Ian McKellen ingelesak jasoko dau Donostia Saria hilaren 23an

Karolina Almagia 2009-09-11 13:06   Barriak
Donostia, zinemazale guztien helmugea

Urtero-urtero aktore baten ibilbide profesionala saritzen dau Donostia Sariak eta aurten Ian McKellentzat (Burnley, Ingalaterra, 1939) izango da ohorea. Shakespeareren klasikoak jorratu ondoren, aktore britainiarrak ospe handia lortu dau 'Eraztunen jauna' eta 'X-Men' lanakaz. Bi aldiz egon da izentauta Oscar sarietan, 'Eraztunen jauna' (2001) eta 'Gods and Monsters' (1998) filmakaz. Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi eban azken lan horregaz.

Iraila heltzen danean, zinemazale guztiok, musulmanak Mecara bezela, Donostiara begira jarten gara. Hilaren 18ko zabaltze egunaren zan, egitarua errepasetan dogu behin eta berriro, Kursaal inguruko kresal usaina gogorarazoz.

Behin Zinemaldira joan danak, hamaika aldiz errepetiduko dau esperientzia, adikzinoa sortarazoten dau eta. Gauza asko eskaintzen ditu holako jaialdi batek, berbarako, Donostian ikus daitekez zirkuito komertzialetan inoiz ikusiko ez doguzan filmak. Ehunka hizkuntza entzuten dira Zinemaldiko aretoetan, baita kulturak, generoak, musikak eta kolore desbardinak be.

Esan ohi da zinemazale arruntak uko egiten deutsola Sail Ofizialari eta beste ataletan jarten dauela atentzinoa. Aurten, barriz, badago galdu behar ez dan gauza bat lehiaketa atalean, Zinemaldiaren 57. edizinoa zabalduko dauen filma, hain zuzen: 'Chloe', Atom Egoyanena, Liam Neeson eta Julianne Moore protagonista dituana. Egoyan zuzendari kanadarra hizkuntza modernoaren barritzaile handienetako bat da, argi eta garbi itxi ebanez 'Exotica' (1994) bere film bikainagaz. Era berean, ezin da galdu lehiaketatik kanpo Sekzino Ofiziala zarratuko dauen beste promesa bat, 'Mother and Child', Rodrigo Garciak zuzenduta. García Marquezen semeak aurretik be erakutsi dau egungo zinemagilerik interesgarrienetako bat dala. Eta, tartean, danetarik izango dogu, beti bezela: festibaleko pelikulak —hau da, askotan garaikide izenpean aspergarri eta jasanezinak diranak- eta ezusteko onak. Beste zuzendari batzuk, atal ofizial honen barruan, kontuan hartzekoak: François Ozon ('Le refuge'), Juan José Campanella ('El secreto de sus ojos'), Fernando Trueba ('El baile de la victoria'), Isaki Lacuesta ('Los condenados') eta Javier Rebollo bilbotarra ('La mujer sin piano'). Kursaal handian, beraz, txaloak eta ostiko-jokak egiteko aukerea izango dogu, nazinoarteko kritikariekaz batera.

Oso bestelakoa da Zabaltegi saileko giroa. Hor, adituak baino gehiago, ikuslego gaztea batzen da. Kubo txikia egunero beteten da, institutuko gazteakaz zein ohikoa ez dan zinea ikusi nahi dauen jenteagaz. Errealizadore barrien tokia da eta oso polita izaten da une hori, pelikulea amaitu eta zuzendari eta aktoreak eszenatokira igoten diranekoa. Bat-batean, pantailan ikusi dozuzan pertsonaia horreek zure aurrean agertzen dira, hazur-haragizko gizaki moduan. Galderak eta hika-mikak hasten dira orduan eta oso momentu dibertigarri eta bereziak biziten dira.

Zabaltegi , barriz, zinemaldizaleen atalik maitatuena da, jakina danez. Gainera, sekzino horren barruan kokatzen da Zabaltegi-bitxiak azpiatala, eta hor ez dago erratzerik. Beste festibaletan sarituak edo txalotuak izan diran pelikulak aurkezten dira Zabaltegi-bitxiak horretan eta aurtengoa ezin erakargarriagoa izango da. Hasteko, Quentin Tarantinoren 'Inglourious Basterds' tituluagaz zabalduko da eta, esan behar da, zuzendaria eta Brad Pitt aktore nagusia be Donostian izango dirala. Beraz, glamourra eta zoramena ziurtatuta dagoz lehenengo astegoienean, behintzat. Eta aurrera begira, badirudi Zabaltegi-bitxiak ez dauela huts egingo: Woody Allen, Jim Jarmush, Bahman Ghobadi, Ang Lee, Jacques Audiard, Michael Haneke… izen handikoak danak atal horren barruan topauko doguz. Michael Winterbottomen eta Tom Dicilloren lanak, ostera, Bereziak azpiatalean eskainiko ditue.

Era berean, ikusmin handia eragin dauen 'Zorion perfektua' filma Zabaltegin proiektauko da. Andu Lertxundiren liburuan oinarrituta eta Anne Igarteburu protagonista dauela, Jabi Elortegiren film hau Zuzendari Berria sailaen botako dabe, Kubo Txikian.

Eta euskal zinemaren harira, aurtengo barria Zinemira deitzen da. Zinemira atal barri bat da Zinemaldiaren egitarauaren barruan. Bertan botako dira Euskal Herrian egin diran azken produkzino onenak, aukeraketa batzorde batek erabagita. Orain dala urte batzuk, atal hau pentsauezina izango zan, ez egozalako aukeratzeko moduko nahiko pelikularik. Aitor Mazo eta Patxo Telleria aktoreek zuzendu eta Bilbon errodau daben 'La máquina de pintar nubes' bertan erakutsiko da, Josu Martinezen 'Itsasoaren alaba' eta Arkaitz Basterraren 'Zinema eta Bizitza' bizkaitarren lanakaz batera, besteak beste.

Egia esan, oso zabala da Donostiako eskaintzea. Esan daiteke ikusle bakotxak bere gustuko filmak topauko dituala, bilatu besterik ez du. Atzera Begirako sailetan, berbarako, Frantziako Zinema Barriari eskainita dagoenaren barruan, oso titulu eta egile interesgarriak iragarri dira. Zer esanik ez Richard Brooks zuzendari amerikarrari dedikauta dagoen atalaz. Ezinbestekoa da aukera hori aprobetxau eta pantaila handian eta jatorrizko bertsinoan berrikusi 'Katemea zinkezko teilatu bero gainean' edo 'Key Largo' lako klasiko handiak, bi bakarrik aitatzearren.

Beraz, arazo bakar bat izango dogu Donostiara hurreratzen garenok, hilaren 18tik 27ra bitartean: ez dogu izango nahikoa ordurik nahi beste pelikula ikusteko. Sarrerak, 13an salgai. Adi egon.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu