Guggenheim Bilbao Museoan Kontrauhina: 'Frantziako zinema barriena' irailaren 22tik 27ra

Bizkaie! 2009-09-21 18:26   Barriak

Ziklo berezi honetan, azken hamar urteetan Frantzian izan diran zinema jokera guztiak jorratuko dira: bildurrezko filmak, egile-zinema, gizarte gaiak jorratzen dituen filmak eta komedia baltza, berbarako.

Azken hamar urteetako Frantziako film adierazgarrien aukeraketea egongo da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan, Donostia Zinemaldiagaz lankidetzan irailaren 22tik 27ra: 'Frantziako zinema barriena', hain zuzen be; danetara, sei film eskainiko ditue (Abdellatif Kechiche zuzendariaren 'L’Esquive'; Jacques Audiard-en 'De battre mon coeur s’est arrêté'; Gaspar Noé-ren 'Irréversible'; Nicolas Philibert-en 'Être et avoir'; Laurent Cantet-en 'Ressources humaines' eta François Ozon-en 'Sous le sable'. Ziklo berezi honetan, azken hamar urteetan Frantzian izan diran zinema jokera guztiak jorratuko dira: bildurrezko filmak, egile-zinema, gizarte gaiak jorratzen dituen filmak eta komedia baltza, berbarako.

Zikloaren izenburuak surf giroan erabilten dan kontrauhina kontzeptuagaz loturea dauka, hau da, 'kontrako norabideetan dabiltzan olatu bi edo gehiagoren talka-indarra' kontzeptuagaz. Konparazino horren ildotik, atzera begirakoak 1960ko hamarkadako nouvelle vague (frantsesez olatu barria) mobimentuaren ondoriozko jokerak aztertzen ditu, izan be, horreek taiutu dabe Frantziako egungo zinema, Europan dan anitzenetakoa eta aldakorrenetakoa.

Nouvelle vague mobimentua 1950eko hamarkadearen amaieran hasi zan: Frantziako zinegile gazte batzuk –Godard, Truffaut, Chabrol eta Rohmer– bertako 1940ko eta 1950eko hamarkadetako zinema-egiturei kontra egin eutseenean. Oraingo kontrauhinan, barriz, egileak ez dagoz aurreko ezeren kontra, batzuk horretaz aprobetxetan baitira eta beste batzuek horren inguruko galderak egiten dituelako. Era berean, ez da mobimentu unitarioa; aitzitik, ikuspegi, modu eta norabide asko dagoz, kontrakoak izan daitekezanak.

Emonaldiak Museoko Entzungelan izango dira 19:30etan hasita. Sarrerak Museoko leihatiletan eta webgunean. Prezioak: 3 euro publiko orokorra eta 1,5 euro Museoaren Lagunak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu