Bederatzi euskal film Donostiako Zinemaldiko 'Zinemira' atal sortu barrian

Bizkaie! 2009-09-03 11:39   Barriak
Aurten, Imanol Uribe zuzendariak jasoko dau Zinemira saria

Zinemiran ikusgai egongo diran bederatzi film horreetatik sei Donostian estreinauko dira: Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzenduriko 'La máquina de pintar nubes'; Jose Martinezen 'Itsasoaren alaba' dokumentala; Arkaitz Basterraren 'Life and Film'; Andrea Olabarriaren 'Rough Winds'; Gorka Gamarraren 'Umurage' dokumentala, eta Juan Miguel Gutierrezen 'Zuzendu mesedez!' dokumentala.

Euskal Zinemaren Eguna gitxi zala eretxita, Euskal Herriko zuzendarien, eta berton produzidutako filmak Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama atalean ikusi ahal izango dira aurten. Era berean, Euskal Zinemaren Galari eutsiko jako, eta, aurten, hilaren 23an, Imanol Uribe zuzendariak jasoko dau Zinemira saria.

Mikel Olaziregi, Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, sail berriaren aurkezpenean adierazo dauenez, 'euskal zinemak garrantzia handiagoa izango dau orain Zinemaldiaren barruan, beste edozein zinematografiaren ainakoa'. Zinemirako filmek jaialdiko beste ataletakoek jasoten daben tratamendu bera izango dabe, eta bederatzi egunez egongo dira ikusgai Antzoki Zaharrean eta uriko beste hainbat zinema aretotan. Donostian estreinetan diranak hiru aldiz emongo ditue egunero, aurrez estreinautakoak, barriz, bitan.

Atala sortzeak, era berean, galbahe bat ezarriko deutse euskal filmei, eta, aurrez, aukeraketa prozesu bat izango da. Aurten hogeita hamabi lan ikusi ditu aukeraketa batzordeak, eta bederatzi aukeratu. Olaziregik azaldu dauenez, Zinemaldian egon ahal izatea akulua izan behar dau euskal filmeentzat.

Zinemiran ikusgai egongo diran bederatzi film horreetatik sei Donostian estreinauko dira: Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzenduriko 'La máquina de pintar nubes'; Jose Martinezen 'Itsasoaren alaba' dokumentala; Arkaitz Basterraren 'Life and Film'; Andrea Olabarriaren 'Rough Winds'; Gorka Gamarraren 'Umurage' dokumentala, eta Juan Miguel Gutierrezen 'Zuzendu mesedez!' dokumentala. Aurrez estreinautako beste hiru filmek osotuko dabe saila: Aizpea Goenagaren 'Sukalde kontuak', Fermin Muguruzaren eta Javier Corcueraren 'Checkpoint' Rock dokumentala eta Robert Castonen 'Ander'. Era berean, Zinemiran Kimuak 2009 film labur bildumako alerik onenak be ikusi ahal izango dira.

Beste alde batetik, Euskal Zinemaren Galari eutsi arren, aurten sari bakarra banatuko da, Zinemira saria. Olaziregiren ustez, beharrezkoa zan omenaldiak bateratzea; bardin omendu ahal izango dau ibilbide oso bat edo egitasmo barritzaileren bat. Aurten, nahiko argi egoan, 'La muerte de Mikel'-ren estreinuaren 25 urte beteten diranean, saria Imanol Uribek jaso behar ebala.

Sariaren epaimahaia EJko Kultura Sailak, EITBk, Ibaia eta APV produkzino etxeetako alkarteek eta Zinemaldiko aukeraketa batzordeak osotu dabe. Olaziregik adierazo dauenez, aurten Uribe adostasun handiz aukeratu dabe: 'Euskal Herrian jaiotakoa ez bada be, ibilbidearen zati handi bat Euskal Herrian garatu dau, 'La fuga de Segovia', 'La muerte de Mikel' eta 'El proceso de Burgos' filmakaz. Imanol Uribe (San Salvador, 1950) euskal zinemak 70ko hamarkadearen amaieran izan eban gorakada garaiko zuzendari garrantzitsuenetako bat da. Zuzendari lanez gan, gidoilari eta produktore lanetan be ibili izan da. 'El proceso de Burgos' (1979) filmagaz Gaztelaniazko Film Onenaren Kantauriko Bitxia saria jaso eban Donostia Zinemaldian. Garaiko egoera politikoagaz loturiko 'La fuga de Segovia' (1981) eta 'La muerte de Mikel' lanen ondoren beste genero batzuk landu ditu eta Espainiako zinema garaikidearen izenburu nabarmenenetako batzuk eskaini deuskuz: 'Adiós pequeña' (1986), 'El rey pasmado' (1991), biekaz Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra irabazi eban, 'Días contados' (1994) eta 'Bwana' (1996), edo 'Plenilunio' (1999) eta 'La carta esférica' (2007) idazlanen egokitzapenak.

Saria hilaren 23an jasoko dau Uribek Victoria Eugenia antzokian egingo dan Euskal Zinemaren galan eta 'La maquina de pintar nubes' filma ikusi ahal izango da aurretik. Zinemaldiko aukeraketa batzordeari film hori begitandu jakon egokiena galarako.

Zinemiraz gan, euskal zinemagintzeak Zinemaldian tartea eukiko dauela gogoratu dau jaialdiko zuzendariak, eta beste sail batzuetako hiru film aitatu ditu; bi Zabaltegi atalekoak, Javier Elortegik zuzenduriko 'Zorion Perfektua', eta 'Ori' koprodukzino euskal-georgiarra. Hirugarrena 'Yo también' filma da, jaialdiko sail ofizialean lehiatuko dana, Alvaro Pastorrek eta Antonio Naharrok zuzendu, eta Koldo Zuazuak produzidutakoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu