian McKellen-ek Donostia Saria eta Imanol Uribek Zinemira sariak jaso ditue
2009-09-23 15:55 BarriakDonostiako 57. Zinemaldiaren barruan, Imanol Uribe zuzendariak Zinemira Saria eta Ian McKellen-ek Donostia Saria jasoko ditue bart. Zinemira sariak euskal zinemaren arloan garrantzia dauen artista baten ibilbidea goraipatuko dau urtero. Saria emon ondoren, Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzenduriko 'La máquina de pintar nubes' filma estreinau dabe.
Ian McKellen (Burney, Ingalaterra, 1939)
Ian McKellen zinema, antzerki eta telebistako aktore britainiar handienetako bat da. Bere aldakortasunari esker rol oso desbardinak antzeztu ditu, Shakespeareren klasikoetatik hasita, gaur egungo super heroietara, eta egile zinematik, produkzino komertzialenetara.
Zinemaren arloan, McKellenen ospea honako rol honeei esker sendotu zan: Richard Loncraine zuzendariaren 'Richard III' (1995) filman eginikoa; Bill Condon zuzendariaren 'Gods and Monsters' (1998) filman antzezturiko James Whale zinema zuzendariaren rola -hari esker Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi eban Donostiako Zinemaldian-; eta Bryan Singer errealizadorearen 'Apt Pupil' (1999) filmko naziarena. McKellen protagonista eban beste film batek, Kenneth McMullen zuzendariaren 'Zina' (1985) lanak, hain zuzen, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban Donostiako Zinemaldian.
Sariz beteriko ibilbide luze eta oparoaren ondoren, eta Oscar sarietarako bi izentapen jaso ostean, ospe handia irabazi eban fantasiazko zinema barrian eginiko funtsezko bi roli esker: Magneto, Bryan Singer zuzendariaren 'X-Men' (2000) lanean, eta haren jarraipenetan, eta Gandalf, Peter Jackson zuzendariaren 'The Lord of the Rings' (2001) filmen sagan.
Imanol Uribe (San Salvador, 1950)
Euskal zinemak 70ko hamarkadearen amaieran izan eban gorakada garaian ezagutu genduan zuzendari garrantzitsuenetako bat da. Zuzendari lanez gan, gidoilari eta produktore moduan be ibilia da. 'El proceso de Burgos' (1979) lanagaz, Gaztelaniazko Film Onenaren Kantauriko Bitxia saria jaso eban Donostia Zinemaldian. Garaiko egoera politikoagaz loturiko 'La fuga de Segovia' (1981) eta 'La muerte de Mikel' lanen ondoren, beste genero batzuk landu ditu eta Espainiako zinema garaikidearen izenburu nabarmenenetako batzuk eskaini deuskuz: 'Adiós pequeña' (1986), 'El rey pasmado' (1991), biekaz Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra irabazi eban, 'Días contados' (1994) eta 'Bwana' (1996), edo 'Plenilunio' (1999) eta 'La carta esférica' (2007) idazlanen egokitzapenak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!