Patrick Swayze aktore estadubatuarra hil da

Bizkaie! 2009-09-15 11:49   Barriak

'Patrick Swayze bakean hil da, familia alboan ebala, azken 20 hilabeteetan gaixotasunari aurre egin eta gero', adierazo dau aktorearen ordezkari Annett Wolf-ek. Dirty Dancing (1987), Ghost (1990) eta beste hainbat film ospetsuren protagonistea Los Angelesen (AEB) hil da 57 urte zituala.

Patrick Swayze aktorea, Dirty Dancing (1987), Ghost (1990) eta beste hainbat film ospetsuren protagonistea, Los Angelesen (AEB) hil da 57 urte zituala, pankrea-minbizi batek jota.

'Patrick Swayze bakean hil da, familia alboan ebala, azken 20 hilabeteetan gaixotasunari aurre egin eta gero', adierazo dau aktorearen ordezkari Annett Wolf-ek.

Swayzek ez eban inoiz amore emon pankrea-minbiziaren kontrako burrukan, gaixotasun horren biziraupen-tasa % 5ekoa baino ez bada be. 'Bildur naz, bai. Bildur naz, hasarratuta nago, eta zergatik ni? galdetzen deutsat neure buruari', esan eban urtarrilean AEBetako telebista-kate bati eskainitako alkarrizketa batean. Egun horretan, aurreikuspen onenek bost urteko bizitza emoten eutsela autortu eban.


Filmografia

Gaixorik egon arren be, aktoreak ez eutson inoiz lan egiteari itxi eta aurtengo maiatzean bere azken filma, Powder Blue, zuzen-zuzenean DVDan merkaturadu eben. Garagarrilean, (500) Days of Summer estreinau zan zinema-aretoetan, eta pelikula horretako 'She's Like the Wind' kantea berak sortu eban.

Dirty Dancing pelikulan egin zituan jantzakaz eta Ghost filman Demi Mooregaz izandako maitasun istorioagaz belaunaldi oso bat liluratu eban Swayzek. Lan horreetariko bakotxagaz izentapen bana jaso eban Urrezko Globoetan. Hirugarren izentapena To Wong Foo Thanks for Everything (1995) filmagaz etorri jakon.

Swayzen heriotzeak alargun itxi dau Lisa, haren emaztea. Bikoteak ez eban seme-alabarik izan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu