Webgune bat eta zenbait ekimen Montxo Armendarizen Tasio filmaren 25 urteak ospatzeko

Bizkaie! 2009-08-25 10:52   Barriak

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZIren) bitartez, webgune berezi bat (www.tasio25.com), erakusketa bat eta egitarau potoloa tarteko dala ospatuko da datorren irailean 'Tasio' filma errodau eta estreinau zaneko 25. urteurrena.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZIren) bitartez, webgune berezi bat (www.tasio25.com), erakusketa bat eta egitarau potoloa tarteko dala ospatuko da datorren irailean 'Tasio' filma errodau eta estreinau zaneko 25. urteurrena. Montxo Armendarizek 1984ean zuzendu eban lan honen ospakizunetan Lizarran egingo diran erakusketea, errodaje taldeari egingo jakon omenaldia (Irailaren 5ean, Lizarran), eta Bakedaon egingo dan bazkari herrikoia (Irailaren 6an, Bakedaoko pilotalekuan) nabarmendu daitekez.

Erakusketea Lizarrako Kultura Etxean egongo da ikusgai irailaren 5etik 20ra, filmaren artxibo materiala erakutsiz, besteak beste, errodajeko argazkiak, gidoia, story board-a eta bestelako dokumentazinoa. Gainera, erakusketan 'Tasio' filma eta 'Nafarroako ikazkinak' dokumentala jarriko ditue; azken dokumental hau be Armendarizek berak egin eban 1981ean.

Bestetik, filma egin eban talde tekniko eta artistikoa omentzeko jaia irailaren 5ean egingo dabe, arratsaldeko 19.00etan, Lizarrako Golem zineetan. Sarrerea dobakoa izango da. Filmeko eszenak jarriko ditue eta pelikulako protagonistak eta bertaratutako jentea harremanetan jartzen saiatuko da Kilkarrak antzerki taldea. Han izango dira Elias Querejeta eta Montxo Armendariz. Baita talde artistikoko bi protagonistak, Patxi Bisquert (Tasio) eta Amaia Lasa (Paulina), eta Jose Mari Asin (Luis), Paco Sagarzazu (guarda) eta Txema Blasco (Angel) ere. Horreez gan, Tasio eta Paulina edade desbardinetan interpretau zituen aktoreak bertaratuko dira. Talde teknikoari jagokonez, ekitaldian egongo dira, besteak beste: Jose Ramos Paino (zuzendariaren laguntzailea), Alfredo Mayo (kameralaria) eta Angel Illarramendi (filmeko musikaren egilea).

Ekitaldiaren helburua omenaldia egitea da filmean parte hartu eban jente anonimoari, hau da, Ameskoa eta Lana bailaretako herrietako jenteari. Herri horreetan ordurako baeuken zinean eskarmentua, lehenago be filmak egin zituelako han: Richard Lesterrek, 1977an, 'Robin eta Marian' filmaren eszena batzuk bertan egin zituan, adibidez. Tasio filmaren oinarria, barriz, benetako persona bat da: Anastasio Ochoa ikazkina. Bestalde, filma jarduera zehatz bati, egur-ikazkintzeari, buruzkoa da.

Baina urteurrena ospatzeko herri bazkaria ere egingo dabe, irailaren 6an, Bakedaoko frontoian. Izan be, pelikularen eszena batzuk han filmau zituen. Bazkarirako txartelak jarri ditue salgai, 25 euroan, Zudairiko eta Eulateko Rural Kutxan eta Nafarroako Aurrezki Kutxan. Bazkaria 'La Orquestina del Valle' musika taldeak girotuko dau. Bakedaon jaiak izango ditue asteburu horretan eta, horregaitik, eguna alaitzeko jarduerak egingo ditue, eguerdiko 12.30etatik aurrera. Besteak beste, aspaldiko haur jolasak eta lanbide tradizionalei buruzko azoka bat jarriko ditue; azokan ikusgai egongo dira, esaterako, txondor bat, txarri hilketarako tresnak, latsariak eta legez kanpoko txankuen erakusketa bat. Era berean, taloak, gaztaia, odolki zuriak eta lukainkak egiten ikasteko tailerrak egongo dira; baita xaboia egiteko, larrua eta artilea lantzeko eta egurra moldatzeko tailerrak be. Hori guztia gaitariek eta erraldoi dantzariek alaitua.


Tasiori buruzko liburua eta Cahiers du Cinema-ren ale berezia

NIAZI Fundazinoak akordio bat adostu dau 'Cahiers du Cinema' aldizkariagaz, iraileko argitalpenean filma gogoratzeko eta aztertzeko koaderno berezi bat egin daien; koaderno hori Donostiako Zinemaldian banatuko dabe. Dossier horretan sartuko ditue, berbarako, filmaren zuzendariagaz eta taldeko kideakaz egindako elkarrizketa bat, filmak estaduko 80. hamarkadako zineagaz eta Europako erro antropologikodun beste pelikula batzuekaz dauen lotureari buruzko azterlan bat, eta Montxo Armendarizen zinearen errepaso bat.

Gainera, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo departamentua pelikulearen filmazinoari buruzko liburu bat preparetan dabil, irudi eta dokumentu argitarabakoakaz.

Montxo Armendarizek 1984an zuzendu eban 'Tasio'; produktorea Elias Querejeta izan zan. Filmak hogei sari jaso zituan, besteak beste, zilarrezko maskorra, Fipresci saria eta Gipuzkoako Ateneoa saria Donostiako Zinemaldian; sari nagusia Biarritzeko Zinemaldian; eta urrezko plaka berezia Chicagoko Zinemaldian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu