Zortzi euskal film labur izango dira Kimuaken 2009ko katalogoan
2009-07-27 11:51 BarriakKimuak programea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dabe eta aurtengo edizinorako aurkeztutako 63 film laburretatik zortzi aukeratu ditue. Aurten, bi genero nabarmentzen dira beste guztien gainetik: komedia eta dokumentala
Kimuak programea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dabe eta aurtengo edizinorako aurkeztutako 63 film laburretatik zortzi aukeratu ditu honako honeek osotutako epaimahaiak: Peio Aldazabal (Euskadiko Filmategia), Joxean Fernández (Nanteseko Espainiako zinemaren jaialdia), Juanmi Gutiérrez (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, dokumentalistea), Lucía Olaciregui (Donostia Kultura eta Donostia Zinemaldia) eta Annette Scholz (Alcalá de Henareseko zinema jaialdia). Aurten be gora egin dau jasotako film laburren kopuruak, eta gainditu egin dau giazko errekorra (52 film labur). Azken aukeraketeari jagokonez, barriz, aurten bi genero nabarmentzen dira beste guztien gainetik: komedia eta dokumentala. Aurtengo Kimuak programaren barruan ez dira drama edota animazinoa jorratuko. Era berean, nabarmentzekoa da aukeratutako bi film labur euskeraz filmauta dagozala, eta bat ingelesez.
Urteroko moduan, errealizatzaile barriak izango dira aurreko edizinoetan partaide izan diranakaz batera. Holan, Koldo Almandoz, Telmo Esnal, David González edota Nacho Vigalondo zinemagileez gan, orain arteko edizinoetan parte hartu ez daben beste batzuk be izango dira: Alejandra Márquez, Oriana Alcaine, Anartz Zuazua, Iban Del Campo eta Jorge Rivero.
Katalogoa '5 recuerdos' film laburragaz hasten da, Oriana Alcaine donostiarrak eta Alejandra Márquez mexikarrak egina. Kontakizun eder horrek sukaldaritzako errezeta bat dauka ardatz, eta oroitzapenari, maitasunari, saminari eta bizitzari buruzko istorioa azalduko deusku. Bigarren film laburra esperimentu bisual bitxia da, umore faltarik ez dauena; Koldo Almandoz donostiarrak zuzendu dau, eta MK Filmak etxeak produzidu. 'Ahate pasa' filmak ahateek zinemaren historian izan daben benetako rola aztertzen dau, euskeraz, gainera. Hurrengo film laburra Telmo Esnalen 'Amona Putz!' komedia da, euskeraz egina hau be. Filma kanpin batean larri dabilen familia baten kontakizuna da, ezohiko amumaren laguntzinoa beharko dauena umeak kontroletako. Laugarren film laburra aurten aukeratutako dokumentaletako lehenengoa da. 'Dirty Martini' Iban del Campo donostiarrak zuzendu eta produzidutakoa, eta burlesque kutsuko giroan (eguneratutako kabaret erotiko moduko bat) New Yorken errodatua eta pin-up bitxi batek antzeztua. Bosgarren film laburra beste komedia bat da, eta horrek be adinekoak ditu protagonista. 'Él nunca lo haría' aktore lanetan ezaguna dan Anartz Zuazuak zuzendutako eta produzidutako lehen laburra da. Aitite-amumak konpainiarako animalia moduan agertzen jakuz bertan, eta ibilbide laburra izan badau be, jaso dau saririk Medina del Campoko zinema jaialdian eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Haren ostean, fantasia generoa jorratzen dauen film labur bat daukagu, David González bilbotarrak egina eta produzidua: 'Los que lloran solos'. Isolatutako baserri bateko protagonistak bizien eta hilen munduen artean ibiliko dira. Azken-aurreko film laburra Nacho Vigalondo errealizatzaile bikainaren obrea da, Arsénico Producciones etxeak produzidutakoa. 'Marisa' espazioa eta denpora kontzeptuen erlatibitatea oinarri dituan abiapuntua da, eta parametro horreek aldatzeak gizakiarengan aldaketa handiak eragiten dituala adierazoten dau. Katalogoa amaitzeko, aukeratutako bigarren dokumentala daukagu, 'La presa' izenekoa, Jorge Riverok zuzendua eta Bizkaiko Aprieta Fuerte etxeak produzidutakoa. Memoria jorratzen dau film labur horrek: garai batean izandako mundu bat aurkeztuko deusku, gaur egun hondarrak eta oroitzapenak bakarrik gelditzen badira be.
Datorren irailean aurkeztuko ditue film labur horreek Donostiako Zinemaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!